}

20 urte HIESari ihes egin ezinik

2001/06/05 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Orain dela 20 urte, hau da, 1981eko ekainaren 5ean, gaixotasun berri bat aipatu zen Gaixotasunen Kontrolerako eta Prebentziorako Zentroen astekari estatubatuarrean. Sendagileek zergatia zein zen ez zekiten arren, ordura arte sistema immunea oso kaltetua zutenetan bakarrik ikusi zen pneumonia berezi bat zuten Los Angelesko bost gizonezko homosexualek.

Hori izan zen ‘XX. mendeko izurritea’ deitu izan zaionaren idatzizko lehen arrastoa. Hala ere, birusak urteak zeramatzan mundu osoko jendea kutsatzen. Hain zuzen ere, HIESaren birusa 1978aren inguruan detektatu zuten Pasteur Institutuko Luc Montaignier ikertzaileak eta Robert Gallo estatubatuarrak, bakoitzak bere aldetik.

HIESaren jatorria ez dago guztiz argi, baina batzuek Afrikako tximinoetatik gizakira egokitutako birusak sortu duela uste dute. Hasieran ezezaguna zenez, azkar hedatu zen eta heriotza ugari eragin ditu (22 milioi heriotza mundu osoan eta 40 milioi bizi dira birusa edo gaixotasuna dutelarik).

Mundu osoko laborategiak eta estatuak HIESaren inguruko ikerketak egiten ari badira ere, oraindik ez da sendabiderik lortu. Dena dela, asko aurreratu da eta lehen birusa edukitzeak heriotza ziurra bazekarren ere, orain kutsatutakoen eta gaixotuen bizi-iraupena asko luzatu da. Horrekin batera, prebentzioan lan izugarria egin da, eta urtean gero eta kasu gutxiago izatea lortu da hainbat herrialdetan. Tamalez, Saharatik hegoaldeko herrialdeetan batez ere, egoera oso larria da eta izurriteak handitzen segitzen du, prebentzio-kanpainek eragin txikia baitute eta sendagaiak lortzea ere zailagoa baita.

Bestalde, ikerketak alor guztietan ari dira egiten: birusa ezagutzeko, kutsatze-mekanismoa zein den jakiteko, sendagaiak hobetzeko, genetikarekin duen erlazioa argitzeko eta, batez ere, txertoa lortzeko. Eta azkenaldian emaitza itxaropentsuak lortzen ari direla dirudi, joan den astean Belgikako laborategi batean egindako txerto eraginkor baten berri eman baitzuten.

GlaxoSmithKline laborategiaren arabera, txerto horri esker, urte eta erdi lehenago infektatutako tximinoek osasuntsu jarraitzen zuten, eta urtea amaitu baino lehen proba klinikoak gizakietan egiten hasteko asmoa dute. Txertoak bi antigeno eta osagai laguntzaile bat ditu. Antigenoetako batek, GP120ak, birusaren aurkako erantzun immune ona du eta aspalditik ezagutzen da. Baina beste antigenoa (NefTat) berria da eta birusaren bi proteina erregulatzaileez osatuta dago. Birusak giza gorputzean ugaltzeko bi proteina horiek behar ditu, beraz, gakoa aurkitu dutela uste dute ikertzaileek.

Zalantzarik gabe, txertoak gizakietan emaitza onak izatea lorpen izugarria litzateke, baina beste ikerketa-lerroek ere aurrera egin behar dute eta borrokak alor guztietan jarraitu behar du, garaipena oraindik urruti baitago.

Informazio osagarria:
http://www.cnn.com/SPECIALS/2001/aids/stories/diagnosis.then.now/index.html
http://abcnews.go.com/sections/us/dailynews/aids_2001_intro.html

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia