}

Aitzakiak

2008/01/09 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Garatzen hasi zirenean, erregai fosilekin alderatuta, perfektuak irudikatzen genituen energia berriztagarriak. Agortezinak ziren, berdeak, eta ez zuten poluziorik sortzen. Hedatu ahala, ordea, aitzakiak agertzen joan dira, eta dagoeneko ez ditugu akatsik gabeko ikusten. Parke eolikoez esaten dugu paisaian inpaktu handia eragiten dutela, eta hegaztiak hiltzen dituztela; bioerregaiez, berriz, oinarrizko elikagaiei lekua kendu dietela, haien prezioak igoarazi dituztela, monolaborantza eta basoak botatzea areagotu dutela... eta, gainera, ez dutela horrenbeste murrizten berotegi-gasak isurtzea, ez behintzat guztiek.
Hedatu ahala aitzakiak agertu zaizkie energia-iturri berrizgarriei eta, dagoeneko, ez ditugu akatsik gabeko ikusten

Azkeneko esan horiek indartu egin ditu berriki Ikerketa Tropikalen Smithsonian Institutuak kaleratutako azterketa batek. Azterketa horretan, hainbat landaretatik eratorritako 26 bioerregairen 'txukuntasuna' baloratu dute, gasolinaren, gasolioaren eta gas naturalaren ondoan, erreferentzia-ardatzetan isuritako berotegi-gas kantitatea eta ingurumen-inpaktua jarrita (adierazle horretara bildu dituzte baliabide naturalak agortzea, giza osasunari eragindako kalteak eta ekosistemei eragindakoak). Bada, azterketaren ondorio nagusia da bioerregai gehienek (26tik 21ek) berotegi-gasen isuriak murriztu egiten dituztela, bai, baina ingurumen-inpaktuari dagokionez ez direla nahi bezain txukunak. Izan ere, ia erdiek gasolinak baino inpaktu handiagoa dute, eta horien artean daude merkatuko indartsuenak: Brasilen azukre-kanaberatik ekoitzitako bioetanola, Estatu Batuetan landatutako artoa lehengai duen bioetanola, eta Malaysiako palmondoetatik abiatuta merkaturatuko biodiesela.

Laburbilduz, badirudi erabiltzen hasi orduko desengainua hartu dugula energia berriztagarriekin, bai behintzat bioerregaiekin eta parke eolikoekin. Bi horiekin batera, zentral hidraulikoak daude aitzakia gehien dituzten energia-iturri berriztagarrien artean, presa handiek ibaietan duten inpaktuagatik; baina aitzakia horiek zaharragoak dira, lehenagotik ezagun genituen. Bioerregaiek eta parke eolikoek, berriz, konponbidea ekarri behar zuten, konponbidearen zati bat gutxienez, eta ez arazo berriak.

landareetatik ekoiztutako erregaiak eta erregai fosiletatik ekoitzitakoak alderatuta, lehenengoak ez dira beti 'txukunagoak'.

Gai honi beste ikuspuntu batetik (ere) heldu beharko genioke, ordea. Galdera hauxe da: parke eolikoek eta bioerregaiek arazo berriak ekarri dituzte, edo lehengo arazo berberak dira, baina beste itxura batekin? Izan ere, bi energia-iturriek dituzten aitzakia guztiak onartuta, eta onartuta, baita ere, edozein giza jarduerak inpaktua berezkoa duela, kasu batean eta bestean, eskala handian eta masiboki erabiltzearekin batera sortu dira arazoak. Eta horren atzean badakigu zer dagoen: daukagun bizimoduaren eta garapen-ereduaren energia-kontsumo izugarri eta neurriz kanpokoa. Hori aldatu gabe, jai daukagu. Energia-iturri batzuk besteekin ordezkatu ahalko ditugu, eta diesela erabili ordez biodiesela erabili; eta egunen batean agian baita hidrogenoa ere. Baina eskariaren eta kontsumoaren bilakaerak gaurdainokoa izaten segitzen badu, lehenago edo beranduago denekin hartuko dugu desengainu bera, den-denekin. Konponbideetako bakoitza garatu eta hedatu ahala sortuko da arazo bat, konponbidearen aitzakien zerrendan gehituko dugun arazo berri bat, arazo zahar batek erakutsiko digun beste aurpegi bat.

Berria -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia