Elhuyar zientziaren komunikazioa

Animalia maritxuak

2000/07/23 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa



Hainbat urtetan, baita oraindik ere, ikerlari askok ezikusiarena egin du sexu bereko animaliak sexu-jokoetan edo "kopulatzen" ikusita. Egia da dokumental eta erreportajeei esker animaliei buruzko hainbat xehetasun ezagutzen dugula, baina homosexualitateari buruz ezer gutxi dakigu, zeinbaten ustez hain bestelako portaera ez den arren.



Linda Wolfe ikerlariak gaiaren inguruko datuak argitaratu zituenean "ezkutuko arrazoiren bat" ote zuen galdetzen hasi omen zitzaion jendea. Argazkiak trukatu eta datuak asmatu egin zituela ere esan zioten.


1970eko hamarkaderen erdialdera Wolfe Japonian ari zen lanean, makakoak ikertzen. Berehala ohartu zen emeek sexu-harremanak bata bestearekin zituztela. Eta ez aldizka soilik. Emeek, aldiko, hainbat egunetarako edo astetarako osatzen zituzten bikoteak. Bata bestea apaintzen ere denbora asko ematen zuten aldizkako harreman sexualen bitartean. Harreman horietan, gehienetan bi bikotekideak orgasmora iristen ziren. Bere ustez portaera homosexuala zen hori, baina ikerlari gehienak eszeptiko agertu ziren. Emeek ez omen zekiten zertan ari ziren. Oraindik ere, zenbait ikertzaileri zail gertatzen zaio sexu berekoen arteko harremanak "normalak" direla onartzea, hots, primateen sexualitate osoaren zati direla.


Primate diogu, baina bibliografia aztertu ondoren 470 espezierengan ikusi dira itxuraz sexuarekin lotura duten sexu bereko kideen arteko harremanak. Gehienak ugaztunak edo hegaztiak dira, agian animalia-talde horiek ikertzeko joera handiagoa delako. Datuak liburu batean argitaratu zituztenean (Biological Exuberance: Animal Homosexuality and Natural Diversity; Bruce Bagemihl 1999) denetariko jarrerak azaldu zituen jendeak. Zenbaitek zientzia-literaturan mugarritzat jo zuen datu horiek argitaratu izana. Beste zenbaitek, ordea, kritikak egin zizkion, bereziki Darwinen eboluzioaren teoria zalantzan jartzen zuen kapituluari.


Edonola ere, argi geratu da animaliengan sexu berekoen arteko harremanak nahiko arruntak direla (bi antxeta "lesbianen" artean txitaldia aurrera ateratzea; manati arren arteko "orgia homosexualak"...). Batzuetan portaera homosexualak gorteiu heterosexualei lotuta ageri dira, baina beste batzuetan, harreman homosexualak hutsetik sortzen dira: ostruka arren dantzak edota rhesus makako emeek soilik jolasten duten ezkutaketa-jokoa. Liburuko kasuen laurdena inguruan, autoreak portaera "afektiboen" zantzuak ikusten ditu. Ez dago zuzeneko kontaktu genitalik, baina badute "konnotazio sexual edo erotiko garbia". Esaterako, lehoi arrak "burua igurtzi" eta elkarrekin biraka aritzen dira, edo banpiro arrek erekzioak izaten dituzte elkar apaintzean eta miazkatzean. Balea eta izurdeek gorputza elkarri igurtzi eta hegats eta isatsekin bata bestea laztantzen dute. Jirafa arrek denbora asko ematen dute lepoa igurtzitzen, sarritan elkar estali eta orgasmo nabarmena izaten dutelarik. Ohiz kanpoko jarrera sexualak eta ahozko sexua ere ikus daitezke: triku edo kirikiño emeek elkarri organo genitalak miazkatzen dizkiote eta orangutan arrek felazioa egiten dute.


Azken finean, gizaki homosexualen sexu-jarduera ia guztien parekoa aurki daiteke animaliengan. Hots, homosexualitatea heterosexualitatea bezain "naturala" da.


Funtzio soziala edo plazerra?


Homosexualitateak hain arrunta dirudien arren, jendeak ez du oso ezaguna, ezta biologoek ere. Primateen portaera homosexualaz lehen aldiz duela gutxienez 75 urte argitaratu bazen ere, primatologiari buruzko ohinarrizko liburuetan aipatu ere ez da egiten.


Zientzialariek askotan egin dute ezikusiarena edo, besterik gabe, ez dute jokaera homosexualtzat jo. Denbora luzez Estatu Batuetako Mendi Harritsuetan basahuntzak ikertzen ibili den Valerius Geist-ek, esaterako, gogoan du duela 20 urte D ahariak S aharia behin eta berriz estaltzen ikusten zuela. Bi urte eman zituen bere buruari portaera hura, funtsean, dominantzia-portaera oldarkorra besterik ez zela sinestarazi nahian. Inoiz ez zuen uste inozo hura argitaratu eta, egun, pozten omen da. Azkenean gauza bakoitzari bere izenaz deitzen omen dio eta onartu du ahariak gizarte homosexualean bizi direla.


Hainbat ikerlariren iritziz, "benetako" homosexualitatea (definizio ertsian, emeekiko interesik ez duten arrek elkarri uzkitik sartze gisa emana) ia ez dago animalia basatiengan. Hauek diotenez, sexu berekoak estaltzen dituzten animaliak besteei jarrera oldarkorra erakusten ari dira edo harreman heterosexualetarako praktikatzen ari dira. Edo araldian daudela adierazten ari dira; edo bikotekide heterosexualak jeloskor sentiarazten ari dira.


Baina portaera sexual horiek funtzio soziala izateak ez du eragozten funtzio sexuala ere izatea. Wolfe-ren ustetan, makako emeen portaerak badu funtzio soziala, baina bai eta plazer sexuala lortzeko helburua ere. Areago, helburu nagusia plazer sexuala lortzea delakoan dago. Zenbait primatologo portaera homosexualak plazerrarekin zerikusia duenik ukatzen saiatzen da. Baina bada plazerra eta homosexualitatea zalantzarik gabe lotuta daudela dirudien espezie bat: bonoboa edo txinpantze pigmeoa. Ahaztu gizakiaz. Portaera homosexuala inon arrunta bada, bonobo-taldeetan da. Deigarria behintzat bada: edonork ditu sexu-harremanak edonorekin, ez du axolarik bestearen sexu edo adinak.

Emeak ahalik eta jarrera egokienean jartzen dira sexu-organuak ukitzeko eta arrek, berriz, muxu nabarmenak ematen dizkiote elkarri, mihia erabiliz estimulatzeko. Hain portaera nabarmenaren zergatia, ustez loturak indartzea da. Sexu-harremanen ezaugarrietako bat erlaxazioa delarik, badirudi erlaxatze horrek tentsioak baretu eta taldea batu egiten duela. Hala ere, zergatik behar dute bonoboek koitoaren ondorengo barealdia primateek baino gehiago? Kontuan izan bonobo-taldeak beste primateenak baino handiagoak direla, 20 ale edo gehiagokoak, eta txinpantzeenak 5-10 ingurukoak direla. Hori izan daiteke zergatia: taldea handiagoa izanik lasaitzeko beharra ere bai. Guk elkarri gozokiak, txokolatinak edo loreak ematen dizkiogun era berean, bonoboek laztanak, muxuak eta harreman sexualak erabiltzen dituzte. Eta badirudi helburu horretarako egokia dela, bonoboenak txinpantzeenak baino talde baketsuagoak izaten baitira.


Sexu bereko animalien arteko harremanetan homosexualitatea ikusten dutenen ustetan, animalien portaera aztertzean arreta gutxi eskaintzen zaio sexuari eta horregatik dago, orohar, animalien homosexualitateaz hain datu gutxi.


Gauzak apur bat zailtzeko, gainera, zenbait espezierengan zaila da oso sexua bereiztea. Edinburgoko zooko langileek sexu-portaeran oinarrituta jarri zizkieten izenak pinguino erregeei, baina batzuei izenak aldatu beharra izan zuten. Hasieran Eric eta Dora zirenak (ustez arra eta emea), Erica eta Dora (biak emeak) bilakatu ziren. Bertha eta Caroline ordea, lesbiana izateko "salaketatik" libratu egin ziren gay zirela baieztatu ondoren; Bertrand eta Charles bilakatu ziren.


Japoniako makakoetara itzulita, euren portaeraren zergatia topatzen saiatu arren ez da gauza argirik aurkitu. Ez dirudi emeek sexua hierarkia finkatzeko erabiltzen dutenik. Loturak eratzen dituzte, baina bien artekoa amaitu denean inoiz harremanik izan ez balute bezala jokatzen dute. Ar bakarreko taldeetan ere arrak ez dute lan handirik izaten eta emeek, askotan, beste emeekiko interes gehiago dute. Portaera bisexuala dutela esan liteke.

Portaera naturala


Gizakien homosexualitatea ukatzeko erabiltzen den arrazoi nagusia antinaturaltasunean oinarritzen da.Zenbait lanean ari da homosexuala egin egiten ote den edo berezkoa ote den argitu nahian. Geneetan ote daraman, hatzamarrak luzeagoak ote dituen, ezkertiarra ote den. Badirudi marka edo seinaleren bat izateak, hots genetikoa izateak, jenderen barrena lasaitu egiten duela; azken finean, zoritxarreko horiek horrela jaio badira, zer egingo diegu ba?


Horrelako artikuluak irakurrita ordea, argi dago antinaturala behintzat ez dela; agian ez da oso arrunta, baina naturala, izan, bada. Beraz, naturan badago portaera "berezi" horren parekorik. Lasai lo egin genezake!
Hala ere, genetikoa izan edo ez, guretzat hain zaila al da portaera normaltzat jotzea? Agian ez da oso arruntzat, baina naturala, izan, bada.

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia