}

Amerikak uste baino lehen lotu ziren

2015/04/09 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

amerikak-uste-baino-lehen-lotu-ziren
Cauca ibaiaren arroila (Kolonbian). Bertan egin dituzte ikertzaileek lanetako batzuk. Urrutian, argazkiaren hondoan, Panamako arkua. Arg. Carlos Armando Rosero

Panamako istmoa duela 3 milioi urte sortu zela onartzen bada ere, adostasuna ez da erabatekoa. Esaterako, hainbat ikerketek erakutsi dute askoz lehenago ere gertatzen ari zirela bizidunen joan-etorriak istmoaren alde batetik bestera. Orain, Andeetako Unibertsitateko (Kolonbia) ikertzaileek gidatuta, Kolonbiako eta Panamako ikertzaile-talde batek froga geologikoak aurkitu ditu esateko itsas pasabidea duela 13 milioi urte itxi zela, gutxienez.

Science aldizkarian eman dute berri, eta antzinako ibai-sistema batek utzitako sedimentuak dira ikerketaren oinarri. Kolonbia iparraldean daude, eta, bertan, jatorriz Panamakoak bakarrik izan daitezkeen arroka bolkanikoen arrastoak aurkitu dituzte. Analisi geokronologikoen bidez, ikertzaileek ondorioztatu dute ibaien sistema duela 13-15 milioi sortu zela, eta Panamako arku bolkanikotik hegoalderantz isurtzen zituztela urak. Hori posible izateko, lurrezko konexio bat existitu behar zen ibaien sorlekuaren eta Kolonbia iparraldearen artean. Ikertzaileen esanean, Erdialdeko Amerikako itsas pasabidea itxita zegoen ordurako, ia erabat.

Panamako istmoaren sorrera duela 3 milioi urte kokatzeko arrazoietako bat da orduan gertatu zela bizidunen migraziorik handiena bi Ameriken artean (Great American Biological Interchange, GABI). Alabaina, 10 milioi urte atzerago kokatzeak “zentzua ematen die beste zenbait emaitza arrarori”, Amsterdam Unibertsitateko Carina Hoorn ikertzailearen arabera. Sciencen argitaratutako analisi-artikulu batean azpimarratu du data-aldatzeak ondorio garrantzitsuak dituela ozeanoen zirkulazioaz, klimaz eta bizidunen trukeaz orain arte genituen ereduetan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia