
Asiako suge bat da irudikoa. Rhabdophis tigrinus du izena, eta pozoitsua den galdetzen baduzue, erantzuna baiezkoa eta ezezkoa da. Hori nola litekeen? Bada, berez suge horrek ez du pozoirik ekoizten, baina apo pozoitsuak jaten dituenean, apoaren pozoia gorde egiten du bere burua defendatzeko.
Ikertzaileek ikusi dute sugeak ez badu aporik jaten pozoirik ere ez duela. Apoak jaten baditu, ordea, nola ez dakite, baina apoaren pozoia digestio-aparatutik lepoaren atzealdean dituen guruin batzuetara pasatzen da. Eta arranoren batek eraso egiten dionean, aurre egiten dio guruin horiek puztuta, eta arranoak zauritzen badu, pozoia askatu egiten da. Pozoirik ez duen sugeak oso bestelako jarrera du arranoaren aurrean: hanka egiten du.
Argazkia: Deborah A. Hutchinson.
Rementeria Argote, Nagore
Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian erredaktore lanak egiteaz gain, irratian ere aritu izan da: aurkezle gisa egin zituen hainbat urte Euskadi Irratiko Norteko Ferrokarrillean Guillermo Roarekin batera. Gaur egun Teknopolis telebista-saioko erredaktorea da, ETBrentzat Elhuyar Fundazioak ekoizten duen saioan.