2002ko Medikuntzako Nobel saridunak iragarri dira
2002/10/07 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Giza gorputza osatzen duten zelulak ehunka motatakoak dira, eta denak ernaldutako obulu batetik eratortzen dira. Enbrioi- eta fetu-faseetan, batetik zelula-kopurua ikaragarri hazten da, eta bestetik zelulak heldu eta organoak eta ehunak eratzeko espezializatu egiten dira. Gorputz helduan ere zelula berri ugari sortzen dira. Aldi berean gorputzeko zelulen kopurua egokia izan dadin, zelulak hil egiten dira. Heriotza hori aurrez programatuta dago, eta, horri esker, ez dago desorekarik.
C. elegans , zelulen bereizketaren eredua
Prozesu horiek ulertzeko, saridunek Caenorhabditis elegans zizarearekin egin dute lan. Hain zuzen, Sydney Brenner izan zen nematodo horrekin lan egin zuen lehena, zelulen bereizketa eta organoen garapena aztertzeko aproposa dela ikusi zuelako.
C. elegans -ek milimetro bateko luzera du, hazteko denbora gutxi behar du eta, gardena denez, zuzenean ikus daiteke zelulen zatiketa mikroskopio baten bidez. Horretaz gain, 1974an Brennerrek frogatu zuen gai kimiko batek, EMS izenekoak, nematodoaren genoman mutazioak eragin ditzakeela. Mutazio bakoitza gene zehatz batzuekin lotzen da eta eragin zehatzak ditu organoen garapenean. Brennnerrek, beraz, zelulen zatiketaren azterketa mikroskopikoa eta analisi genetikoa uztartu zituen, eta uztarketa horren ondotik etorri ziren aurkikuntzengatik eman diote saria.
Zelulen leinuari jarraipena
John Sulstonek Brennerren lanari jarraipena eman zion, eta nematodoaren zelulen zatiketa aztertzeko teknikak garatu zituen. 1976an argitaratutako lan batean, Sulstonek frogatu zuen
C. elegans -en zein zeluletatik eratortzen ziren nerbio-sistemako zati bateko zelulak. Gainera, zelulek, zatitzean eta bereiztean, beti arau berari jarraitzen diotela frogatu zuen. C. elegans -en obulu ernaldutik 1.090 zelula sortzen direla ikusi zuen, eta, horietatik 131 hil egiten direnez, nematodo helduak beti 959 zelula dituela ohartu zen.
Ikerketa horietatik oinarrizko ondorio bat atera zuen: zelulen heriotza programatua da, eta bizidunetan heriotza hori aurreikus daiteke, beti arau berari jarraitzen diolako. Horretaz gain, programatutako heriotzan parte hartzen duten geneen mutazio bat frogatu zuen lehen aldiz. Zelulen heriotzan parte hartzen duten geneen artean dago nuc-1 genea. Besteak beste, gene horrek kodetzen duen proteina hil den zelularen DNA deuseztatzeko ezinbestekoa dela frogatu zuen Sulstonek.
Heriotzaren geneen identifikazioa
Robert Horvitzek aurreko bien bidetik aurrera egin zuen. 1970eko hamarkadan hasi zituen ikerketetan, C. elegans erabili zuen, zelulen heriotza kontrolatzen zuen programa genetikorik ba ote zegoen jakiteko. 1986an argitaratu zuen lanaren arabera, ced-3 eta ced-4 geneak ezinbestekoak dira zelulen heriotza gertatzeko. Geroago, ced-9 geneak heriotzatik babesten zuela frogatu zuen, eta zelulen heriotzarekin lotutako beste gene batzuk identifikatu zituen. Halaber, gizakietan ere era horretako geneak zeudela ikusi zuen.
Zelulen heriotzaren garrantzia
Ikertzaile horiek egindako lanari esker, gaur egun giza zelulen heriotza kontrolatzen duen geneak identifikatzen ari dira beste batzuk. Zelulen heriotzaren programazioa ulertzea ezinbestekoa da hainbat gaixotasunen muina ezagutzeko. Esate baterako, zenbait birusek eta bakterioek giza zelulei nola erasotzen dieten ulertzen laguntzen du.
Zientzialariek badakite hiesan, bihotzekoak jotakoan eta endekapen-gaixotasun batzuetan, heriotzaren prozesua azkartu egitendelako galtzen direla zelulak. Beste gaixotasun batzuetan, aldiz, kontrakoa gertatzen da; minbizian eta egoera autoimmuneetan, adibidez, hil beharko luketen zelulek bizirik jarraitzen dute.
Minbiziaren aurkako borrokan, zelulen suizidioa bultzatzen zuten estrategiak ari dira probatzen, eta zelulen heriotzarekin lotutako ikerketa asko daude martxan. Ez da harritzekoa, beraz, Fisiologia eta Medikuntzako Saria hiru ikertzaile horiei ematea, haiei zor baitzaie gaur egun egiten ari diren ikerketen oinarria.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia