Abereak larrean
2009/07/01 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Abeltzaintza estentsiboan kantitateak baino garrantzi handiagoa du kalitateak. Horixe da, hain zuzen ere, abeltzaintza horren helburuetako bat: kalitatezko elikagaien ekoizpen orekatua lortzea. Horretarako, artzain eta abeltzainek ganadua aire librean, goi-mendiko larreetan, bazkatzen dute udaberritik udazkenera bitartean, baliabide naturalak ustiatuz.
Abeltzaintza-mota horrek abantaila ugari ditu, Arantza Aldezabal EHUko Landareen Biologia eta Ekologia saileko irakasleak esan digunez. Izan ere, aziendak gai dira, denbora- eta espazio-eskala ezberdinetan, nolabaiteko dibertsitate bat sortzeko. "Aziendarik ez balego, ez genuke gaur egun mendian dugun mosaiko-paisaia edukiko" gehitu du Aldezabalek. Halaber, ikusi dute, oro har, ganadu-zama ertainen edo txikien eragina nahiko positiboa dela, landare-komunitateetan edo larreetan, dibertsitatea emendatzen dutelako. Alegia, espezieen arteko lehian oreka bat sortzen du aziendak. Oso lehiakorrak diren espezieak bazkatuz, haiei indar pixka bat kentzen die, eta beste batzuei hazteko aukera ematen die.
Bestalde, "abeltzaintza estentsiboaren sisteman, abere espezie bat baino gehiago konbinatzen baditugu, aldi berean, larreen aprobetxamendua edo erabilera dibertsifikatzen ditugu" azaldu digu Aldezabalek. Izan ere, abere bakoitzak estrategia desberdina du bazkatzeko garaian.
Adibidez, tamaina handiko animaliek, behiek kasu, belar asko behar izaten dute. Baina behiek, hausnarkariak izanik, ezin dute egun osoan jaten aritu. Hausnarketa egin behar dute jandakoa prozesatzeko. Prozesu horretan, urdaila betea egoten da, eta ezin izaten dute gehiago jan hausnarketa bukatu arte. "Hortaz, hozkada bakoitzean biomasa handia ematen dien belar-mota bilatzen dute behiek. Gainera, gai dira zuntz asko duen belarra digeritzeko" dio Aldezabalek."Behorrak berriz ez dira hausnarkariak, eta, hortaz, egunaren zati handi bat jaten ematen dute. Eta ardiek, gehiago bilatzen dituzte proteinak emango dizkieten belarrak bestelakoak baino. Beraz, espazio-segregazio bat gertatzen da, eta landare-mota bat gehiegi ustiatzea eta beste bat baztertzea saihesten da" gehitu du.
Gainera, landareen fisiologiari dagokionez, ikusi dute gai direla fisiologikoki bere bizi-estrategia moldatzeko eta kontrolatzeko, larratzeak ahalik eta kalte gutxien egin diezaien. "Zalantzarik gabe, elkarrekintzaz betea dagoen sistema da abeltzaintza estentsiboarena" dio Aldezabalek.
Kudeaketa okerrak kalte
Dena den, eremu bakoitzak jasate-ahalmen bat du, hau da, ekoizten duenarekin gai da ekoizpen horri kalterik egin gabe animalia-kopuru jakin bat mantentzeko denbora jakin batean. Zer gertatzen da jasate-ahalmen hori gainditzen denean? Azienda kalteak eragiten hasten da. Gehiegizko larratzeak kalte egin diezaioke landareen ugalketari, ez baitu hazi bakar bat ere uzten hurrengo urterako; zapaltzearen ondorioz soilguneak sor ditzake, eta, zenbaitetan, ikusi dute soilgune horiek landare inbaditzaileek edo kolonizatzaile azkarrek betetzen dituztela. Halaber, larrea suntsitu egiten da, eta, hortaz, espezieen dibertsitatea txikitu egiten da.
Gakoa da ganadu-zama neurri egokian mantentzea, abeltzaintza estentsiboak dituen abantaila horiek guztiak izateko. Aitzitik, kudeaketa desegoki batek kalteak besterik ez du ekartzen. Horren adibide garbia da Kantabrian gertatutakoa. Garai batean, hango berezko Tudanka behi-arraza hazten zuten haragitarako. Arraza hori ingurunera ongi moldatuta dago, maneiu gutxi behar du... Baina ez du haragi asko ekoizten. Hortaz, abeltzainek kanpoko arrazak erosi eta larreratu dituzte, haragitarako ezaugarri hobeak dituztenak eta haragi gehiago ematen dutenak. Eta ikusi dute bertako eta kanpoko arrazek larreen erabilera ezberdina egiten dutela. Kanpoko arraza horiek belar goxoa eta garbia dagoen guneetan soilik pilatzen joan dira, eta larre horiek gehiegi ustiatu dituzte, eta lurzorua biluzik utzi dute.
Horren ondorioz, larre horietan historikoki kontrolatuta izan den landare-espezie bat, Euphorbia polygalifolia , nabarmen hazi eta ugaldu da. Espezie hori toxikoa da behientzat, eta erabat errefusatzen dute. Baina ardiei ez die kalterik egiten; horregatik, "ardien bidez posible litzateke inbasio hori kontrolatzea" dio Aldezabalek... Hortaz, landare horri aurre egiteko proposatzen duten estrategia ardi-aziendarekin jokatzea da.
"Ganadua bera kudeaketa-tresna modura erabiltzeko zenbait esperimentu egin ditugu EAEn, baina ideia ez dute barneratu oraindik abeltzainek eta artzainek. Izan ere, Aralar eta Aizkorri aldean, esaterako, abeltzaintza estentsiboa egiten dute, ohituraz hala egiten delako, batik bat" gehitu du Aldezabalek.
"Aralarko artzainak, batez beste, beste leku batzuetakoak baino askoz gazteagoak dira. Inguru horietan lanbide horrek indar handia du oraindik ere" azpimarratu du Aldezabalek. Datuen arabera, ordea, gero eta abeltzain eta artzain gutxiago daude oro har, eta horien batez besteko adina handi samarra da, etorkizunean lanbideari eutsi ahal izateko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia