55.000 urteko bisonte baten proteina sekuentziatu dute
2002/11/15 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Orain, Britainia Handian, Newcastleko Unibertsitateko ikertzaileek beste bide bat jorratu dute. Geology aldizkarian argitaratutako lanaren arabera, 55.000 urte inguruko proteina baten aminoazidoen sekuentzia argitu dute. Hain zuzen, Alaskan eta Siberian bildutako bisonteen ( Bison priscus ) hezurretatik hartu zuten osteokaltzina proteina. Nonbait, proteinek DNAk baino askoz ere gehiago irauten dute: ikertzaile-talde horrek neurtzeko moduko osteokaltzina-kantitateak aurkitu ditu, baita 120.000 urteko hezurretan ere. Eta proteina batzuk 10 milioi urte ere iraun dezaketela esan du.
Proteina sekuentziatzeko, gaur egun material genetikoa analizatzeko erabiltzen diren tekniken antzeko metodoa erabili dute. Diotenez, proteinen sekuentziak alderatuta, DNA alderatuta bezainbeste datu jakin daitezke; beraz, espezieen bilakaera aztertzeko erabilgarria izan daitekeela uste dute ikertzaileek. Dena dela, edozein proteinak ez du balio; izan ere, hezurren egituran parte hartzen duten proteinek ez dute informazio baliagarri asko, horien aminoazidoen sekuentzia ez baita ia batere aldatzen belaunalditik belaunaldira. Horregatik, oso garrantzitsuak dira molekula interesgarrienak aurkitzea ahalbidetzen duten teknikak.
Nolanahi ere, badirudi lan hori abiapuntu egokia dela bisonteen eboluzioa aztertzeko, eta proteinen sekuentzian oinarritutako teknika gainerako espezieetan ere erabilgarria izan daitekeela.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia