4.0 industria: iraultza baten atarian gaude?
2020/09/01 Aintzane Conde Fernández - Ingeniaritza Mekanikoan doktorea | Angel Elias Ortega - EHUko Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultateko dekanoa | Aran García Lekue - Fisikaria eta Ikerbasque ikertzaileaDIPC Iturria: Elhuyar aldizkaria
Irekiko diren aukera berriez gain, segurtasunaren inguruko zalantzak ere pizten ditu teknologia berrien iraultza bateratu honek. Zer arriskuz ari gara, ordea? Galderak asko dira, eta, haiei erantzuteko, eztabaida-saio ireki bat antolatu zuen Elhuyarrek, San Telmo museoan. Mahai-inguruan adituek emandako ikuspuntuak jaso ditugu hurrengo orrialdeetan, eta Zientziakide proiektuaren webgunean irakur ditzakezue ikusleek egindako hausnarketak. Hauek dira adituak:
Aintzane Conde Fernández, Ingeniaritza Mekanikoan doktorea. Tesian, 4.0 industriak eskaintzen dituen tresnak nola erabili aztertu zuen.
Angel Elias Ortega, jurista eta EHUko Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultateko dekanoa. Euskanpus Industria 4.0 taldeko partaidea da.
Aran García Lekue, fisikaria eta Ikerbasque ikertzailea da DIPC Donostia International Physics Center-en. Nanoeskalako materialek dituzten propietateak ikertzen ditu.
“Iraultza berriaren erremintak ondo erabiltzeko ardura dugu”
Aintzane Conde Fernández
Ingeniaritza Mekanikoan doktorea. IMH Fabrikazioaren Zentro Aurreratuko irakaslea
Une honetan, iraultza baten atarian dago industria. Ez da lehenengoa izango. XVIII. mendearen amaieran, mugarri historiko bat izan genuen: lurrun-makinen sorrera. Lan egiteko moduak aldatzea ekarri zuen horrek. Berdin gertatu zen kate-produkzioaren hasierarekin, zeina bigarren industria-iraultza izan baitzen, 1870eko hamarkadan. 100 urte eskas igaro ondoren, hirugarren iraultza bat ekarri zuen. Eta, gaur egun, konektibitatearekin eta datuen erabilerarekin bat egiten duen laugarren iraultza bizitzen ari gara: 4.0 industria.
Laugarren iraultza honen harira, azken urteotan, aurrerapauso ugari bizi izan ditugu. Konturatu barik, baditugu hainbat gailu gure aurpegia ezberdintzen dutenak beste askoren artetik, argazkietan ezagutzen gaituztenak, gure ahotsaren bitartez aginduak betetzen dituztenak. Gure egunerokotasunean, oso barneratuta dauzkagu, jada, halako teknologia-hobekuntzak edota domotikaren arloan bizimodua errazten diguten hainbat aukera. Komunikazioaren arloan aitzindari izan den eraldaketa hori industrian ere islatu da: horren adibide dugu gaur egungo iraultza, 4.0 industria. Baina, zer dakarkigu lan egiteko modu berri honek?
Hesirik gabeko kudeaketa
Alde batetik, uste dugu konektibitatean oinarritutako eraldaketa honek posible egingo duela lan automatikoa eta autonomoa. Produktuak zerbitzu bihurtuko dira eta, horrekin batera, trazabilitatea eta kontrola handitu egingo ditugu. Kudeaketan, halaber, nabaria izango da aldaketa, mugikorretik eta kilometro askotara agindu ahal izango baititugu askotariko ekintzak. Hau da, ez ditugu hesiak hautemango.
Erreminta berriak
Bestetik, fabrikazio-prozesu berri bat ere badago eragile nagusien artean, fabrikazio gehigarri deritzoguna, hain zuzen ere. Piezak ekoizteko modu berritzailea da, zeinetan piezak hasieratik “inprimatzen” dituzten makinak erabiltzen baitira mekanizazioa erabili beharrean. Fabrikazio-modu honek onura handiak ekarri ditu, material-ekoizpeneko eta geometria konplexuak eraikitzeko aukerak handitzen baititu, baita prototipazioa ahalbidetu ere. Orain arte pieza batzuk konpontzeko erabili den teknologia hori (adibidez, sektore aeronautikoan eta automobilgintzan), etorkizun batean, hasieratik piezak fabrikatzeko baliatuko dugu. Horretaz gain, baditugu elementu osagarriak, lanak errazteko erabiliko direnak; besteak beste, datu-kopuru handiak aztertzeko tresnak, robot kolaboratiboak eta errealitate birtuala. Errealitate birtualak, gainera, aurrezki handia eragin dezake, eskura edukiko baitugu piezen zein prozesuen trazabilitatea haiek gauzatu baino lehen.
Segurtasuna jomugan
Azkenik, segurtasuna dugu buruan. Horri dagokionez, erraz ikus ditzakegu egunerokotasuneko adibideak: baditugu sarean babestutako zenbait argazki eta fitxategi, gailu anitzekin estekatutakoak, zeintzuen bidez konexio konplexuak eraikitzen baitira. Eta biltegiratzeko gailu (USB) bat sartzen dugunean, erraz sar liteke birus bat, IT barne-sare horretan. Hori bera gerta daiteke guztiz digitalizatu eta konektatuta dagoen lantegi batean. Beraz, segurtasuna kanpo-erasoetatik babesteaz gain, barne-eraso eta -arriskuetatik ere babestu beharko da.
Formakuntzak bermatuko du arduraz jokatzea
4.0 industriaren ezaugarri nagusiak aipatu ditugun arren, pertsonengan zer eragin izango dituen ere hausnartu beharko litzateke. Langabetu-kopurua handituko da? Lanordu-kopuruan edota lan-baldintzetan aldaketarik ekarriko du? Hasieran aipatu dudan bezala, industria-iraultzek, orokorrean, bizi eta lan egiteko modu berriak zabaltzen dizkigute, baina modu horiek positiboak diren ala ez eztabaidatu beharra dago. Teknologiak eskaintzen dizkigun erremintak onak direlakoan nago, baina gizartearena da soilik, edo gizartearena izan beharko luke, erreminta horiek ondo erabiltzearen erantzukizuna. Eta hori gauzatzeko egin dezakegun gauzarik garrantzitsu eta oinarrizkoena da formakuntza ahalbidetzea: esparru guztietako formakuntza, eta ez bakarrik teknologikoa, aldaketak modu arduratsu eta gizatiar batean egiteko. Teknologiak gure gizartea eraldatuko badu, gure esku egongo da formakuntzaren bitartez gizartea aldaketetarako prestatzea.
“Nor dira aurrerapen teknologikoak kontrolatzen dituztenak?”
Angel Elias Ortega
Jurista eta EHUko Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultateko dekanoa
Azken 200 urteetan egiaztatu dugu lau industria-iraultzek demografia, natura, klima, biodibertsitatea, bizi-itxaropena, bizi-kalitatea eta baita botere-moduak ere aldatu dituztela. Geure buruari galdetu behar diogu zertarako teknologia berriak eta ezagutzan egindako aurrerapenak. Atomoaren aurkikuntzak, adibidez, aurrerapen handiak ekar ditzake, baina baita arrisku handiak ere. Gauza bera gertatzen da gaur egun arlo zientifiko ugaritan egindako aurrerapenekin.
Merkatuen erregulazioak eragiten du gizarte-beharrak asetzeko ekarpen txikia egiten duten lanbideetarako prestakuntza eta titulazioak sortzea, eta, kasu askotan, aberastasuna sortzetik urrun, esku batzuetatik besteetara baino ez dira aldatzen, betiere boteretsuenen kontrolpean daudela. Horregatik, zalantzan jarri behar da titulazio eta lanbide askoren funtsa, eta gizartearen beharrei eta erronkei eta subjektu bakoitzaren bokazio-garapenari erantzuteko duten gaitasuna aztertu.
Aurrerapen teknologikoen norabidea
Botere ekonomikoa duenak ere badu eragina aurrerapen teknologikoen norabideari buruzko politikagintzan eta erabakigunean. Horregatik, horiek bultzatu, finantzatu eta kontrolatzen dituzten subjektuak nor diren galdetu behar dugu.
Era berean, arlo publikoaren eginkizunari buruz galdetu behar dugu; adibidez, ikerketaren esparruan, unibertsitate publikoak, ehuneko handi batean, mezenasgo eta funts pribatuen ekarpenekin finantzatzeko joera nagusitzen da eta, zalantzarik gabe, haiek baldintzatuko dute ikerketen orientazioa eta norabidea.
Sortzen den aberastasuna, eliteentzat
Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala eta hura garatzen duten nazioarteko hainbat hitzarmen sinatu dituzte ia estatu guztiek, ongizatea bermatzeko eta hiritar bakoitzaren bizitzaren baldintzak pixkanaka hobetzeko konpromisoa hartzen baitute. Adibidez, Espainiako Konstituzioak hau ezartzen du, 128.1 artikuluan: “Herrialdearen aberastasun guztia, bere forma guztietan eta titulartasuna edozein dela ere, interes orokorraren mende dago”.
Nazioarteko mailan, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren ondoren, Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Itunak hau adierazten du, 2.1. artikuluan: “Itun honetako estatu kide bakoitzak neurriak hartzeko konpromisoa hartzen du —batez ere ekonomikoak eta teknikoak—, bere aldetik nahiz nazioarteko laguntza eta lankidetzaren bidez, eskura dituen baliabideen gehienekoa lortu arte, arian-arian, bitarteko egoki guztien bidez —bereziki legegintzako neurriak hartzea barne— hemen aitortutako eskubideen eragingarritasun osoa lortzeko”.
Baina, aurrekoarekin kontraste argia eginez eta dagoeneko aztertutako lege-agindua nabarmen urratuz, muturreko aldea dago gaur egun ondare eta errentetan eta lan fantastikoen eta beste zabor batzuen artean. Errealitateak erakusten digu merkatuetan elite txiki batzuk direla aberastasuna eta boterea kontrolatzen dutenak. Eta teknologia berriekin bilatzen dute beren interes ekonomikoak bultzatzea eta beren boterea handitzea, sektore estrategikoak izanik industria militarraren garapenarekin zerikusia dutenak, bai eta energia ekoizteko modu guztiak, komunikaziokoak, bioteknologia eta industria farmazeutikoa ere.
Banaketa zuzen baten alde
Uste dut adimen artifizialari eta teknologia berriei esker ugaria dela aberastasuna gaur egun, baina banaketa zuzen baten alde egin behar dela, eta hori eskubide sozialak unibertsalizatuz gauzatzen da, baita enplegu-denboraren banaketa baten bidez ere, horrek langabezia eta gehiegizko lana saihestuko baititu. Inbertsio sozial eta ekonomikorik onena da hori, eta gizarte hobe batean aurrera egiteko aukera emango digu, oso-osorik garatu ahal izango baitugu pertsonek.
Amaitzeko, zer bermatzen du aberastasuna eta enplegu-denbora banatzeak? Besteak beste, askatasun pertsonal handiagoa eta gizarte-kohesioa, prebentziorako eta gastuak aurrezteko estrategia bat, kalitatea hobetzen duten gizarte-zerbitzuen hazkundea, gazteei eta haien sormenari laguntzea eta balioak giza eskubideen ildotik garatzea.
“Molekulekin, lego-piezak balira bezala jolastu gaitezke jada”
Aran García Lekue
Fisikaria eta Ikerbasque ikertzailea, DIPC Donostia International Physics Center-en
Nanometroa, metro baten mila milioirena, atomo eta molekulen neurria da. Objetu txiki-txiki hauen arteko antolakuntzak zehazten ditu naturako hainbat materialen propietate elektriko, optiko, termiko eta mekanikoak, besteak beste. Gainera, makroeskalarekin konparatuta, sarritan propietate horiek oso bereziak dira nanoeskalako egituretan, tamaina horietan efektu kuantikoak agertzen baitira. Atomoaren eskalan gertatzen diren aparteko ezaugarri horiek ikertu eta eraldatzea dute helburu nanozientziak eta nanoteknologiak. Lortutako jakintza eta ezagupenetan oinarrituz, posible da funtzio jakin bat izango duten nanoeskalako material edota gailu berriak garatzea. Horrela, bada, nanoteknologiak eragin handia izango du hainbat alorretan, adibidez, elektronikan, medikuntzan edo ingurumenean.
Atomoz atomo
Azken hamarkadetan nanoteknologiak izan duen bultzadaren ondorioz, gaur egun ere, nanomaterialez edo nanogailuz inguratuta bizi gara: mugikorrean, ordenagailuan, produktu kosmetikoetan, arropan... Baina teknologia iraultzaile horrek aurrera jo dezan, ez da nahikoa “gauza oso txikiak” sortzea, beharrezkoa da fabrikazioa zehaztasun handiz egin ahal izatea. Hori dela eta, nanofabrikaziorako metodo berriak ari dira garatzen etengabe. Ohikoak dira top-down (goitik beherako) metodoak. Adibidez, litografia, non material zati handiago batetik hasita nanoeskalako egiturak lor daitezkeen. Metodo horiek gero eta zehatzagoak diren arren, ez dute atomo-zehaztasuna ahalbideratzen. Hori dela eta, azken urteetan, indarra hartu dute bottom-up (behetik gorako) deritzen prozedura berriek, non molekulak banan-banan autoantolatzen diren egitura berriak sortuz. Era horretan fabrikatutako nanoegiturek hasierako molekulen egitura atomikoari eusten diotenez, atomoz atomo kontrola daiteke lortu nahi den materiala.
Nanoteknologian, izugarrizko aurrerapausoa da atomo-zehaztasuna lortzea. Adibidez, orain dela gutxi bottom-up bideari jarraituz, grafeno nanoporotsua lortu dugu: ur molekulak banan-banan bereizteko sentsore gisa erabil daiteke. Horrek izugarrizko onura ekar dezake munduko leku askotan hain beharrezkoa duten ur-garbiketa egiteko. Bestalde, argi dago gehienezko zehaztasuna izateak izugarrizko garrantzia duela nanomedikuntzarako garatzen ari diren hainbat teknologiatan, DNA sekuentziatzeko tekniketan, esaterako. Nola ez, azkenaldian hain ezagun bihurtu den konputazio kuantikoaren arloan ere ezinbestekoa da banakako atomoak manipulatu eta kontrolatzea.
Laborategitik kalera
Dena den, aurrerapen horiek benetan iraultzaileak izateko, beharrezkoa da laborategietako baldintza idealetatik atera eta kaleko baldintzetarako urratsa egitea, kontuan hartzekoa baita aipatutako nanoegitura askok presio edota tenperatura oso baxuetan bakarrik betetzen dutela berengandik espero dugun funtzioa. Gaur egun, konputazio kuantikoan erabiltzen diren supereroaleek, esate baterako, zero absolututik (–273 °C) gertuko tenperaturetan funtzionatzen dute. Bideragarritasun zientifiko eta teknologikoaz gain, prezioak ere lehiakorra izan behar du, gizarteratzea gauza dadin. Dena den, azpimarragarria da nanomaterial edo nanoegituretan oinarritutako gero eta produktu gehiago daudela merkatuan, eta joera horrek gora egingo duela aurreikus daiteke.
Nanomaterialak airean
Era berean, nanoegituretan oinarritutako produktu eta gailuak merkaturatzeko ezinbesteko baldintza da segurtasuna. Hain tamaina txikia dutenez, airean egon daitezkeen nanoegiturak giza gorputzean sartu (birikien edo azalaren bidez, batez ere) edota ingurumenean heda daitezke (lurzoru edo uraren bitartez, bereziki). Hori dela eta, ikerkuntza asko egiten ari da gai honen inguruan, gizaki, animali eta landareengan nanomaterialek epe labur eta luzera izan ditzaketen eraginak aurreikusi eta ulertzeko asmoz. Aipagarria da, halaber, hainbat ikerketa-zentrok eta erakundek —Europako Batzordeak, esaterako— lantalde bereziak dituztela nanoteknologiaren arriskuak ikertu eta, segurtasuna ziurtatzeko, horri buruzko lege egokiak ezartzeko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia