Zentro horiek Europako nagusienetakoak dira, eta tartean daude Espainiako Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorena (CSIC), Frantziako Ikerketa Zientifikoko Zentroa (CNRS) eta Kataluniako Rovira i Virgili Unibertsitatea. Besteak Irlandakoak (bost) eta Polonia eta Suediakoak dira, eta bat Europa mailakoa (Instruct-ERIC). Guztiak ere genero-berdintasunarekiko konpromisoa aitortzen duen EU Award for Gender Equality Champions-en saridunak dira.
Erakunde sinatzaileek adierazi dutenez, haien helburua da genero-berdintasuna indartzea erakundeetan, politika inklusiboen jarraikortasuna bermatzea Europan, eta politika horiek lankidetza-ekintzetan sustatzea.
Azpimarratu dute “ezinbestekoa” dela emakume gehiago erakartzea ikasketa akademikoetara, eta ikerketan kalitate-estandarrik altuenak bermatzea, zientziak aurre egin diezaien gizarte- eta ekonomia-erronkei. “Hori lortzeko, funtsezkoa da genero-berdintasuna Europako eta nazioarteko lankidetzan integratzen jarraitzea”, baieztatu dute.
Galarraga Aiestaran, Ana
Elhuyar Zientzia