Adarrak moztea da errinozeroak ehiza ilegaletik babesteko neurririk eraginkorrena

2025/06/05 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

adarrak-moztea-da-errinozeroak-ehiza-ilegaletik-ba
Errinozero zuri adarmotz bat bere kumearekin. Arg. Tim Kuiper

Errinozeroei adarrak moztuta izugarri murrizten da haien ehiza ilegala. Ondorio hori atera dute Science aldizkarian argitaratu duten ikerketa batean. Izan ere, munduan dauden bost errinozero espezieentzat mehatxu handia da legez kanpoko ehiza, eta ehiza horien helburua errinozeroen adarrak izaten dira.

Azterketa Hegoafrikan egin dute, Greater Kruger eskualdean, errinozeroen babesleku garrantzitsuenetako batean; han bizi da  Afrikako errinozeroen laurdena. Zehazki, eskualde horretako 11 erreserbatan 2017 eta 2023 urteen artean jasotako datuak aztertu dituzte. Legez kanpoko 1.985 ehiza dokumentatu zituzten, urtean populazioaren % 6,5 inguru.

Errinozero zuri bati (Ceratotherium simum) adarra mozten. Arg. Greater Kruger Environmental Protection Foundation

2.284 errinozerori adarrak moztu zizkieten, eta konparaketak egin zituzten, adarrak moztu gabeko eta moztutako guneen artean, eta gune beretan adarrak moztu aurretik eta ondoren. Horrela kalkulatu dute, adarrak moztuta % 78 murrizten dela ehiza ilegala. Ikusi dutenez, ehiza ilegala ez da guztiz saihesten, errinozero adarmotzak ere ehizatzen baitituzte, adar-motzondoak eta birsortutako adarrak eskuratzeko. 

Milioi askoko inbertsioak egiten dira errinozeroak ehiza ilegaletik babesteko. Inbertsioaren zati handiena zuzenean ehiztarien aurka egiteko erabiltzen da: guardiak, zakurrak, helikopteroak, sarbide-kontrolak, kamerak, eta abar. Neurri horien eraginkortasuna ere neurtu dute ikertzaileek, eta ez dute topatu ehiza ilegala nabarmen murrizten duten ebidentzia estatistikorik. Nabarmendu dute zerikusi handia duela horretan tokiko egoera sozioekonomikoak, hala nola pobreziak (jendea arriskatzera bultzatzen du), eta ustelkeriak.

Ikerketa honetan, berriz, errinozeroak babesteko aurrekontuaren % 1,2 nahikoa izan zuten, adarrak mozteko, eta ehiza ilegala % 78 murrizteko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia