}

Alfred Wallaceren gutunak on line jarri dituzte

2013/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Londresko Historia Naturalaren Museoak Interneten jarri ditu eskuragarri Alfred Wallaceren gutunak, Wallace Letters Online izeneko webgunean. Wallacek bidali eta jasotako ia 4.000 gutun bildu dituzte, izandakotik iraun duen posta-trukearen % 95. Horien artean daude Charles Darwinekin trukatutako gutunak. Proiektuaren arduradunak azpimarratu du hau dela bi gizonen arteko posta-trukea osorik argitaratuko den lehen aldia.

Darwinen itzalean igaro da historiara Wallace, biena izanagatik hautespen naturalaren bidezko espezieen eboluzioaren teoria. Gutunak argitaratzea Wallace100 proiektuaren ekintzetako lehena izan da, baina ez da azkena izango. Wallaceren heriotzaren 100. urteurrena beteko da 2013ko azaroan, eta hura gogoratzeko hainbat ekitaldi antolatuko ditu aurten Wallace100 egitasmoak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia