Sexuaren arabera aldatzen dira testosteronari lotutako arriskuak
2020/02/12 Gallego Moya, Juanma - Kazetaria Iturria: Elhuyar aldizkaria
Orain artean testosterona hormonaren mailaren eta zenbait gaixotasunen arteko lotura aztertzen duen ikerketarik handienaren emaitzak aurkeztu dituzte, eta sexuaren araberako alde nabarmenak azaleratu dituzte. Datuen arabera, testosterona-maila altua izateak bularreko eta endometrioko minbizia izateko arriskua handitzen du emakumezkoetan, eta prostatako minbiziarena gizonezkoetan. Modu berean, emakumeen kasuan, % 51 handitzen da obario polikistikoaren sindromea izateko arriskua.
Beste zenbait gaitz metabolikoren kasuan, eragin hori kontrakoa izan daiteke sexuaren arabera. Horrela, ikertzaileek argitu dute hormona-maila altuak emakumeen artean 2 motako diabetesa garatzeko arriskua % 37 handitzen duela, eta, gizonezkoen kasuan, ordea, arrisku hori % 14 txikitzen duela.
Cambridgeko eta Exeterreko Unibertsitateetako (Erresuma Batua) ikertzaileek Nature Medicine aldizkarian aurkeztu dituzte emaitzak. 425.097 lagunen genomak biltzen dituen Erresuma Batuko Biobankuaren datuak baliatu dituzte azterketa egiteko, eta testosterona-maila arautzen duten 2.571 aldagai genetiko aztertu dituzte. Datuen argitara, eta diabetesaren kasuan sexuaren araberako eraginak guztiz desberdinak direla kontuan izanda, ikertzaileek azpimarratu dute hormonei lotutako azterketetan beharrezkoa dela emakumezkoak eta gizonezkoak bereizita aztertzea.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia