}

Amazonia, oi Amazonia!

1999/08/22 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Greenpeace talde ekologistaren arabera, zuraren industriaren legez kanpoko jardueraren ondorioz, Amazonian urtero batez beste 1.5 milioi hektarea baso galtzen dira. Greenpeacek egindako txostenak dioenez, Amazoniatik ateratzen den lurraren % 80 baimen barik ateratzen da. Lurreko birikak gero eta txikiago bihurtzen ari dira, gero eta oxigeno gutxiago sortzeko gai dira.

Amazonia Lurreko ekosistemarik bereziena da. Azken 12.000 urteetan osatu da, Amazonas ibaiaren inguruetan. Ibai erraldoi horren urek jartzen diote erritmoa inguruko ekosistemari. Andeetan sortu eta Brasilgo kostaldean itsasoratzen den arte, Amazonas ibaiak 6.868 kilometroko ibilbidea osatzen du; New York eta Berlinen artean dagoen distantzia alegia. Amazonas ibaiaren arroak —600 milioi hektareakoa— Brasil, Peru, Bolivia, Ekuador, Surinam, Guyana Frantsesa, Guyana, Venezuela eta Kolonbia zeharkatzen ditu. Aipatutako 600 milioi horietatik erdiak baino gehiago —350 gutxi gorabehera— Brasilen daude eta % 80 oihana dira. Munduko oihan tropikala handia den horrek ezbehar handienak ere jasan behar izaten ditu: suteak, kontrolik gabeko mozketak, azpiegituraerraldoien eraikuntza, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren hedadura, meategiak, petrolio--bilaketak eta abar. Hori guztia kontuan hartuta, Amazoniako oihana gizakiaren eraginez Lurrean arriskuan dauden basoen herena da.

Brasilgo Amazonia, Lurreko ekosistemarik aberatsena

Orain artekoak kolore beltzeko adierazpenak izan arren, Amazonian, zorionez, berdetasuna nagusi da. Brasilgo Amazoniako oihanaren bi herenak oraindik bere horretan dira; planetako azalaren % 7ra hedatzen da, eta bertan munduko biodibertsitatearen erdia dago; Lurreko landare eta animalia espezieen % 70 bertan dago.
Aberastasun--kontuekin jarraituta, esan daiteke Amazonian munduko landare-kopururik handiena biltzen dela. Dagoeneko 30.000 espezie identifikatuta daude, eta egunero berriren bat aurkitzen dute. Horietako askoren ezaugarriak oraindik ez dira ezagutzen, baina uste da askok medikuntzan eragina izan dezaketela. Brasilgo Amazonian munduko zuhaitzen herena dago.

Ugaztunei dagokienez, Brasilen bizi diren 483 espezieetatik 324 Amazonian bizi dira —% 67—. 30 tximu--espezie daude, hegaztien 1.000 espezie inguru, igel--espezie ugari, 30 otarrainska--espezie, 30 karramarro--espezie…. Ibaietako arrainei dagokienez, ezagunak 1.500 espezietik gora, eta adituek uste dute daudenak 3.000tik gorakoak izan daitezkeela; hau da, Europako ibai guztietan daudenen aldean 15 bider gehiago. Ibai-izurdeak, krokodiloak, dordokak eta igaraba erraldoiak ere aurki daitezke Amazonas ibaian.
Brasilgo Amazoniako oihan hektarea batean 50 zuhaitz espezie bil daitezke, zuhaitz horietako bakoitzean 80 landare--mota bil daitezke, bromeliak eta orkideoak besteak beste.
20 milioi pertsona bizi dira Brasilgo Amazonian. Horietako batzuk oraindik ez dute harremanik gizarte garatuarekin eta, ondorioz, gizarte garatuek noizbaiteko zibilizazioentzat izan ditzaketen arriskuak ez dituzte ezagutzen. Brasilgo indigenen populazioa 200.000 pertsonak osatzen dute, 120 naziotan banatuta, eta guztira Brasilgo populazioaren % 1 dira. Europa osoa Amazonas ibaiaren arroan sar daiteke.

Galerak urtetik urtera

Ikusten denez Amazoniako aberastasuna ikaragarria da, baina sasoi bateko aberatsen modura, pobretzen ari da. Europarrak XV. mendean iritsi zirenetik 1970.eko hamarkadara arte, 470 urte, Brasilgo oihan tropikalaren % 1 besterik ez zen soildu. Hala ere, azken 30 urteetan desforestazioak aurrerakada itzela egin du, Brasilgo Amazonian % 14ra iritsi baita —Frantzia izan litekeena baino handiagoa—. 1978 eta 1996 urteen artean, Brasilen 52 milioi hektarea suntsitu ziren; 1997. urtean 1.300.000 hektarea galdu ziren; eta 1998. urtean —iaz— 1.680.000 hektarea, Euskal Herriaren pareko eremua.

Ekologisten arabera, Amazonia oihanarentzat arriskurik handiena zuretik eratorritako produktuak egiteko basoen ustiaketa komertziala da, oihanaren deforestaziorako jarduera-katearen lehen zatia baita. Egurraren industriak irekitzen dituen errepide eta pistek beste ustiaketa edo jarduera azkarrago batzuei bideak irekitzen dizkie; petrolioaren industriari edo sendabelarren industriari adibidez. Jakina, jarduera ekonomiko eta industriako berriei, gero eta gehiago areagotzen diren suteak eta zuhaitz-mozketak gehitu behar zaizkie. Horren guztiaren ondorioz, Amazoniaren gaur egungo egoera bere historiako txarrena da, egunero 5.200 hektarea desagertzen baitira; hau da, minuturo zortzi futbol-zelai beste.

Itxaropenerako alternatibarik ba ote dago?

Deskribatutako paisaia beltzaren aurrean, etorkizunari ere begiratu behar zaio. Greenpeacek dioenez, gaur egungo suntsipen-erritmoan etenik ez badago Amazoniako oihana betirako gal daiteke. Ekologisten ustez, Amazoniako biztanle guztiei adierazi behar zaie oihanetik bizitzea badagoela, baina oihana suntsitu gabe, urteetan zehar indigenek egin duten bezala. Milaka urtetan bizi izan dira han, naturarekin borrokan, baina natura suntsitu gabe.

Horretan oinarrituta, Greenpeace Amazoniaren aldeko kanpaina egiten ari da, Amazoniak bizirik iraun dezan. Suntsipenari aurre egiteko, talde ekologistak hainbat neurri ere proposatu ditu:

  • Amazoniako ekosistemen erreserba ekologikoen sarea handitzea.
  • Oihanaren ustiaketa murriztea, irizpide sozial eta ekologiko zorrotzen arabera, toki jakinetara mugatuz.
  • Kautxoaren industriari begira, ustiaketa--erreserben garapena bultzatu.
  • Lurralde indigenoen zedarritzea behin betirako erabakitzea.
7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia