}

Antton Azkona: "Hondakinak etorkizuneko eta orainaldiko meatze berriak dira"

2000/10/01 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Europako Batzordeak eta Birziklatze Industriak 1998an izandako bileretan birziklatzeari buruzko bilkura luze eta zabala egin beharra agerian geratu zen eta luze gabe lanari ekin zitzaion. Urtebete geroago Birziklatze Foroa jarri zuten martxan eta, bertan, Antton Azkonak parte hartu zuen. Hain zuzen, bera izan zen amaierako txostena idazteko arduraduna.

Zeintzuk bildu zineten Birziklatze Foro hartan?

Foroan 15 industri sektorek parte hartu zuten, batik bat birziklatzeari zegozkienak (altzairua, plastikoa, papera, beira etab.) eta baita ere manufakturari ekiten diotenak (automobilak, pilak, eraikuntza). Europako Batzordea osatzen duten Estatuetako ingurugiro eta industria ordezkariak ere han egon ziren eta gobernuz kanpoko hainbat talde ekologista ere bai.

Birziklatze-industria esanguratsua al da Europan?

Bai, noski, nik esango nuke birziklatze-industria ia guztia dela gaur egun; esaterako, ekoizten den burdinaren % 50 eta bestelako metalen, (hau da, kobrea, nikela edo aluminioaren) % 43, batez beste, birziklatua da. Paperaren kasuan zifrak handiagoak dira, % 50etik gorakoak. Eta berdin beirarentzat. Plastikoak, pneumatikoak edo olioa eta antzeko produktuak, berriz, arazo tekniko eta ekonomikoak direla medio atzean geratzen dira. Hala ere, birziklatzea ia sektore industrial guztietara zabalduta dago gaur egun. Birziklatze-industria erabili gabeko lehengaiekin zuzeneko lehian dabil eta, neurri batean, horiek ordezkatzen ari da. Hondakinak etorkizuneko eta oraingo meatze berriak direla esan daiteke.

Eta lehiakorra al da?

Hain zuzen horretaz mintzatu ginen Birziklatze Foroan, industria horren lehiakortasunaz. Argi dago gaur egungo sisteman lehiakorra ez denak ez duela aurrera egingo eta birziklatze-industria ez da salbuespena. Baina zergatik ez da lehiakorra? Edo zergatik sektore batzuk badira eta beste batzuk ez? Hori da gakoa, hori guztia aztertzea. Kasu honetan argi ikusi dugu bi birziklatze-industria mota daudela. Alde batetik jadanik lehiakor direnak daude, merkatuko indarrek sortuak, hau da, ingurugiroa zaindu behar horretatik at sortuak. Talde horretan ditugu burdina eta bestelako metalak batetik, eta papera eta beira bestetik. Lehen biek era autonomoan funtzionatzen dute, baina azken biek, nahiz eta lehiakorrak izan, parte-hartze publikoa behar dute; hau da, bildu, garraiatu eta banatu egin behar dira eta horretarako udalen laguntza behar izaten dute. Gero eraikuntzaren, plastikoen eta erabilitako olioaren sektoreak daude, mota guztietako zailtasunez josiak. Biltzeko, materialak banatzeko edo teknologia aplikatzeko arazoak dituzte eta, horien gainetik, merkatu-arazoak. Birziklatzea ez da nahikoa, saldu egin behar da gero. Azken hauek dira materialak birziklatzeari dagokionez orain agertzen ari diren sektoreak.

Lehiakortasunaz ari garela, foroak hainbat proposamen egin ditu horren inguruan. Laburbilduko al zenizkiguke?

Agertzen ari diren sektoreen ahulezia nabaria bilketa-sistemak dira eta honetan admistrazioak eta herritarrok lagundu behar dugu. Bestalde, nahasitako materialak banatzeko ere eragozpen handiak izaten dira. Zenbaitetan hori egiteko teknologia badago, baina beti ere hoberena bakoitzak etxean banatzea da, eta horretarako, noski, azpiegitura egokiak ipini behar dira. Laburbilduz, hondakinak biltzeko eta banatzeko parte-hartze publikoa areagotzea proposatu da foroan. Bestetik, kalitateari dagokionez arazoa dute sektore horietako produktu birziklatuek eta irudi hori apurtu beharra dago. Azkenik, oso garrantzitsua da estandarizazioa egitea; hau da, propietate jakin batzuk dituen birziklatutako lehengaiak zer egiteko balio duen finkatzea. Plastikoarekin hasiak dira dagoeneko eta gomarekin (pneumatikoak) ere hasiko dira. Hori guztiaz gain legeetan ere aldaketak egitea proposatu da: esate baterako, zabortegien gainean zerga handiagoak ezartzea eskatu dute foroan parte hartu duten sektore industrialek. Horrela, hondakina zabortegira eramatea garestia bada, birziklatzeko joera handiagotu egingo delako. Herbehereetan eta Alemanian, adibidez, neurri horiekin hasi ziren eta gaur egun birzikla daitekeena zabortegira eramatea debekatuta dago.

Era guztietako proposamenak beraz, ez?

Bai, luze eztabaidatu genuen bertan. Ikerketa eta garapenaren alorrean indarrak materialen banaketa egiteko teknologia garatzera bideratzea proposatu da. Pila merkuriodunak eta merkuriorik gabekoak banantzeko sistema elektronikoa osatu berri da, orain, esaterako. Ikuspuntu ekonomikotik birziklatuko den produktuari BEZ txikiagoa ezartzeaz hitz egin zen (Frantzian eta Espainian egiten da) eta baita merkaturatutako produktu guztiek birziklatutako lehengaien ehuneko gutxieneko bat izateaz ere. Azken proposamena ez zen onartu, gogorregia zelako eta merkaturako balio ez zuelako. Bestalde, produktuen diseinuak birziklatuak izateko moduan egiteko konpromisoa hartu zen, hau da, autoan eraikitzen denean ahalik eta material gutxien nahasi eta guztiak ondo identifikatu. Eztabaidatutako beste gai garrantzitsua ISO eta antzeko ziurtapen-sistemak martxan jarri beharra izan zen; baita, informazioa elkar trukatzeko baliabideak ipintzea ere: lehengaien eskaintza, prezioak eta abar nonbaiten biltzea (Interneten beharbada).

Halako foro zabalean iritzi kontrajarri ugari izango ziren, dudarik gabe. Nolakoa izan zen negoziaketen giroa eta jarrera?

Argi dago norberak bere interesak dituela eta denon artean lan handia egin behar izan genuela. Industri sektoreen arteko aldeak handiak dira. Ondo finkatuta daudenek, (metalaren sektoreak, adibidez), ez dute kanpoko inolako parte-hartzerik nahi. Horiek lege guztiak kenduko lituzkete. Baina orain agertzen ari direnek, berriz, behar hori ikusten dute. Foroan birziklatzeari dagokion alorra merkatura egokitzeko ahalegina egin zen, baina han bildutako 15 sektoreak ez ziren berdinak eta prozesua zaila izan zen. Horrez gain, meatzarien eta forestalisten lobby-ek ere, foroan ez egon arren, euren sektorean presioa egiten zuten. Adibidez, birziklatzeak ingurugiroari begira zituen abantailak aztertu zirenean, energia aurreztea, hondakin gutxiago sortzea eta abar, aipatu lobby-ek indar egin zuten aipamen horiek txostenean kontuan har ez zitezen.

Lortu al zuten?

Ez, ez zuten lortu.

Emaitza onak lortu al ziren azkenerako?

Bai, amaierako txostena guztien artean adostua da eta hori oso positiboa da. Lehen pauso gisa oso garrantzitsua eta positiboa izan da, birziklatze-industria zer den, zergatik eta nola mugitzen den eta zein akats dituen finkatu dugu eta aurrera joan dadin neurriak hartu dira. Oinarria behintzat ezarrita dago.

% 0 birziklatzea onartezina dela baina % 100eginezina izateaz gain jasangarria ez dela ondorioztatu duzue foroan. Non dago oreka?

Gai honekin ere lehen aipatutako lobby-ak presio handia egin zuen. Paper birziklatua berriarekin ezin daitekeela lehia esaten dute horiek eta hori ez da egia. Egia da, ordea, birziklatzeak hainbat muga dituela. Papera egiteko zuntza behin eta berriz birziklatuta hondatu egiten da eta azkenerako ez du balio. Muga teknikoak, beraz, badaude, baina muga horiek non zeuden ezin izan genuen zehatz finkatu. Zenbait Estatu paperaren % 60 birziklatzera ailegatuko dira. Altzairuaren muga nagusia hasieran ezarritako dirua berreskuratzea da, baina hori gaindituta ia % 100 birzikla daiteke. Plastikoetan, berriz, asko aztertu ondoren badirudi % 15etik ezin dela pasa. Zailtasun handiak daude monomeroak berreskuratzeko eta berriz erabiltzeko. Olioari dagokionez ere erretzea birziklatzea bain

o errentagarriagoa da, energia lortzeko errez gero dirulanguntzak jasotzen baitira. Birziklatzeaz mintzatu gara, baina birziklatu ezin denarentzat zein da irtenbide egokia?

Energia ekoizteko balio badu, erre eta energia lortu. Ekologistak errausketaren kontra egon ohi dira, baina ongi eginez gero ez da irtenbide txarra. Energia ekoizteko balio ez duten hondakinak, berriz, zabortegietara eraman beste aukerarik ez dago oraingoz. Dena dela, birziklatu ahal den guztia birziklatuz gero, zabortegiak asko murriztuko dira.

Neurri ekonomikoak hartuz ingurugiroa babesteko joerari buruz zer deritzozu?

Gauden mundu globalean ekonomiak agintzen du eta tresna horiek ingurugiroa babesteko ere erabili behar dira. Neurri batean baliagarria da, baina ez da konponbide osoa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia