}

Apoarmatu korrontezalea, bere buruaren bizkarzaina

1996/12/01 Elosegi Irurtia, Migel M. Iturria: Elhuyar aldizkaria

FITXA TEKNIKOA
Apoarmatu korrontezalea

Beste hainbat umeri bezala, niri ere dortoka bat oparitu zidaten txikitan, sei urte bete nituen egunean, oker ez banago. “Bixkor” izeneko dortoka hura, errekara jolastera joaten ginen guztietan eramaten nuen eta gaizki lotuta utzi nuen batean, alde egin zidan. “Lasai Miel Mari, azalduko da eta” esaten zidan amak, “pake ederra emango du” pentsatzen zuen bitartean. Baina “Bixkor” ez zen sekula azaldu. Zer egin ote zuen auskalo nondik ekarritako auskalo zein espezieko animalia hark? Auskalo!

Apoarmatu korrontezalea ur-inguruetan bizi den kelonioa da. Izenak adierazten duenez, ur mugikorretan bizi daiteke.

Egia esan, artikulu hau idazten hasi nintzen arte ez nuen inoiz apoarmatu izena entzun, eta bizkarraldea eta sabelaldea oskolez bilduta zuten narrasti guztiei dortoka esaten nien. Ez bada! Ur gezatako dortokei apoarmatu deritze eta, dortoken antzekoak diren arren, uretarako moldaturiko gorputza dute eta oskola zapal samarrekoak dira. Apoarmatuak zein dortokak kelonioen ordenean sailkaturik daude eta azken 200 milioi urteotan gure planetan bizirautea lortu dutenez, arrakasta handia izan dutela esan dezakegu. Baina ba al dago keloniorik hemen? Ikusi dugun bezala, baliteke alde egin edota norbaitek askatutako ale arraroren bat edonon egotea, baina espezie exotikoez gain, inguru hauetan bi apoarmatu-espezie bizi dira: apoarmatu istilzalea ( Emys orbicularis ) eta apoarmatu korrontezalea ( Mauremys leprosa ).

Apoarmatu korrontezalea 20 cm inguruko ur gezatako dortoka dugu. Gainontzeko kelonioetan bezala, oskol hori adarkiz estalitako hezurrezko plakez osaturik eta bizkarrezur-ornoei eta saihetsei lotuta dago. Estalki honek arriskuen aurrean defentsa bikaina ematen die eta harrapariez babesteko, oskolaren baitan ezkuta ditzakete burua eta gorputzadarrak. Abantaila hauez gain, ordea, estalki zurrun batean sartuta egoteak mugitzeko gaitasuna mugatzen dio apoarmatuari eta oztopo hau lepoaren mugikortasunarekin gainditzen du hein handi batean.

Apoarmatu istilzaleak ez bezala, korrontezale gazteak gila nabarmena du oskolean eta helduen kasuan, oskolaren atzekaldean. Halaber, oskolean plaka inginalak izatea eta ale askok, algen infekzioren batek eraginda, higadurak agertzea bere bereizgarriak dira. Gaitz honek kasu batzuetan plakaren baten erorketa eragiten duenez, erderaz, “lepraduna” izenaz ezagutzen dute. Bestalde, ia orbanik gabeko kolorazio arre grisaska edota berdeska dute buru eta alde dortsalean eta horiska azpialdean. Lepoan eta aurreko hanketan, berriz, laranja koloreko arrastoak dituzte.

Izenak dioen bezala, apoarmatu korrontezalea ur mugikorretan bizi ohi da, baina baita zingira eta putzuetan ere. Ehiztari fina, hortzarik ez duen arren moko sendoaz baliatzen da arrainak, anfibioak eta uretako ornogabeak atzemateko. Halaber, ez die muzin egiten hildako arrain edo bestelako sarraskiei eta, tarteka, ibai-bazterreko landaretaz ere elikatzen da.

Oskolak, babes bikaina ematen dio harraparien aurrean.

Jakina denez, narrasti hauek uretatik kanpo motel samarrak dira eta aurreko hankekin tira eta atzekoekin bultza eginez ibiltzen dira. Uretan, ordea, arras aldatzen da ibilera hau. Hanka palmatu luzeak arraunen gisara erabiliz, igerian zein urpean ezinhobe eta bizi-bizi mugi daitezke. Bestalde, bizimodu lasaia dute eta patxada ederrean eguzkia hartzea gustatzen zaie. Motel antzak izaki, harraparien sabelean maiz bukatzen dutela pentsa genezake, baina, dirudienez, gizakiaz gain etsai gutxik lortzen du oskolaren babesa gainditzea. Gainera, etsairen batek zirikatzen duenean uzkiko usain nazkagarrizko txorrotada bota dezake bakean utz dezan.

Udaberri hasieran arrak emeengana hurbildu eta uretan parekatzen dira. Nahiz eta zeregin honetarako gorputz zurrunak erraztasun handirik eman ez, arraren oskolaren azpialdea arinki ahurra izaten da emearen bizkar ganbilera igo ahal izateko. Udaberri bukaeran edo udan, emeak ibai-bazterrean hanketako azkazal sendoak erabiliz zulo bat egiten du eta bertan 5-10 arrautz erruten ditu. Ondoren, erruketa kontu handiz lurrez estaltzen du eta honekin batera amaitzen dira gurasoen ugalketa-lanak. Arrautzak lurpean txitatzen dira eta hilabetearen buruan, muturraren puntan duten konkorra erabiliz, 5-6 gramoko pisua eta 3 cm inguruko luzerako kumeek arrautzaren oskola puskatzen dute. Munduratzen direnetik inoren laguntzarik gabe moldatu beharko dute hauek.

Animalia hauek biziraupen luzekoak dira oso. Ikusi ahal izan denez, bakar batzuk 70 urte betetzera hel daitezke, baina batezbestekoa askoz ere txikiagoa da, 25 urte ingurukoa edo. Hala ere, urtean zehar bolada luzez geldirik egon daitezke. Negu gorrian normalki lokatzpean gordetzen dira eta lehorte-garaietan ere antzeko jokaera izan dezakete.

Banaketa-mapan irudikatutako bi eskualdeetan, bertako populazioak daudela uste da. Gainerakoan, zenbait ale topatu diren arren, ez dago argi autoktonoak diren ala ez.

Banaketari dagokionez, apoarmatu korrontezalea espezie mediterraniarra dugu. Iberiar Penintsulako zati handian bizi da eta, gainera, Jugoslabia ohia eta Bulgariako hegoaldean, Afrikako iparmendebaldean eta Asiako hegomendebaldean ere. Euskal Herrian duen banaketaz, berriz, ezer gutxi dakigu. Baieztatu diren aipu gutxi daude eta batzuk Iruñea bezalako inguru gizatiarretakoak dira. Honelakoetan zuhurtasun handiz jokatu behar denez (alde egindakoak edo askatutakoak izan baitaitezke), adituen ustez bi lekutan daude apoarmatu korrontezalearen bertako populazioak: Ebro ibaiaren inguruan eta Nafarroa eta Lapurdi arteko eskualde batean. Bigarren hau harrigarri gerta dakiguke, kantauriar aldean dagoelako, baina altuera baxuko eskualde epel eta egokia da hau ere. Edozein modutan, informazio berria jaso ahala (jasotzen bada) osatu ahal izango da narrasti berezi honen banaketa-mapa.

Azkenik, animalia honek paira ditzakeen arazo nagusiak aipatuko ditugu. Batetik, hezegune guztiek eraman duten martxa kaxkarra azpimarratu behar da, putzuak lehortu, urak kutsatu eta ibai-bazterreko landaretza desagertarazi delako. Bestalde, jadanik aipatutako sartzapenak ditugu. Hauek normalki kaltea eragiten dute, gaitzak zabal ditzaketeelako, jatorrizko banaketa aldarazi, eta ale basatiekin nahastuz bertako populazioaren berezitasun genetikoa galarazten delako. Sartzapenak eta aleen ehiza kontrolatzea eta hezeguneen babesa, beraz, beharrezkoak lirateke animalia ezezagun eta interesgarri hauek mantentzeko.

Espeziea: Mauremys leprosa
Familia: emididoak
Ordena: kelonioak
Klasea: narrastiak

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia