}

Antibiotikoen ordezko sendagaiak: birusak

2002/04/23 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Aspaldian antibiotikoen eraginkortasuna gutxitzen ari dela eta, ordezko tratamenduak bilatzen dabiltza zientzialariak. Azkeneko aurkikuntza Errusian 1940ko hamarkadatik erabili den erremedioa da: bakterioak erasotzen dituzten birusak edo bakteriofagoak.

Antibiotikoekiko erresistenteak diren bakterioak gero eta gehiago dira. Horrek esan nahi duena zera da: gaixotasunak sortzen dituzten bakterioak gogorragoak direla eta askotan antibiotikoen bidezko tratamenduak ez duela gaitza sendatzen.

Antibiotikoak bakterioentzako hilgarriak diren substantziak dira. Baina substantzia horiekin denbora luzean kontaktuan egonez gero, antibiotiko horiekiko erresistentzia garatu duten mutanteak sortzen direla ikusi da.

Antibiotikoen tratamenduaren ordezkoak bilatzen, Errusian eta Europako ekialdeko herrialdeetan 1940ko hamarkadaz geroztik erabili den teknikari heldu diote berriz mendebaldeko zientzialariek. Teknika bakterioak erasotzen dituzten birusak, bakteriofagoak, erabiltzean datza. Bakteriofago-mota bakoitzak bakterio espezifiko bati erasotzen dio, eta ez ditu beste bakterio-motak ukitzen. Hori dela eta, antibiotikoek ez bezala, bakteriofagoek ez dute eraginik izaki bizidunen berezko bakterio-populazioan, eta, beraz, ez lirateke hain kaltegarriak izango.

Teknika garatu eta dituen akatsak zuzenduz gero, bakterio patogenoen aurka oso tresna baliagarria izan daitekeela uste dute zientzialariek.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia