Abian da Norteko Ferrokarrilla
2019/09/11 Elhuyar Zientzia
Ostiral honetan abiatuko da Norteko Ferrokarrillaren denboraldi berria. Astero, Guillermo Roa Zubia Elhuyarreko komunikatzailearen gidaritzapean, Euskadi Irratiko uhinetan egingo du geldialdia: ostiral gauetan, 22:00etan, eta larunbat arratsaldetan, 15:00etan.
Zientzia- eta teknologia-munduan gertatzen dena azaltzeko, kolaboratzaileen laguntza izango du Roak, eta, elkarrizketen bidez, zientziaren alderdi bitxi edo ezezagunak aterako ditu argitara. Adibidez, denboraldiko lehen saioan, matematika manipulatiboak egunerokoan nola txertatu azalduko du Lorena Egidazu Ormazabalek.
Horrez gain, Elhuyar aldizkariaren azken zenbakiari begiratu bat emango dio Norteko Ferrokarrillak, eta erdiko orrietan sakontzeko geldialdi bat egingo du, nerabezaroaren zientzian sakontzeko.
Zientzia-kontu gehiago Elhuyarren eskutik, astero-astero, Euskadi Irratian, ostiraletan 22:00etan, eta larunbatetan 15:00etan.
eu es fr en ca gl
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia