}

Adimen artifizial sortzailearen inpaktu sozialaz ohartarazi dute

2025/01/22 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

adimen-artifizial-sortzailearen-inpaktu-sozialaz-o
Arg. Teknopolis

Adimen artifizial (AA) sortzaileak ingurumenean eta gizartean dituen inpaktuak aztertu dituzte AEBko hiru unibertsitate ospetsuk (Northwestern, Harvard eta Texas), elkarrekin. Environmental Science and Ecotechnology aldizkarian argitaratu dute ikerketa, irekian, eta AAko hardwareak ez ezik, hura entrenatzeak eta garatzeak eragiten dituen ondorioak ere bildu dituzte.

Esaterako, lehendik ere hainbat ikerketak jarri dute agerian hardwareak sortzen dituen hondakinak, bizi-zikloaren karbono-aztarna, ur- eta energia-kontsumoak, lur arraroen beharra eta datu-zentroek eta prozesatzeko unitateek askatzen duten beroa. Artikuluan, horiek guztiak ez ezik, alderdi sozialetik hardwareak eragiten dituen ondorio sozialak ere jaso dituzte: gentrifikazioa, osasun-inpaktua, kutsadura akustikoa, eta arazo psikologikoak. 

Entrenamendu eta garapenean ere, alde batetik ingurumen-ondorioak jaso dituzte: etengabeko eguneraketa, datuak biltegiratzeko gaitasun gero eta handiagoa, sareko trafikoa, eta baliabideen ustiaketa. Eta, bestetik, sozialak: arrakala digitala, hizkuntza gutxi erabiltzea, eskubide laboral eta soldata desegokiak eta ikuspegi mugatua (esaterako, arraza- eta genero-diskriminazioa). 

Inpaktu horietako asko lehendik ere aipatu izan dira han eta hemen. Artikuluak, baina, haiek biltzeaz gain, proposamenak ere egiten ditu ondorioak murrizteko, eta etorkizunerako norabidea seinalatzen du. Proposamenen artean, azpimarratzekoa da komunitateei ematen zaien garrantzia. Hain zuzen, lehentasunen artean daude aztertzea zer komunitatek jasaten dituzten inpaktuak, komunitateekin batera egitea disenua, edota komunitateek sortutako ekimenak eta politikak babestea. Lan-baldintzak hobetzea ere aipatu dute: laneko segurtasuna, bidezko soldatak eta lantoki seguruak. Eta gobernantza etikoaren beharra nabarmendu dute. 

Etorkizunerako, inpaktua ebaluatzeko ereduak sortzea proposatu dute, diziplinaz gaindiko ikuspegi integralarekin. Horrekin batera, eskatu dute AA sortzailea garatzen eta ezartzen dutenek zer baliabide material eta pertsonal erabili duten aitortzea, gardentasunez. Horretarako, uste dute arduradun politikoek eta erakunde arautzaileek presioa egin behar dutela, eta konpainiak ikuskatu behar dituztela. Garapen eta erabilera etikoa eta ingurumenarekiko jasangarria lortzea da artikulugileen azken helburua.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia