}

Aire-ionizatzaileak

1994/09/01 Otaolaurretxi, Jon Iturria: Elhuyar aldizkaria

Airea ionizatzen duten aparatuak, entxufatuta horman zintzilik egoten dira. Airea garbitu, gelako usain txarrak desagertarazi, bakterioak hil, pertsona lasaitu eta beste hainbat mesede egiten omen dituzte tresna hauek, publizitateak dioenez. Egia ote?

Aparatu hauek ionizatutako airea arnasten duenak, osasun ona eta gauean lo ongi egiteko erraztasuna izaten omen ditu. Abantaila hauek guztiak direla eta, azkenaldian ionizatzaileak modan jarri dira. Segundoko milioika oxigeno ioi negatibo sortuta, aparatu hauei esker hobeto kontzentratzen omen da lanean, hobeto lasaitzen omen da eta tabako-usaina ere kentzen omen du.

Lehenik eta behin, ikus dezagun ionizatzaile hauek nola funtzionatzen duten. Korronte elektrikoa eten eta pultsu elektriko laburrak bidaltzen dituzte, aldi bakoitzean bi elektrodoren artean deskarga sortzen delarik. Deskarga gerta dadin, transformadore batek aurrez elektrodoen arteko tentsioa asko igotzen du. Deskarga bakoitzak halako zaratatxo bat ateratzen du eta horregatik aparatuaren ondoan dagoenak burrundaratxo bat entzuten du.

Deskarga-pilo horrek milioika oxigeno ioi sortzen ote ditu? Bai, sortzen ditu, ekaitza denean airean tximistak sortzen dituen bezalaxe. Deskarga elektrikoa sortu eta oxigeno-atomo negatiboak produzitu arte, erreakzio batzuk gertatzen dira. Lehenbizi, deskarga dagoenean elektrodo negatibo edo katodoko gainazalean dauden atomoek astindu termiko handia izaten dute (10.000 ºC ingurukoa). Tentsio handia dagoelako, atomo hauetako elektroiak elektrodo artean abiadura handiz jaurtitzen dira airera.

Aparatuak, atmosferako presioan funtzionatzen duenez, gelan dagoen airera jaurtitzen ditu elektroiak, eta hauek aireko oxigeno (O 2 ) eta nitrogenoarekin (N 2 ) talka egiten dute, atomo hauetako kanpoko geruzan dauden elektroiak jaurti egiten direlarik. Karga elektriko negatiboak galdutako molekulak, positiboki kargatuta geratzen dira, eta karga elektriko desberdineko molekulek elkar erakartzen dutenez gero, N 2 + eta O 2 + molekulak katodora joaten dira. Atomo hauek, deskargan aske utzitako elektroi asko hartzen dituzte. Elektroiak, beraz, atmosferara zabaltzen dira, eta oso ezegonkorrak direnez gero, jasoko dituen molekula bila hasten dira berehala. Oxigenoak hartzen ditu elektroi hauek, O 2 - edo ioi negatibo bihurtuz.

Printzipio honen arabera, merkatuan saltzen dituzten ionizatzaileek deskargak hartutako airearen zentimetro kubiko bakoitzean milioika ioi negatibo sortzen dituzte, baina aldi berean esan beharra dago fabrikatutako ioi negatibo bakoitzeko beste milioi asko lehen bezalaxe inolako eraginik gabe geratzen direla. Airean ioi negatiboen proportzioa, beraz, oso txikia da. Askotan, haizemaile txiki bat izaten du aparatuak, sortutako ioi negatiboak gelara zabaltzeko.

Oxigeno ionizatuak duen eragin mesedegarri bat, bakterioak hiltzea da. Oxigeno negatibozko molekula, edozein ioi bezalaxe, oso erreaktiboa da. Beste atomo edo molekularen bat laster bilatzen du, berarekin elkartu eta elektrikoki orekatzeko. Ioiek bakterioekin topo egiten dutenean, kromosoma kaltetzen diote eta ugaltzeko aukerarik gabe geratzen da. Dena den, ioien kontzentrazioa airean oso txikia denez gero, ez dakigu zenbat bakterio kaltetuko dituen.

Ioi hauek pertsonarengan zuzenean duten eragina, hutsaren hurrengoa da. Ioiek ukitzen gaituzten orduko, azalean edo ahoan aurkitzen duten lehen molekula organikoarekin erreakzionatzen dute eta ioi izateari utzi egiten diote.

Aparatuak usain txarrak uxatzen dituela esateko ere, bere arrazoia badago. Izan ere molekula aromatikoak, organikoak badira, ioiek hautsi egiten dituzte. Frantzian, adibidez, itsas portu batean orain dela hamar bat urte usain txarrak kentzeko ahaleginen bat egin zuten, baina saioa bertan behera gerarazi zuten oso garestia eta eraginkortasun handirik gabea zelako.

Ionizazioaren bidez, janari fresko batzuk gehiago irauten dute hozi edo germen batzuk hilez gero. Elektroi-bonbardaketaz janarien barruko zelulak ionizatu egiten dira, baina zaporerik eta itxurarik ez zaio aldatzen.

Tratamendu klasikoez urari kendu ezin zaizkion poluitzaileak desagertarazteko ere erabiltzen da ionizazioa. Hutsean azeleratutako elektroiek ur-korrontea zeharkatzen dute. Dena den, korrontearen sakonera zentimetro batzuetakoa baino handiagoa denean, elektroiak ez dira azpiko geruzetara iristen eta sistemak ez du eraignkortasunik.

Medikuntzan ere, ionizazioak medikamentuak azalean zehar emateko balio dezake. Tratatu behar den alderdia, tentsio baxuko eremu ionizatuan ipintzen da. Molekula terapeutikoak elektrikoki kargatu egiten dira eta elektrodo batetik bestera joateko joera dute. Teknika hau hasieran kiroletako traumatismoak sendatzeko izanagatik, gaur egun estetika-zentru askotan eta zenbait kinesiterapiatan ere erabiltzen da. Prozedura hau oso ongi zaindu behar da, bestela leku jakin batean aplikatu beharreko produktuak gorputz guztira zabal daitezkeelako.

1. Ionizatzailearen barruan, aire-lamina batez bereizitako bi elektrodo daude. II. Katodoan dauden elektroiek, tarteko erreakzio batzuen bidez oxigeno-molekulak ioi negatibo bihurtzen dituzte. III. Ioi hauek anodoak erakartzen ditu (desberdin kargatuta dagoelako) eta zuloetatik aparatutik kanpo zabaltzen dira. (Argazkia hau ongi ikusteko jo ezazu PDF-ra).

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia