}

Antartikako izotzaren azpian, sumendiak bizirik

2013/11/27 Leturia Yurrita, Iñaki - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

antartikako-izotzaren-azpian-sumendiak-bizirik
Ikerketa egiteko, ekipamendu sismikoa eta GPSak instalatu dituzte Sidley mendian (argazkian, hondoan). Arg. Jeremy Miner

Antartikako izotz-geruzaren azpian sumendi aktibo baten froga aurkitu du lehen aldiz Estatu Batuetako geologo talde batek. Marie Byrden Lurraldea izeneko parajean izan da, kontinentearen mendebaldean. Aspaldiko sumendien arrasto ugari dago han, baina dagoeneko itzaliak zirela uste zen. Sismometro sare batek, ordea, dardara segida bat detektatu zuen 2010 eta 2011 urteetan, eta, orain, ikerketek baieztatu dute magma mugimenduak izan daitezkeela. Mugitzen dena magma dela, eta ez izotza, baieztatzeko arrazoia izan da sakonera: 25-40 kilometro artean kokatu dute dardararen iturria. Lurrikara bat ere ezin zen izan, dardararen iraupena eta jasotako seinalearen frekuentziagatik. Aurkikuntza honek, gainera, beste uste bat ere bertan behera bota du, sismologiaren ikuspuntutik Antartika lo  zegoela zioena, alegia.

 Mugimenduak izan ziren lekuan bertan, radar seinaleak erabiliz,  errauts bolkaniko pilaketa bat detektatu dute, duela 8.000 urtekoa eta sumendi baten konoa izan daitekeena ere bai. Hori guztia, ia 2 kilometroko izotz-geruzaren azpian. Kontua da orain, zer ondorio izan dezakeen aurkikuntza honek, izan ere horrelako dardarak, askotan, erupzioen aurreko abisuak izaten dira. Ikerlarien ustetan, erupzio batek izotz-geruza zulatzea ezinezkoa da baina bai izan lezakeela eraginik geruzaren mugimenduan. Urtutako urak areagotu egingo luke itsasora doazen izotz-korronteen abiadura eta, ondorioz, izotz gehiago isuriko lukete han. Ikerlarien esanetan ez litzateke eskala handiko izotz-isuria izango baina nabaritu, bai nabarituko litzatekeela eta, noski, eragina izango luke itsasoaren maila igotzean.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia