}

2025erako aurreikuspen zientifiko-teknologikoak

2025/01/08 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

2025erako-aurreikuspen-zientifiko-teknologikoak
Arg. Andrew Z. Colvin / NASA / CC-BY-SA

2025ean ehun urte betetzen dira mekanika kuantikoaren lehen oinarriak proposatu zirenetik. Efemeride horren harira, UNESCOk Zientzia eta Teknologia Kuantikoen Nazioarteko Urtea izendatu du aurtengoa, teoria kuantikoak eta handik eratorritako teknologiek duten garrantzia gizarteratzeko. Horrez gain, Glaziarren Kontserbazioaren Nazioarteko Urtea ere izango da, eta, martxoaren 21a, berriz, Glaziarren Nazioarteko Eguna. Glaziarren galeraz ohartaraztea, klima-aldaketaren ondorioak ikustaraztea, eta arloko ikerketa sendotzea dira xedeak. Horrenbestez, arlo horiekin lotutako hainbat ekimen egingo dira, eta izango dute oihartzuna datozen hilabeteetan.

UNESCOk ez ezik, beste erakunde batzuek ere egin dituzte aurreikuspenak 2025erako, eta Nazio Batuen Erakundeak, esaterako, bost erronka aipatu ditu, klima-larrialdiarekin lotuta: industriaurreko arotik 1,5 ºC-ko igoera globalaren mugari eustea, natura zaintzea, finantziazioa, justizia eta plastikoen kutsadura.

Helburu horiek bat egiten dute Nature eta Science zientzia-aldizkariek egin dituzten iragarpenekin. Biek aipatu dituzte klima eta plastikoak, eta haiekin lotutako arazoei aurre egiteko beharra. Agerikoa da zientzia eta teknologia ez direla nahikoak izango irtenbidea emateko; aitzitik, ezinbestekoa izango da alderdi soziopolitikoa ere lantzea. Hala ere, mundu osoan hainbat ikerketa-talde dabiltza lanean alderdi horietan, eta haien emaitzak jasoko ditugu urtean zehar.

Giza osasunean ere antzeko jarrera erakusten dute Naturek eta Sciencek. Biek azaldu dute kezka H5N1 edo hegazti-gripearen birusarekiko (zaharrak berri, beraz), eta T-baztangaren eta dengearen mehatxuak ere aintzat hartzea eskatu dute. Azken finean, pandemiei aurre hartzeko estrategiak sendotu behar direla aldarrikatu dute. Malariari dagokionez, itxaropena erakutsi dute, aurten amaitzen baita malaria desagerrarazteko OMEren 2021-2025eko plana. 

Terapia aurreratuak eta adimen artifiziala erabiliz ireki diren bide berriak ere izango dira hizpide 2025ean. Martxan izango dira, besteak beste, CRISPR edo RNA mezularian oinarritutako terapien saio klinikoak, pisua galtzeko farmakoenak, eta garunaren eta ordenagailuaren arteko interfazeenak.

Fisikak ere emango du zeresana, bai partikulen fisikak, bai astrofisikak. Adibidez, Vera C. Rubin Behategia lanean hasiko da, eta hego hemisferioaren zeru ikusgaiaren inoizko irudi xeheenak hartuko ditu. Mundu osoko ikertzaileak arituko dira behategiak sortutako datuak aztertzen. Kosmologian, berriz, energia ilunak jarraituko du eztabaida eragiten. Eta, astronautikan, hainbat misio daude aurreikusita datozen hilabeteetarako. Batzuk, jada, atzeratu dituzte 2026rako, esaterako, NASAren Artemis II.

Bukatzeko, izen propio bat ere aipatu dute Naturek eta Sciencek, biek izen bera: Donald Trump. Hain zuzen, aurrez aipatutako arlo, ikerketa eta helburuetan zeresan handia izan dezake, eta, aldizkarien ustez, ez da onerako izango.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia