Adarrik gabeko zezenak eta behiak helburu
2010/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zamudioko Teknologia Parkeko Aberekin enpresak adarrik gabeko behi eta zezenak jaiotzeko ikerketa bat jarri du martxan.
"Abeltzainen artean oso ohikoa da esnetarako behiei adarrak moztea. Abeletxe bateko eguneroko jardueren artean dago lan hori. Astero, txahal jaioberriei adarrak kauterizatzen dizkiete", dio Carlos Ugarte Aberekin enpresako kideak.
Batik bat, abeltzainen lana errazteko mozten zaizkie adarrak animalia horiei; adarkadek sortutako istripuak gutxitzeko, hain zuzen ere. Eta animalien arteko borrokak ere gutxitzen dira horrela. Esnetarako behien % 90i mozten dizkiete adarrak; eta haragitako ganaduaren kasuan, berriz, % 10i.
Aberekin enpresan adarrik gabeko zezenen hazia erauzi eta EHUko Genomika Zerbitzuko laborategira bidaltzen dute. Eta han, haziaren DNA aztertuz, ikusten dute zer probabilitate dagoen zezen horien ondorengoak adarrik gabekoak izateko.
"Limousina arrazako zezen batekin egin ditugu lehen intseminazioak, eta lehenengo emaitzak udazken aldera larreetan ikustea espero dugu", adierazi du Carlos Ugartek. "Etorkizunera begira, helburua da hazitarako animalien hautaketa egokia egiten jarraitzea, eta ondorengoak adarrik gabe jaiotzeko genea belaunaldiz belaunaldi transmititzen joatea. Modu horretan, adarrik gabe jaioko diren txahalen kopurua handitzen joango da pixkanaka. 10-12 urteko lanarekin, litekeena da jaiotzen diren txahalen % 50 adarrik gabekoa izatea", azaldu du.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia