Aitziber Sarobe: "Artelatza babestu nahi badugu, eremua gorde behar dugu"
2004/09/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Bada Kantauri-ertzean oso toki gutxitan azaltzen dela; horrek egiten du berezi. Euskal Herriari dagokionez, badira populazio txiki batzuk iparraldean, Baiona eta Biarritz inguruan. Bizkaian ere bakar batzuk badaude, baina haiek landatutakoak dira segur aski.
Getaria eta Zarautz arteko lur hauetan, berriz, dezente daude: Garate gainean, Santa Barbaran... Vista Alegreko parkean ere 80 inguru ale daude, eta ez dira landatutakoak, parkea egin baino lehenagotik daude hor. Orioraino ere zabaltzen dira artelatzak, baina gehienak hemen daude. Artelatzak batez ere gurbitzarekin eta haritzarekin egiten ditu asoziazioak, baita ametzarekin eta artearekin ere, eta hemen halaxe agertzen zaigu.
Kantaurin hain urria izanik, nolatan dago hemen?Bitxia da artelatza hemen egotea, berez klima mediterraneokoa baita. Bizitzeko klima lehorra eta silizio askoko lurra behar ditu, eta, horregatik, oso zabalduta dago penintsularen hegoaldean eta Afrikako iparraldean. Hori du berezko tokia. Kantauri-ertzean, berriz, bestelako kondizioak ditugu: klima ozeanikoa eta kareharria nagusi lurrean.
Itsasertz honetan, ordea, mikroklima berezi bat sortzen da, tenperatura epel samarrekin, eta, gainera, eremu batzuetan lurra aberatsa da silizioan. Hortaz, artelatzak eremu horietan bere lekua topatu du, eta ezin hobeto egokitu da.
Hala ere, oraindik ez dakigu artelatza betidanik egon den hemen edo garai batean ekarri zen. Lehenengo hipotesiaren arabera, antzina klima epelagoa zen eta artelatzak kostalde osoa hartzen zuen; beraz, zuhaizti hauek hedapen zabalago baten aztarna dira. Beste batzuen ustez, berriz, baliagarria zelakoan hegoaldetik hona ekarri eta landatu egin zuten; gero, erabili egiten zelako iraun du. Bi hipotesien aldeko eta kontrako arrazoiak daude, eta egin diren azterketa palinografikoek ez dute ezer argitzerik lortu.
Zertarako erabiltzen zuten?XVII. mendeko dokumentu batzuei esker badakigu garai hartan ontzigintzan erabiltzen zutela artelatzaren egurra. Nonbait, horretarako egur aproposa du, eta oso ona da sua egiteko ere, denbora asko irauten duelako sutan.
Aldiz, ez dugu kortxoaren gaineko aipamenik aurkitu. Inon ez dugu irakurri artelatzari kortxoa kentzen zitzaionik tapoiak egiteko, eta langintza horren aztarnarik ere ez dugu topatu. Portugalen, berriz, kortxoaren industria oso da garrantzitsua.
Bestetik, Andaluzian eta Extremaduran dehesaren parte dira artelatzak, eta artelatzaren ezkurrak txerriak hazteko balio du. Hemen, ordea, ez dirudi horretarako aprobetxatu zenik; izan ere, haritza eta artea ugariak ziren, eta horien ezkurra jaten zuten txerriek.
Hori bai, bada gaur egun arte iraun duen ohitura bat: Eguberrietan jendeak kortxoa hartu ohi du, jaiotza apaintzeko. Eta ohitura horrek kalte handia egin dio artelatzari, edozein modutan egiten baitute. Kortxoa behar bezala kenduz gero, zuhaitzak ez du sufritzen, baina edozein tresna hartu eta hala moduz erauziz gero, azala zauritzeko arrisku handia dago. Gero, oso erraza da zauri horretatik onddoak edo bizkarroiak sartzea eta, ondorioz, zuhaitza gaixotzea.
Dena dela, badirudi orain jaiotza gutxiago egiten dituela jendeak, erosi egiten dituztelako edo horren ordez Olentzero jartzen dutelako, eta, horri esker, ez dira lehen bezainbeste kaltetzen artelatzak.
Gainera, orain babestuta dago, ezta? Zein dira babes-neurriak?Bai, babestuta dago. Hasteko, zuhaitz hau katalogatuta dago. Hori lehendik egindako lan bat da, eta, hala, gutxienez badakigu zenbat eta non dauden. Gero, 1990ean, Eusko Jaurlaritzak babestea erabaki zuen, batetik oso gutxi daudelako eta bestetik balio kultural eta ekologiko handia duelako.
Babestuta dagoenez, ezin da moztu, ezin zaio kortxoa edonola kendu... Hala ere, jendeak ez du gehiegi ezagutzen artelatza, ez zaio deigarria edo berezia iruditzen, eta horregatik uzten du bakean. Besterik gabe.
Eta baditu etsaiak?Tamalez bai. Orain duen etsairik handiena mahatsa da. Une honetan txakolina negozio ona bihurtu da hemen, eta mahatsa landatzeko leku egokiena artelatzaren eremua da. Eta hori da arazoa.
Nire ustez, eta hau Arkamurkaren ustea ere bada, ez da legezkoa baserritarraren esku uztea artelatza babesteko ardura. Ulertzekoa da baserritarra saiatzea bere lurrei ahal duen etekin handiena ateratzen. Hari ez zaio bidezkoa iruditzen alboko baserrikoak arazorik gabe jarri ahal izatea nahi duen mahats guztia, eta berak, berriz, ez izatea horretarako eskubiderik bere lurretan artelatz bat dagoelako. Horregatik, lagundu egin behar zaio.
Zentzu horretan, egokia ikusten dugu norbaitek legea urratzen duenean zigorra ez izatea dirutan, baizik eta behartzea naturari egin dion kaltea nolabait konpontzera. Hala egin zen duela urte batzuk. Orduan, baserritar batek ehun artelatz baino gehiago bota zituen mahatsa sartzeko. Salaketa jarri zen eta epaiketan erabaki zuten bota adina artelatz landatu behar zituela. Horraino ondo. Baina kontua da tranpa egin zuela: artelatzak landatu bai, baina lehen hartzen zuten eremua baino toki txikiagoan jarri zituen. Beraz, hor artelatzak tokia galdu du.
Beti egin daiteke zerbait. Hasteko, jendeak ezagutzen duena bakarrik maite du; hortaz, Arkamurkaren helburuetako bat horixe da: jendeari artelatza ezagutaraztea.
Balio handiko zuhaitza dela jakinda, errazagoa izango da denen artean ondo zaintzea. Halaber, babes-neurriak hartzerakoan, garrantzitsua da jendea alde egotea. Basozainen lana ere aipatu behar da, gertutik eta banan-banan zaintzen baitituzte.
Nolanahi ere, nire iritziz, kontua ez da artelatza bera babestea, artelatzaren eremua da zaindu eta babestu behar dena. Bestela, inguratzen duena kentzen bazaio, museo bizidun moduko bat gelditzen da.
Alderdi horretatik, begi onez ikusten ditut Batasunaren intereseko leku izendatzeko egiten ari diren ahaleginak. Europako Batasunak sortutako figura berri bat da, eta hor ekosistema txikiak sartuko dituzte. Oso egokia da horrelako lekuetarako, parke natural izateko txikiegiak baitira, baina babestea merezi dute. Eusko Jaurlaritzak proposamena egin du, eta ez dakit dagoeneko Europak onartu duen ala ez, baina behintzat eskaera eginda dago. Horrekin, Natura 2000 sarean sartuko litzateke, eta, hala, eremu guztia babestuko dela ziurtatzen da.
Horretaz gain, gaur egun artelatza ez dagoen inguruko eremuetan landatzeko eta berreskuratzeko asmoa dago. Eta hori da bidea: ez da nahikoa zuhaitza bera babestea, eremua gorde behar da.
Salbatore Mitxelena ikastolako 8. mailako ikasleek 1988an egindako lanetik aterea
Izen zientifikoa: Quercus suber
Euskal izena: artelatza; arkamurka edo arkamuka Zarautz eta Getaria inguruan; txontortxordoa Itziarko baserrietan.
Ezaugarri orokorrak: Artelatzak artearen antza handia du, baina azalean erraz bereizten dira: artelatzaren azala harroa eta pitzatua da, kortxoa. Hogei bat metro edo gehiagoko zuhaitza egin daiteke. Hosto berde distiratsuak ditu, txiki samarrak. Hostoak iraunkorrak dira eta zertxobait iletsuak azpialdean; artearen berdintsuak dira.
Lore arrak txikiak dira, dilindariak, eta gauetan bildurik egoten dira, adaska edo adartxoen muturrean. Emeak, berriz, kandu motzekoak dira, eta talde oso txikitan biltzen dira. Kimu berri indartsuetan agertzen dira batik bat.
Artelatzaren fruitua ezkurra da, kolore marroia du eta arrautza-formakoa da, luzexka.
Azala kortxozkoa da, marroi argi kolorekoa, eta asko erabili ohi da kortxozko tapoiak egiteko. Gure artean ez dirudi erabili denik. Egurra, berriz, marroi-gorrixka da, oso gogorra. Egur hau zurgintzan, gurdigintzan eta ontzigintzan erabiltzen da, baita ikatzetarako eta sutarako ere.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia