}

Alaskako lurrikararen ondorioak agerian

2002/11/11 Elhuyar Zientzia

7,9 magnitudeko lurrikarak astindu zuen Alaska azaroaren 3an. Orain, AEBetako geologo-talde batek egindako lurrikararen ondorioz lurzoruan agertutako arrakalak aztertu ditu, baita hainbat argazki atera ere.

Lurrikararen ondorioz, 667 kilometroko luzerako arrakala handia dagoela ikusi dute. Arrakala Denali deritzon failaren gainean sortu da eta, horri esker, lehenengo aldiz ikus daiteke argi eta garbi faila nondik nora doan. Gainera, bailara osoak alderik alde estali dituzten luizi izugarriak egon dira eta lurra eta harriak pilatu diren leku batzuetan lakuak sortu dira.

Azken lurrikara hau Alaskan izan den handienetakoa da, eta 1906an San Frantzisko hiria astindu zuena baino gogorragoa da. Hala ere, errekorra Alaskan 1964an gertatu zen lurrikarak du oraindik ere. Orduko ikarak 9,2ko magnitudea izan zuen.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia