}

Adi, hemen ditugu!

2002/12/01 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Elikatzeko edo apaingarritarako erabiltzen ditugun landare asko kanpotik ekarritakoak dira. Baina, azkenaldian, hainbat landare erabilera horietatik ‘ihes egin’ eta bertakotu egin dira. Ez hori bakarrik, bertakotu eta zenbait tokitan arazo bilakatu ere egin dira.
E. Imaz

Zer gertatzen da ekosistema batean berez bertakoak ez diren espezieak sartzean? Ekosistemek sartze horiei aurre egiteko malgutasuna dute edo, aitzitik, iritsi berriek kalte handiak eta konponezinak eragiten dituzte? Ezer berezirik galduko al da betiko? Axola al dio?

Galdera bakoitzaren erantzun posibleak bi muturretakoak dira (ezer ez edo galera izugarriak; malgutasuna bai edo ez; kalte konponezinak ez edo bai…). Hau da, kasuan-kasuan aztertu behar da zein espezie zein ekosistematan sartzen den. Eta adibideak ere bi muturretakoak daude: ezer gertatu ez direnekoak eta galera edo ekosisteman aldaketa handiak izan direnekoak. Horregatik, badaezpada espezieak kontrolik gabe hara eta hona ez eramatea edo sartzerik ez egitea politika egokia izan daiteke; ekosistemak kontserbatu nahi baditugu, bederen.

Beharbada, animalien kasuak dira ezagunenak espezieen sartzeak aipatzean. Urrutira joan gabe, hor ditugu, esaterako, karramarro gorriak zein seinaleak bertako karramarroan eragin duen kaltea; edo bisoi amerikarrak Europako bisoiaren gainbeherari eman dion ‘laguntza’ izugarria; edo…

Reynoutria japonica ibai-bazterretan agertu ohi da bereziki Gipuzkoan, eta erraz zabaltzen da inguruko belardietara. Azpiegitura-lanek ere batera eta bestera eramaten dituzte landare-zatiak eta horiek itsastean ibaietatik at dauden lurrak ere inbaditzen dituzte. Maiz moztea da inbaditzaile honi aurre egiteko moduetako bat.
Argazkiak: E. Imaz

Baina landare askok jokatzen dute inbaditzaile gisa beren ingurunetik aterata. Bidaiak ugaritzea, nazioarteko joan-etorriak, lorategiak eta lorezaintza ugaritzea eta labore berriak sartzea dira landare inbaditzaileak hedatzea errazten duten faktore nagusiak. Ingurunea eraldatzeak ere nabarmen errazten du landare arrotzak sartzea, oro har, perturbazio-maila handiko inguruneak errazago inbaditzen baitituzte. Hala ere, inbasioek ez dute eragin bera munduko toki guztietan: uharteetan (Zeelanda Berriko floraren % 50 arrotza da), klima onberako tokietan (EHko Kantauriko isurialdea, esaterako, tenperatura epel eta prezipitazio nahiko ugariekin), oso gizatiartuta dauden tokietan eta oso eraldatuta daudenetan eragina handiagoa izan ohi da.

Euskal Herrian, behintzat, ingurunea eraldatzeak inbasioak errazteko duen garrantzia nabarmena da. Landare inbaditzaileak nagusiki non agertzen diren ikusi besterik ez dago: bide-bazterretan, luberrietan, lur mugituetan, ibai- eta erreka-bazterretan, kostaldean… Azken finean, bertako landare-komunitateek kalteren bat jasan duten guneez baliatzen dira inbaditzaileak.

Ezaugarri nagusiak

Landare inbaditzaileen eredu egokiena azkar hazi eta heltzen dena, hazi ugari sortzen duena eta distantzia luzeko dispertsiorako mekanismo egokiak izaten dituena da. Inbaditzaileak espezie aitzindariak izan beharko lukete, jatorriz inbaditutako lurraldearen antzeko kliman bizi daitezkeenak eta jatorrizko tokietako parasito, izurri zein konpetentziarik gabe erruz ugaritzen direnak. Hori teorian, praktikan ia antzekotasun bakarra baitute inbaditzaile guztiek: jatorrizkotik urrun dauden lurraldeetan arrakasta izatea. Izan ere, oso zaila da landareen inbasio-potentziala aurreikusteko eredu zehatzik finkatzea (AEBetan ahalegin berezia ari dira egiten arlo horretan).

Hala ere, badira inbaditzaileen kolonizazioa errazten duten zenbait ezaugarri.

Buddleja davidii aspalditik da ugariago bide bazterretan lorategietan baino.

Batetik ezaugarri fisiologikoak ditugu: haziek kondizio ekologiko eskasetan ernetzeko gaitasuna edukitzeak abantaila ematen die zenbait inbaditzaileri. Era berean, inbaditzaile asko ernatu ondoren oso azkar hazteko gai izaten da, eta, horrela, denbora gutxian espazio handia hartu eta beste landareekiko abantaila lortzen dute. Zenbaitzuk inguruan beste landareak haztea eragozten duten mekanismoak dituzte (itzala, osagai kimikoak…). Gipuzkoako ibaietan hainbeste ugaritu den Reynoutria japonica esaterako, itzalaz baliatzen da lehiakideak aldentzeko.

Bestetik, ezaugarri demografikoak daude. Heldutasunera azkar iristen diren landareek haziak inguruko landareek baino lehenago ekoizten dituzte. Estrategia hori duten inbaditzaileetatik aipagarria da Baccharis halimifolia espeziea; 2-3 urterekin hazi-kopuru izugarria ekoizten du zuhaixka horrek eta gure kostaldeko gune hezeetan nahiko ugaria da. Horiez gain, inbaditzaile askok haziak urrun dispertsatzeko gaitasuna eta ernatu aurretik asko irauteko ahalmena duten haziak izaten dituzte.

Baccharis halimifolia Urdaibaiko lezkadi eta belardi askotan nagusitu da. Haizeak erraz eramaten dituen hazi ugari ekoiztea estrategia ona da inbaditzaile honentzat.

Hirugarrenez, ezaugarri genetikoak aipa daitezke, hainbat inbaditzaile landare-espezie poliploideak baitira (hau da, kromosoma bakoitzaren bi kopia baino gehiago dituztenak; guk, esaterako, bi kopia ditugu). Horren ondorioz, dibertsifikatzeko ahalmen handia eta endogamia-arrisku gutxiago izaten dute. Zenbait espezie inbaditzaileren landareek beren burua ernaltzeko gaitasuna ere badute.

Hiru ezaugarri horiek gorabehera, landare-espezie arrotz gehienak urteko belarkarak edo ingurune eraldatuetara ondo moldatutako landare iraunkorrak dira, bertako florari kalte handirik eragiten ez diotenak. Beste arrotz batzuk, ordea, hiru ezaugarrietako batzuk baliatu eta inguru naturalerako arrisku nagusienetakoa bilakatzen dira. Horietatik bi talde dira nabarmentzekoak: zurezko landareak ( Robinia pseudoacacia, Baccharis halimifolia, Buddleja davidii… ) eta kontserbazioaren ikuspuntutik interes berezia duten landare komunitateak inbaditzen dituztenak ( Paspalum sp., Stenotaphrum secundatum, C. edulis,… ).

Inbasio-moduak

Landare arrotzek burutzen duten inbasio-prozesuan lau pauso bereiz daitezke: landareen hazi edo zati bideragarriak sartu eta lehen aleak agertzea, oso lur eraldatuetan finkatzea, gutxiago eraldatutako inguruak kolonizatzea eta, landare-komunitate naturalak inbaditzea.

Hori bai, espezie inbaditzaile guztiak ez dira lau urrats horietatik pasatzen.

Paisaia honek ondo kontserbatutako tokia dirudien arren, mendi-magaleko ia baso guztia sasiarkaziz osatua dago, Europako zuhaitz inbaditzaile nagusiaz alegia. Haren ordez, baso andeatuetako bertako espezieak beharko luketa (urkiak, lizarrak, sahatsak...). (Argazkia: E. Imaz).

Zenbait landare, esaterako, oso gune jakinetan egoten dira hainbat urtetan populazioak neurri kritikoa hartu arte. Orduan, bat-batean gutxiago eraldatutako inguruneak kolonizatu eta arazo bilakatzen hasten dira, urte askoan oldarkortasun txikiko espezietzat eduki ondoren. Hori izan daiteke, esaterako, Urdaibaiko Biosfera Erreserban dauden C. edulis eta Cortaderia selloana espezieen egoera. Izan ere, oso antzeko ekosistema eta klimatan landare horiek inbaditzaile gogorrak dira. Urdaibain, ordea, ez dute kalte handirik eragin, oraingoz.

Badira, bestalde, hasieratik oso gutxi edo batere aldatu gabeko ekosistematan indar handiz finkatzen diren espezieak, bereziki gune hezeetan, dunetako ekosistemetan eta lurralde intsularretan. Horiek, normalean, aldaketa bortitzak eragiten dituzte landare-komunitateen osaeran eta, beraz, jatorrizko komunitate horiek dauden ekosistemetan (adibidez: ornogabe- eta ornodun-komunitateetan, ekoizpen-mailetan, nutrienteen zikloetan, higaduran, sedimentazioan…). Ikerketa sakonik egin ez bada ere, hori izan daiteke Urdaibaiko lezkadi eta larreetan zein kostaldeko beste hainbat tokitan B. halimifolia finkatu ondoren gertatu dena.

Inbaditzaileak Euskal Herrian

Batekin gutxi eta bi toki berean. Reinoutriak eta buddlejak, askotan, lur berak inbaditu eta oso komunitate itxiak sortzen dituzte.
E. Imaz

Espezie exotiko galkorrak Euskal Herri osoan barreiatuta ageri badira ere, erabat naturalizatuta dauden ia espezie guztiak Atlantikoko isurialdean daude eta, nagusiki,gune epelenetan ageri dira. Zergatik?

Gaiari buruzko lehen ikerketa sistematikoa 1997an argitaratu zen. Han aipatzen ziren 236 taxoietatik 67 espezie komunitate natural edo erdinaturaletan finkatuta zeudela ikus daiteke; eta haietatik 11 arriskutsutzat sailkatu zituzten interes bereziko komunitate naturaletan ugariak zirelako, gehienak kostaldeko inguruneetan. Euskal Autonomia Erkidegoko datuak dira horiek.

Zenbait espeziek bertan topatzen dituztelako kondizio egokienak, bereziki padura eta dunetan hazten direnak; bestetik, bertako kondizio klimatikoak (nahiko prezipitazio ugari eta tenperatura epelak urte osoan) jatorri tropikal eta subtropikaleko landare askorentzat egokiak dira, eta hangoak dira landare apaingarri asko; azkenik, giza presioa handiagoa da toki horietan eta, beraz, ingurunea eraldatuagoa dago (luberri, errepide-bazter, orube… ugari daude).

Cortaderia selloana , duen eiateagatik, oso ikusgarria da lorategietan, baina mendira 'ihes' egiten duenean berehala betetzen ditu lur-eremuak. Irudian, ezponda bat inbaditu berri duten landare txikiak ikusten dira.
E. Imaz

Geroago, 2000. urtean, jatorri exotikoko 393 espezie aipatzen dira EAErako. Landare galkorrak ugaritzeak ekarri du zerrenda horrenbeste haztea. Horietatik 15 espezie oso arriskutsutzat jotzen ziren.

Azkenik, 2001eko Urdaibaiko biosfera erreserbako flora exotikoa txostenean, 111 landare-espezie exotiko aipatzen dira erreserban. Gaur egun duten inpaktua eta etorkizunean izurrite bihurtzeko arriskua ere neurtu da bertan.

Etengabe ari gara kostaldeko ekosistemak aipatzen, bereziki padurak, horietan izan baita eragin nabarmenena eta horietan egin baitira orain arteko ikerketa apurrak. Baina dunetan eta lur hondartsuetan ere badira landare inbaditzaileak. C. edulis espeziea, esaterako, bere lore bitxiak direla eta landatzen da lur hareatsuko lorategietan, baina inguruko lurretara ere hedatzen da, Getariko San Antonen eta Zumaiako Algorrin gertatu den legez.

Kostaldean, baina orube, luberri eta ibai-bazterretan ere, badira adibideak. Hor dugu, ugari-ugari, Buddleja davidii espeziea, bere garaian Asiako jatorrizko lurraldeetan Aita David misiolari euskaldunak deskribatu zuen.

Mendialdera dauden bailara eta lurrek, oro har, flora exotiko naturalizatuarekiko erresistentzia handiagoa izaten dute, baina badira inbasio-kasu aipagarriak ere. Ibai-bazter eta lubakietan B. davidii eta R. japonica ugari dago. Azken horrek Gipuzkoako ibai askotan lortu duen estaldura handia da oso. Horiez gain, aipatzekoa da mendialdeko zein kostaldeko sastrakadi, baso-bazter eta baso sekundarioetan hazten den R. pseudoacacia edo sasiarkazia. Horixe da Europako baso-inbaditzaile nagusiena, eta aukera duen guztietan basoak osatzen ditu. Dena den, nekez sartzen da ondo garatutako baso-komunitateetan. Jatorriz iparramerikarra izan arren, aspaldi iritsi zen gure artera eta, horregatik, jendeak gaur egun ez du zuhaitz arrotz gisa ikusten; gainera, hesolak egiteko erabiltzen denez, nolabaiteko ‘ospe ona’ du.

Carpobrotus generoko landareak kolonizatzaile/inbaditzaile apartak dira. Euskal Herrian batez ere erraz sustraitzen diren zatien bidez hedatu dira kostaldeko zenbait gune hareatsuetan.

Artikuluan aipatu ditugunak Euskal Herrian aurki ditzakegun espezie inbaditzaileetako batzuk besterik ez dira, gehiago ere bai baitaude. Eta uste baino ugariagoak dira gainera. Bazterretan ondo begiratuz gero nonahi ikus daitezke, batzuk bakanka eta beste batzuk bertako landare-espezieak erabat baztertuta dituztela, espezie bakarreko komunitateak osatzen. Inbasioa asko hedatzen denean bioaniztasuna galtzen da. Baina bidezkoa da pentsatzea, jatorrizko landare-espezietan oinarritutako bizidunen komunitatean ere aldaketak gertatzen direla.

Baina, horrek axola al dio?

Flora-inbasioen historia Europan

Europako landare inbaditzaileen historia duela 7.000 urte inguru hasi zen, Neolitikoan, nekazaritza hasi zenean. Orduz geroztik hainbat landare exotiko iritsi da Europara eta, gaur egun, Europako landareen % 10-20 exotikoa dateke, zenbait autoreren arabera.

Nekazaritzak, zanpatzeak eta haziak garraiatzeak hainbat landare ‘gizakiaren laguntzaile’ bilakatu ditu. Oso ugari dira herrietan, komunikabide-bazterretan, soroetan… Eskualde gehienetan, horrelako guneetako landareen erdia inguru beste nonbaitetik iritsitako landareak dira.

Neolitikotik XV. mendera bitartean iritsitako landareei arkeofito deritze eta atzerakada nabarmena jasan dute XX. mendeko azken hamarkadetan, nekazaritza-guneei lotuta baitzeuden eta nekazaritzan erabiltzen diren herbizidak gero eta eraginkorragoak baitira. Gainera, batera eta bestera garraiatzen diren hazien kargamentuak ere gero eta ‘garbiagoak’ dira.

Europarrek Amerika aurkitu ondoren landare berri ugari iritsi zen, neofitoak . Harrezkero, (eta bereziki joan den mendeaz geroztik) bidaiak ere ugaritu egin dira, bai Ameriketara baita munduko beste tokietara ere eta, ondorioz, landare inbaditzaileak ez dira nekazaritza-guneetara mugatzen; lorezaintzan erabiltzen direnak ere asko ugaritu dira.


Nola egin aurre?

Europan, AEBetan ez bezala, ez dago legedi berezirik landare exotikoak sartzea erregulatzeko (soilik mihura-espezie batek du sarrera mugatua Europan) eta are gutxiago inbaditzaile bihurtu diren espezieei aurre egiteko.

Hala ere, zenbait tokitan, arazoaren larriak eraginda, hasiak dira landare horiek egozteko saiakerak egiten. Oro har, ondorengo metodo hauek erabiltzen dira:

  • Mekanikoak : landareak eskuz edo makinekin suntsitzen dira. Erabilgarriak dira sustraietatik kimu berriak sortzen ez dituzten espezieetan.
  • Termikoak : sute kontrolatuak erabiltzen dira, edo banako landareak su-jaurtigailuarekin erretzen dira. Suteena metodo erasokorra da oso eta inbaditzaileak ia erabat nagusi direnean erabiltzekoa; gainera, inbaditzaile berrientzat txoko ekologiko egokiak sortzen dira.
  • Maneiuzkoak : inbaditzaileekin lehiatuko duten espezie autoktonoak sartzen edo abeltzaintza- zein nekazaritza-metodoak erabiltzen dira.
  • Biologikoak : landare inbaditzailea kaltetzen duten intsektu edo patogenoak erabiltzen dira. Oso garrantzitsua da erabiliko den organismoak tokian tokiko landare-espezieak ez dituela kaltetuko ziurtatzea.
  • Kimikoak : herbizidak erabiltzen dira. Modu selektiboan edo ez-selektiboan erabil daitezke, kasuan kasuko abantaila eta eragozpenak aztertuta.

Euskal Herriko inbaditzaile batzuk

  • Paduretan: B. halimifolia, S. secundatum, P. vaginatum, Spartina alterniflora eta Spartina versiclor .
  • Dunetan eta lur hondartsuetan: Oenothera glazioviana, O. x fallax, Arctotheca calendula, Sporobolus indicus, Conyza spp., P. vaginatum, Lobularia maritima, S. secundatum, C. edulis eta Solanum sublobatum .
  • Kostaldeko orube eta luberrietan, C. selloana eta orube, luberri eta batez ere ibai-bazterretan Lonicera japonica eta Buddleja davidii .
  • Mendialdeko ibai-bazter eta lubakietan B. davidii eta R. japonica . Sastrakadi eta baso-bazterretan L. japonica, Senecio mikanioides, Ipomoea purpurea eta B. davidii . Eta aurreko bietan zein baso sekundarioetan R. pseudoacacia .

Horiek guztiak espezie inbaditzaie aipagarrienak dira, bertako landare-komunitateei eta ekosistemei arazo gehien sortzen dizkietenak, baina ez dira bakarrak.



Bibliografia

  • J. A. Campos, M. Herrera. ‘La Flora Introducida en el Pais Vasco’. 1997.
  • J. A. Campos, F. Silván Beraza. ‘Flora Exótica de la Reserva de la Biosfera’. Urdaibai Biosferaren Erreserbako Patronatuko txostena . 2001.
  • B. van Wilgen, D. Richardson, S. Higgins ‘Integrated Control of Invasive Alien Plants in Terrestrial Ecosystems’. Best management practices for preventing and controlling invasive alien species (Ed. G. Preston, G. Brown and E. van Wyk), Working for Water programme, Cape Town. orr. 118-128. 2000.
  • S. Lowe, M. Browne, S. Boudjelas. 100 of the World´s Worst Invasive Alien Species. A Selection from the Global Invasive Species Database . IUCN/SSC Invasive Species Specialist Group (ISSG), Auckland, New Zealand. 2000.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia