Alzheimerrean neuronak nola hiltzen diren azaltzeko mekanismo bat argitu dute

https://www.achucarro.org/eu/berriak/2023-09-meg3-activates-necroptosis-in-human-neuron-xenografts-modeling-ad/ - Achucarro Neurozientziarako Euskal Zentroa


Alzheimerrean neuronak nola hiltzen diren ulertzeko beste pauso bat eman du nazioarteko ikertzaile-talde batek; tartean, Achucarro zentroko Amaia Arranz Mendigurenek. Science aldizkarian argitaratu dute lana, eta, terapiarako aukera berriak ireki ditzazkela adierazi dute.

Ikerketa horretan, saguen eta gizakien neuronak txertatu dituzte amiloide-plakak zituzten sagu-ereduetan, alegia, Alzheimerra ikertzeko erabiltzen diren sagu-ereduetan. Eta ikusi dute giza neuronak kaltetu egiten direla; ez, ordea, sagu-neuronak. Besteak beste, Tau proteinen fosforilazioa, harilketa neurofibrilarra, eta heriotza zelularra behatu zituzten. 

Horrez gain, ikusi zuten giza neurona horiek MEG3-aren adierazpen handia zutela (RNA ez-kodetzaile luze bat). Hori bera gertatzen da Alzheimerra duten pertsonetan. Esperimentuan, MEG3k neuronen nekroptosia aktibaten duela frogatu dute, eta are gehiago: MEG3-ren adierazpena eragozteak neuronak heriotzetik babesten dituela ere baieztatu dute.

 

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Osasuna