}

Abere-hazkuntzaren itzala ingurumenean

2007/02/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Giza jarduera guztiek dute nolabaiteko eragina ingurumenean. Jardueretako bat, nahiko oinarrizkoa gainera, jateko animaliak haztea da. Bada, FAOren arabera, horixe da, hain juxtu, ingurumenari kalte handiena egiten dionetako bat; ibilgailuek egiten dutena baino handiagoa, esaterako. Txosten batean azaltzen du FAOk hori, eta baita nola, zenbat eta zergatik duen halako eragina ere.
Abere-hazkuntzaren itzala ingurumenean
2007/02/01 | Galarraga Aiestaran, Ana | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(Argazkia: G. Greb/ARS)
Behiek trafikoak baino gehiago poluitzen dutela atmosfera; hori esan omen dute irratian. Egunkarian begiratu, eta bai, han ere antzekoa jartzen du: ganaduak ibilgailuek baino eragin handiagoa duela berotegi-efektuan. Datua nork eman duen ere jartzen du; FAOk, hau da, Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak. Iturri fidagarria da, beraz.

Eta bai, datua ere zuzena da. FAOk berak nabarmendu du, gainera. Baina datuaren atzean FAOren txosten sakon bat dago, Livestock's long shadow izenekoa, edo, gutxi gorabehera, gizakiak jateko hazten dituen animalien itzal luzea. Eta hor azaltzen dute, besteak beste, zergatik ondorioztatu duten berotegi-efektuan ganaduak trafikoak baino gehiago eragiten duela.

Erabili duten metodologian, animalia-jatorriko elikagaia lortzeko kate osoan sortzen diren gas-isuriak batu dituzte. Hasteko, kontuan hartu dute pentsuak ekoiztean isuritakoa, eta hor sartu dituzte ongarri kimikoen ekoizpena, larreak eta soroak sortzeko baso-soiltzea, eta larreen degradazioa. Gero, abere-hazkundeak berak isuritakoa gehitu dute, aintzat hartuz bai abereen hesteetan sortzen diren gasak bai gorotzak askatutako oxido nitrosoa. Azkenik, animalia-jatorriko produktuak egitean eta garraiatzean sortzen diren isuriak ere batu dituzte.

Baturaren emaitza: berotegi-efektua eragiten duten gas-isurien % 18aren erantzulea da abeltzaintzaren sektorea. Eta, FAOren arabera, hori baino gutxiago sortzen du garraioak guztira. Zehazki, giza jarduerek sortutako karbono dioxidoaren % 9 sortzen du abeltzaintzak, eta berotegi-efektuan karbono dioxidoak baino gehiago eragiten duten beste gasak are proportzio handiagoan sortzen ditu.

Gas horiek metanoa eta oxido nitrosoa dira. Lehenak karbono dioxidoak baino 23 aldiz eragin handiagoa du berotegi-efektuan, eta oxido nitrosoak, berriz, 296 aldiz handiagoa. Eta ganaduak metano eta oxido nitroso asko sortzen du. FAOk kalkulatu duenez, ganaduaren hesteetan giza jardueretan askatutako metanoaren % 37 sortzen da. Ganadua da, baita ere, oxido nitrosoaren % 65aren jatorria, gehiena gorotzek askatuta.

FAOren arabera, berotegi-efektua eragiten duten gas gehiago sortzen da abere-hazkuntzan garraioan baino.
Utahko garraio departamentua

Hori gutxi ez, eta giza jardueren bidezko amoniako-isurien bi herenen (% 64) sorburua ere bada abeltzaintza. Era berean, amoniakoak euri azidoan eta ekosistemak azidotzean ardura handia duela ere gogorarazi du FAOk.

Lurrak eta urak

Horrenbestez, hori da komunikabideetan zabaldu zen datu deigarri horren azalpena. Txostenean, dena den, beste datu jakingarri asko daude. Adibidez, atmosferan ez ezik, abere-hazkuntzak lurzoruan eta uretan nola eragiten duen aztertu dute.

Sektore guztietatik, abeltzaintza da lurzoru gehien hartzen duena. Larreek izotzik gabeko azalaren laurdena hartzen dute, eta bazka hazteko soroek, berriz, landatzeko egokia den lurraren herena. Hala, nekazaritzako lurren % 70 eta lurrazal guztiaren % 30 abereak hazteko erabiltzen du gizakiak.

Gainera, azkenaldiko joerari eutsiz gero, abeltzaintzak gero eta lur gehiago hartuko du. Izan ere, populazioaren hazkundeagatik eta jateko ohituren aldaketagatik, asko hazi da animalia-jatorriko produktuen eskaera. Horri erantzunez, sektoreak hazkunde handia eta azkarra izan du azken hamarkadetan, eta aurrerantzean ere halaxe jarraituko duela uste du FAOk: 2050erako, haragi- eta esne-ekoizpenak bikoiztu egingo direla iragarri du.

Giza jardueretan askatutako oxido nitrosoaren % 65aren jatorria ganadua da (gehien bat gorotzak). Eta oxido nitrosoak karbono dioxidoak baino 296 aldiz eragin handiagoa du berotegi-efektuan.
(Argazkia: USDA NRCS)
Hazkunde hori da, hain juxtu, baso-galeraren kausa nagusietakoa. Hego Amerikan inon baino nabarmenagoa da hori. Esate baterako, Amazonas inguruan, lehen oihana zen azaleraren % 70 larre bihurtu dute, eta soroek hartzen dute gainerakoaren zati handi bat. Eta, basoa galtzea eragiteaz gain, lurzorua higatu eta trinkotu ere egiten du abeltzaintzak. Horren ondorioak bereziki larriak dira eremu lehorretan.

Dena dela, arazoa ez da bakarrik asko hazi dela sektorea, eta horrek ondorioak dituela ingurumenean. Arazoa da, baita ere, nola hazten ari den. Hain zuzen, aldaketa teknologikoak eta geografikoak gertatzen ari dira abere-hazkuntzan, eta horiek areagotu egiten dute jarduerak ingurumenean sortzen duen inpaktua.

Larreko abeltzaintzak oraindik leku handia badu ere, ukuiluko abeltzaintza intentsiboa nagusitzen ari da. Aldi berean, ekoizpena landa-eremutik hiri-inguruetara aldatzen ari da, eta gero eta gehiago hazten dira hazkunde azkarreko espezieak, hala nola txerriak eta oiloak.

Berez, ekoizpena intentsiboa izateak eta kontsumituko den lekutik hurbil ekoizteak lagundu egiten dute baliabideak eta hondakinak behar bezala kudeatzen. Baina, egiatan, ingurumenaren gaineko presioa areagotu egin da aldaketa horien ondorioz.

Uretan, adibidez, sekulako eragina du. FAOren arabera, abere-hazkuntza osotasunean hartuta da, ziur aski, ura gehien poluitzen duen jarduera. Eutrofizazioan, kostaldeko eremuen 'heriotzan', koralen degradazioan, antibiotikoekiko erresistentzian... arazo horietan guztietan, eragin handia du abere-hazkuntzak uretan eragiten duen poluzioak.

Osotasunean hartuta, abere-hazkuntza da, ziur aski, ura gehien poluitzen duen jarduera.
USDA NRCS

Poluzio horren jatorri nagusiak hauek dira: animalien gorotzak, zirinak eta beste hondakin organikoak, animaliak hazteko erabiltzen diren hormonak eta antibiotikoak, bazkarako landaketetan erabilitako pestizidak eta ongarriak, eta higatutako larreetako sedimentuak.

Bestalde, abeltzaintzaren eraginez, lurra trinkotu eta higatu egiten da, eta landare-estalkia galtzen da; ondorioz, ura ezin da iragazi. Hortaz, ur edangarria gutxitu egiten da lur azpian eta iturrietan, eta, gainera, uholdeak izateko arriskua handitzen da.

Biodibertsitatea arriskuan

Azken urteotan lurrean, basoetan, ur edangarrian, atmosferan... galera handia izan den bezala, biodibertsitatean ere gertatu da. FAOren txostenean azaltzen denez, espezie-galera orain arte fosilen erregistroan ikusitakoa baino 50-500 aldiz handiagoa da. Ekosistema-zerbitzuei begiratuta, naturak gizakiari ematen dizkion onurei, alegia, 24 ekosistema-zerbitzu nagusietatik 15 gainbeheran doazela uste du.

Gizakiak jateko hazten dituen animaliek lur gaineko animalien % 20 inguru osatzen dute gaur egun, eta hartu berri duten lurren % 30 lehen animalia basatien bizilekua zen. Izatez, abere-hazkuntza biodibertsitate-galeraren eragile garrantzitsuenetakoa da FAOrentzat. Aurrez aipatutako faktoreez gain --basoen galera, lurraren higadura, uraren eta atmosferaren poluzioa...-- biodibertsitate-galeran eragiten duten beste faktore batzuk ere azaldu ditu FAOk, hala nola espezie inbaditzaileak hedatzean duen ardura, eta baliabide berak erabiltzeko, abereen eta animalia basatien artean sortzen den lehia. Arrazoi horregatik, hainbat lekutan gatazkak sortzen dira abeltzainen eta kontserbazionisten artean.

Azkenaldiko joerari eutsiz gero, 2050erako haragi- eta esne-ekoizpena bikoiztu egingo da.
K. Weller/ARS
Faktore gehiago ere badaude, eta ondorioa hitz gutxitan laburbiltzen du WWF erakundeak: erakundeak identifikatzen dituen 825 eskualde ekologikoetatik, 306tan abere-hazkuntza arrisku bat da.

Oreka bila

Aurrerantzean abeltzaintzaren eta ingurumenaren arteko erlazioak nora joko duen jakiteko, bi eskaeraren arteko sokatiran zer gertatzen den ikusi beharko da. Sokaren mutur batean animalia-jatorriko produktuen eskaera dago, eta beste muturrean, berriz, ingurumen-zerbitzuena.

Baliabide naturalak mugatuak direla kontuan hartuta, gakoa baliabideak hobeto ustiatzean dagoela uste du FAOk. Hala, ustiapenean eraginkortasuna handitzeko hainbat hobekuntza tekniko proposatzen ditu.

Hala eta guztiz ere, abere-hazkuntzan erabiltzen diren lurra, ura eta janaria merkeegiak dira, eta prezioek ez dute islatzen benetan dagoen gabezia. Horren ondorioz, neurriz kanpo erabiltzen dira, eta ez da inolako ahaleginik egiten prozesuak eraginkorragoak izateko. Horregatik, txostenean azaltzen denez, ingurumena babesteko politiketan, prezio egokiak ezarri beharko litzaizkieke baliabide naturalei, prezioa balioaren pareko izan dadin.

Hainbat lekutan, baliabide berak erabiltzeko lehia sortzen da abereen eta animalia basatien artean.
A. Galarraga

Diru-laguntzen eta isunen politika egoki batek ere asko lagunduko luke baliabideak hobeto ustiatzen, eta prozesuen eraginkortasuna hobetzeko ahalegina egiten. Bukatzeko, kontsumitzaileek ere badutela zeresana iruditzen zaio FAOri. Izan ere, kontsumitzaileek ingurumenarekiko arduraz jokatzera bultza dezakete sektorea. Eta ez ingurumena zaintzeagatik bakarrik, beren buruagatik baizik.

Nonbait, dagoeneko ari da hazten ingurumen-zerbitzuen eskaera. FAOk iragartzen duenez, bilakaera bat gertatuko da eskaera horretan. Lehenik, epe motzeko interesak bultzatuta haziko da eskaera --eltxoak eta usain txarrak ez daitezen areagotu, adibidez--. Gero, ur eta aire garbia eskatuko dute kontsumitzaileek, eta, azkenean, gai orokor eta epe luzeagokoekin kezkatuko dira, hala nola klima-aldaketa eta biodibertsitate-galera.

FAOren ikuspegia zuzena bada, guztiok garenez kontsumitzaile, denok gara abere-hazkundeak ingurumenean duen itzalaren erantzule. Eta baita itzal hori txikitzearena ere.

Inpaktua gutxitzeko neurriak
Txostenean, FAOk hainbat neurri proposatzen ditu abere-hazkuntzak ingurumenean sortzen duen inpaktua gutxitzeko:
Gas-isuriak: karbono dioxidoaren isuriak gutxitzeko, ganadua eta harentzako landareak era intentsiboan hazi, eta, nitrogenodun konposatuen eta metano-isuriak gutxitzeko, animalien elikadura zaindu eta gorotzak tratatu.
(Argazkia: USDA NRCS)
Lurzoruaren degradazioa: kaltetutako lurrak bere onera ekarri, basoa soiltzeko suteak kontrolatu, artzaintza-sistemak hobetu eta eremu kalteberak babestu.
Uraren poluzioa: uraren prezioa igo erabilera gutxitzeko, animalien hondakinak hobeto arazi, animaliak hobeto elikatu hondakinak gutxitzeko eta simaurra erabili lurra ongarritzeko.
Biodibertsitate-galera: aipatutako neurriez gain, eskualde basatien babesa hobetu, babestutako eremuen arteko komunikazioa hobetu, ingurumen-zerbitzuei prezioa jarri eta paisaiaren antolamenduan aintzat hartu abeltzaintza eta abeltzainak.
Galarraga Aiestaran, Ana
3
228
2007
2
039
Abeltzaintza; Nekazaritza; Ingurumena; Ekologia
Artikulua
42

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia