}

Apoak ipuinetan baino ez

2004/11/07 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Apoari musu eman eta printze bihurtu zen. Apo guztiak printze bilakatzen ari ote dira bada? Izan ere, geroz eta apo gutxiago dago; eta igelak, uhandreak eta gainerako anfibioak ere gutxitzen ari dira. Baina ipuin honek ez dauka bukaera zoriontsua izateko itxurarik, eta sorgin maltzurra gizadia bera da, zalantzarik gabe.
Mundu osoko igelen populazioa asko txikitu da azken urteotan.

Munduko lurralde gehienetan gertatzen ari omen da: anfibioak geroz eta urriagoak dira. Ur-putzuetako igeltxoak, azal pikordun apoak, mendialdeko uhandreak... izaki bereziak dira, eta gizakiak eragindako aldaketek asko eragiten diete, antza.

Mundu osoko datuak jaso berri dituzte, eta ondorio garbi batera iritsi dira: Lurreko anfibio-espezieen herena desagertzeko arriskuan dago. Eta, gainera, horren arrazoiak ez daude oso garbi. Hamaika faktorek eragin dezakete anfibioak desagertzea, baina baliteke horietako asko oraindik gizakiok ez ezagutzea, nahiz eta eragile nagusia gizakia bera dela uste izan.

Putzurik ez, anfibiorik ere ez

Anfibioak desagertzeko arriskuan egoteko arrazoi nagusia habitataren suntsipena izan daiteke. Euskal Herrian bertan nabarmena da gizakiak anfibioen bizilekuak kolonizatu dituela. Ikus daiteke urte batzuetatik hona izan den aldaketa: padurak eta bestelako hezeguneak lehortu eta etxebizitzak, industriaguneak eta abar eraiki dira. Ingurune horietako jatorrizko bizidunen habitata desagertu egin da kasu askotan.

Bizileku gutxiago dutenez, geroz eta apo eta igel gutxiago dago, eta gainerako anfibioen egoera ez da hobea. Gizakiak lehortu ez dituen hezeguneetan oraindik espezie arruntenak —gogorrenak— bizi dira, baina espezie berezien egoera larriagoa da; zuhaitzetako igela bezala, beste hainbat espezie galdu egingo lirateke babes-neurri zorrotzak hartu ezean.

Arrautza horietatik zenbat iritsiko dira apo heldu izatera?
J.R. Aihartza

Eta Euskal Herriko anfibioen egoera mundu osokoen isla ere bada. Izan ere, 70eko hamarkadatik hona ehun bat anfibio-espezie desagertu direla munduan uste da. Larriena da, gainera, arriskuan dauden espezie asko itxuraz habitat aberatsetan bizi direla, gizakiaren eraginetik urrun dauden horietan, alegia, -oihan tropikaletan, esaterako-. Baina adituek ez daukate garbi zergatik urritu diren hainbeste hain ugariak ziren espezie batzuk.

Hamaika arrisku

Anfibioak arriskuan egotearen zergatiak bilatzen hasita, habitataren suntsipena da faktore nagusia, baina beste hainbat ere badaude, noski. Kontuan izan behar da anfibioek oso larruazal berezia daukatela —mukosa antzeko bat da—, eta arnasa hartzeko erabiltzen dutela. Azal hori lehortzen bada hil egiten da igela, uhandrea, edo dena delakoa. Horregatik, anfibioak oso sentikorrak dira klima-aldaketekiko.

Berotze globala egunero da hizpide, eta pentsatzekoa da berotze hori nabaritu duten lehenengoetakoak anfibioak izan direla. Klima beroagoa bada, putzuetako ura lehortzen joaten da, eta sakonera txikiagoko putzuetan bizi behar izaten dute anfibioek, edo gutxienez haien larbek eta apaburuek, eta ur ertzeko landaredia ere gutxitu egin daiteke. Ondorioz, babes gutxiago daukate; batez ere Eguzkitik iristen den erradiazio ultramoreak indar handiagoz jotzen die, eta horrek sistema immuneari edo hazkuntzari eragin diezaieke.

Uhandreak ere ez daude salbu gizakiaren mehatxutik.
J.R. Aihartza

Anfibioen azal sentiberari erraz egiten die eraso Eguzkiko izpi indartsuek. Eta kontuan izaten bada hezegune asko produktu kimikoz poluituta dagoela... anfibioek etorkizun ederra dutenik ezin esan. Hala, babestutako guneetatik kanpo, populazio osasuntsu askorik ez dago. Lur-eremu zabaletan bizi ziren anfibio asko putzu jakin batzuetara mugatuta daude, eta, beraz, genetikoki aniztasun txikia egoten da anfibio-komunitate horietan.

Eta gizakiak zeharka kalte gehiago ere egin die; izan ere, doan tokira doala kanpoko espezie batzuk eramaten ditu. Espezie horietako asko animalia harrapariak dira, eta mesede gutxi egiten diote tokiko anfibio-familia txikiari. Jaiotza-heriotza oreka hamaika eratara hausten da; izan ere, gizakiak gaixotasunak ere eramaten ditu berekin.

Tamalez, ikertzaileek, fede onez ibilita ere, kalte egin izan dute, ezagutzen ez zituzten gaixotasunak eramanez. Gizakiarekin sekula harremanik izan ez zuten espezie batzuek jasan zuten arduragabekeriaren ordaina: espezie berriak aurkitu eta lasterrera, desagertzeko arrisku bizian zeuden, espezie horietako asko oso ugariak ziren arren aurkitu zituztenean.

Gizakiak lehortu ez dituen hezeguneetan oraindik espezie arruntenak –gogorrenak– bizi dira.

Gaixotasun horien artean, herpetologoak (anfibioetan adituak) gehien kezkatzen dituztenak onddo kritidioen infekzioak dira. Onddo horiek anfibioen azalean txertatzen dira eta arnastea eragozten diete. Dirudienez, gainerako faktoreek, hala nola berotze globalak eta erradiazio ultramoreak, onddo horien zabalkundea erraztu dute.

Hori dela eta, gaur egun oso higiene-neurri zorrotzak betetzen dituzte adituek anfibio-talde batera gerturatzen diren bakoitzean. Besteak beste, desinfektatutako materiala erabiltzen dute, ez da sartzapenik egiten eta anfibioekin lan egiteko protokolo bat abian da. Hala ere, ikusteko dago nahikoak izango ote diren neurri horiek guztiak anfibioei kalte gehiago ez egiteko.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia