Elhuyar zientziaren komunikazioa

Abeltzaintza ekologikoa, inguruarekin bat

2006/02/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Euskal Herrian, abeltzaintza ekologikoa ez da nekazaritza ekologikoa bezain ezaguna. Dena dela, gero eta baserritar gehiagok aukeratzen dute abeltzaintza-mota hori; izan ere, abantaila nabariak ditu. Baina oztopoak ere baditu, merkaturatzean batez ere. Oztopo horiek gainditzeko erronkari aurre eginez, pauso txikiz baina seguruz, abeltzaintza ekologikoa bidea egiten ari da.

Abeltzaintza ekologikoa, inguruarekin bat
2006/02/01 | Galarraga Aiestaran, Ana | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: A. Galarraga)

Abeltzaintza ekologikoa ingurunearekin bat egiten duen ekoizpen-eredu bat da. Eredu hori tokian tokiko ingurura moldatzen da, eta, beraz, ez ditu ezaugarri berak leku batean zein bestean. Baina beti oinarritzen da abereek lurrarekin duten harremanean eta elkarrekintzan.

Abereek lurretik hartzen dute janaria, eta, aldi berean, lurra ongarritzen eta aberasten dute gorotzen bidez. Lurraren emankortasuna bermatzea da helburua, eta baita biodibertsitatea zaintzea ere.

Abeltzainek, lurrari ez ezik, urari ere erreparatzen diote. Hain zuzen ere, abeltzaintza intentsiboaren arazoetako bat hondakin-uren arazketa da. Euskal Herrian, lur-motagatik eta euri asko egiten duelako, erraza da gorotzek lur azpiko urak poluitzea. Hori saihesteko, abeltzaintza ekologikoan ondo zehaztuta dago zenbat buru har ditzakeen eremu batek.

Hala, hektarea bakoitzeko gehienez ere bi abelburu edo dozena bat ardi egon daitezke. Horrekin bermatu nahi da animaliek nahiko janari izatea, eta, gainera, ura ez kutsatzea. Abereen gorozkiez gain, ongarri kimikoek ere poluitzen dute ura, baina abeltzaintza ekologikoan ezin da ongarri kimikorik erabili.

Abereen ongizatea, funtsezkoa

Abeltzaintza ekologikoaren oinarrizko beste alderdi bat abereen ongizatea da. Horrek esan nahi du animaliak behar fisiologikoak aseta izan behar dituela. Batetik, abere bakoitzak nahiko leku izan behar du, bestela estresa sortzen baita. Bestetik, garrantzitsua da espezie bakoitzaren izaera errespetatzea eta berezko jokabidea izateko aukera ematea. Alegia, animalia bakartia bada, bakarrik ibiltzeko aukera izan behar du, eta taldean bizitzekoa, berriz, taldekoia bada.

Horretaz gain, abereak behar fisiologikoen arabera elikatuta egon behar du; bazkako animalia bada, bazka jan behar du, eta, graniboroa bada, alea. Eta, noski, ez du haragirik jan behar ez bada karniboroa. Bestelakoan, janariak ez du gai kimikoren arrastorik izan behar, eta, ahal izanez gero, abeltzainak bere lurretan ekoitzi behar du, hartara itxi egiten baita zikloa. Bazka edo alea erosi behar badu, nekazaritza ekologikokoa izan behar du.

Abeltzaintza ekologikoan bertako arrazak hazten dituzte. Arraza horiek egokituta daude ingurura, eta besteek baino osasun-arazo gutxiago izaten dituzte.
X. Azkue

Osasuna giltzarri

Gai kimikoen arrastorik gabeko produktuak lortzea denez helburua, abeltzaintza ekologikoko abereek ez dute hartzen ez hormonarik, ez hazkundearen eta apetituaren estimulatzailerik, ezta botikarik ere. Txertoak, berriz, bakarrik eman daitezke izurri-arriskua badago eta gobernuak hori agindu badu.

Abereak gaixotzen badira, botiken ordez bestelako terapiak erabiltzen dira: homeopatia, aromaterapia eta fitoterapia. Sara Lorda da Biolur Gipuzkoako nekazaritza ekologikoaren elkarteko abere-ekoizpenaren arduraduna, eta albaitari homeopatikoa da. Haren esanean, eredu horretan hazitako animaliak gutxitan gaixotzen dira, osasun ona izateko baldintza guztiak baitituzte. Hala ere, gaixotuz gero eta animaliaren bizitza arriskuan badago, botiken bidezko tratamendua egin daiteke, urtean bitan.

Bestela, homeopatiak eta terapia naturalek emaitza onak ematen dituzte. Esaterako, animaliak berak berez erabiltzen du fitoterapia. Senak aginduta, mesede egiten dion landarea hartzen du, eta sendatu egiten da, albaitariaren esku-hartzerik gabe.

Bestalde, abeltzaintza ekologikoan bertako arrazak hazten dituzte; izan ere, arraza horiek egokituta daude ingurura, eta besteek baino osasun-arazo gutxiago izaten dituzte. Gainera, aberearen fisiologia errespetatzen saiatzen dira abeltzainak; esaterako, berez titia uzten duten garaira arte uzten zaie txekorrei eta arkumeei amaren esnea hartzen, ez da onartzen metodo ez-naturalen bidezko araldien sinkronizazioa, ezta enbrioien transferentzia edo eraldaketa genetikoa ere.

Albaitarien arazo handiena bizkarroiak dira, batez ere ardietan eta ahuntzetan. Gibelari eragiten dioten bizkarroiak ohikoak dira, gibel-fasziola esaterako, eta ahuntzei izugarri eragiten die nematodo batek, estrongiloak.

Abeltzantza ekologikoan beste alderdi batzuk ere zaintzen dira, adibidez, energia-kontsumoa.
A. Galarraga

Sara Lordak dioenez, bizkarroiak saihesteko, sailak txandatzea komeni da, bizkarroiaren zikloa mozteko. Horretaz gain, hobe da abereek ez bazkatzea goizean goiz, orduan ateratzen baitira azalera bizkarroiak. Eguzkiak indarra hartu ahala, bizkarroiak lurperatu egiten dira, eta orduan zailagoa da aberea infektatzea. Baina abereak ahal den denbora gehien egoten direnez kanpoan, ez da erraza goizean ez bazkatzea.

Merkaturatzeko zailtasunak

Neurri horiek guztiak hartuta, abeltzaintza ekologikoan lortzen diren produktuak kalitate gorenekoak dira. Ekoizpen-eredu hori aukeratzen duten abeltzainak pozik egoten dira emaitzekin, eta erabat gogobetetzen ditu abereak ondo hazten direla ikusteak. Baina dena ez da hain ona. Izan ere, arazo handiak izaten dituzte beren produktuak merkaturatzean.

Zaila da kontsumitzaileengana iristea, eta are zailagoa labelarekin lehiatzea eta jendeari garbi uztea zer alde dagoen bataren eta bestearen artean. Gainera, ez zaie ondo iruditzen label-ekoizpenak hainbeste diru-laguntza publiko jasotzea eta berek hain gutxi, kontuan izanda kalitate handiko produktuak ekoizten dituztela.

Hortaz, abeltzaintza ekologikoan dabiltzanek erakundeen aldetik laguntza handiagoa izatea eskatzen dute, bai merkaturatzeko, bai produktuak bereizi eta ezagutarazteko, eta, batez ere, ikerketak egiteko. Hain zuzen ere, garrantzitsua iruditzen zaie ikerketak egitea produktuak hobetzeko eta frogatzeko ezaugarri bereziak dituztela.

27
Antibiotikorik ez
Urte batzuetan barra-barra erabili izan dira antibiotikoak abere-hazkuntzan, batez ere abeltzaintza intentsiboan. Animaliak leku itxietan pilatzen direnean, erraz sortu eta are errazago zabaltzen dira gaitzak; hori saihesteko, pentsuarekin edo urarekin batera, antibiotikoak eman izan zaizkie.
Antibiotiko horiek, ordea kontsumitzaileengana iritsi dira, bai esnearen bai haragiaren bidez. Ondorioz, erresistentziak azaldu dira; hau da, bakterioak erresistente bihurtu dira lehen eraginkorrak ziren antibiotikoekiko.
(Argazkia: Artxibokoa)
Horretaz jabetuta, gaur egun lehen baino arautuago dago noiz eman daitezkeen antibiotikoak. Hala ere, oraindik ere detektatzen dira antibiotikoen arrastoak animalia-produktuetan.
Abeltzaintza ekologikoan asko zaintzen dute alderdi hori; horregatik, bestelako tratamenduak erabiltzen dituzte, baina, batez ere, gaitzak prebenitzen ahalegintzen dira.
Dena dela, animalia-produktuetan dauden antibiotiko-arrastoak ez dira erresistentzien errudun bakarrak. Ezin da ahaztu sarritan jendeak nolanahi hartzen dituela antibiotikoak, eta horrek areagotu egiten du bakterioak erresistente bihurtzeko arriskua.
Hemen eta munduan
Abeltzaintza ekologikoa nahiko berria da Euskal Herrian. Lehen elkarteak --Biolur Nafarroa, Biolur Gipuzkoa eta Iparraldeko Biharko Lurraren Elkartea-- 1990eko hamarkadaren hasieran sortu ziren. Ordutik, gero eta ekoizle gehiago dituzte, baina azken urteetan hazkundea moteldu egin da, batez ere Nafarroan.
(Argazkia: Artxibokoa)
Nolanahi ere, Euskal Herrian ekoizle gutxi daude Europako beste herrialde batzuekin alderatuta. Munduan, ekoizle handienak Australia eta ondoren Argentina dira, baina, proportzioan, Europan erabiltzen da lur gehien ekoizpen ekologikorako. Europaren barruan, Italia da buru, eta gero Austria eta Herbehereak datoz; Austrian nekazaritza-lurraren % 11 ekoizpen ekologikorako erabiltzen da, eta Herbeheretan % 10.
Azken urteetan, batez ere Frantzian, Espainian eta Britainia Handian hazi da ekoizpen ekologikoa. Espainian, adibidez, 2002an aurreko urtean baino % 37 lur gehiago erabili zen ekoizpen ekologikorako.
Galarraga Aiestaran, Ana
3
217
2006
2
035
Abeltzaintza; Ingurumena

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia