Altamurako neandertala (Italiako hegoaldea) ondoen kontserbatutako fosiletako bat da. Dagoen lekua, ordea, ez da batere irisgarria, eta horrek ikerketak zaildu ditu. Teknologiak aurreratu ahala, azterketa gehiago egiteko aukera izan dute ikertzaileek, eta, hala, frogatu zuten, adibidez, 130.000-172.000 urte dituela. Orain, sudurraren barneko egiturak aztertu dituzte, eta ondorioztatu dute ez zuela egitura berezirik hotzari aurre egiteko. Horrenbestez, kontrakoa iradokitzen zuen hipotesia ezeztatu dute.
Horretarako, bereizmen handiko teknologia endoskopikoa erabili dute. Horren bidez, sudurraren barneko egiturak berregin dituzte, eta ikusi dute ez zeukala inongo berezitasunik ingurune hotzean bizitzeko.
«ondorioztatu dute ez zuela egitura berezirik hotzari aurre egiteko; kontrakoa iradokitzen zuen hipotesia ezeztatu dute.»
Izan ere, neandertalak Pleistozenoan bizi izan ziren Europan, Ekialde Hurbilean eta Asia Erdialdean, gaur egun baino klima askoz ere hotzagoan. Gorputzaren zenbait ezaugarrik erakusten dute klima horretan bizitzeko anatomia egokiagoa zutela, guk baino. Aurpegiaren itxura, ordea, bazirudien ez zegoela bereziki egokituta hotzari aurre egiteko. Horregatik, ikertzaile batzuek uste zuten sudurraren barruan egitura bereziren bat izan zezakeela, arnasketan laguntzeko.
Alabaina, orain argitaratu den ikerketak frogatu du ez zutela halakorik. Are gehiago: adituek adierazi dutenez, ez zuen horretarako beharrik; osotasunean, ikusten baita bere ezaugarri anatomikoak egokiak zirela ingurune hartan bizitzeko.
Galarraga Aiestaran, Ana
Elhuyar Zientzia







