}

1990, milurte honetako hamarkadarik beroena

1999/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Massachusets-ko Bradley unibertsitateko ikerlari-talde batek egindako ikerketa baten arabera, 90eko hamarkada milurte honetako beroena izan da. Ikerketa honek Lurreko klimak berotze nabaria jasan duela frogatzen du, batez ere XX. mendeko azken hamarkadetan.Lurreko klimaren inguruan gizakiak egindako datu-bilketa duela ehunka urte batzuk baino hasi ez zenez, ikerlariek naturan nola edo hala klimaren inguruko informazioa jaso duten iturriak bilatu behar izan dituzte, hau da, zuhaitz zaharren enborretako eraztunak eta izotz-puskak. Horrela, Eskandinavia, Siberia, Tasmania, Argentina, Moroko eta Frantziako zuhaitz zaharren enborrak eta Groenlandiako eta Andeetako izotz-pusketak ikertu ondoren, XX. mendean Lurreko batez besteko tenperatura XIX. mendean baino 0,7 gradu altuagoa izan dela aurkitu dute.

1990eko hamarkadari dagokionez, 1998a izan da urterik beroena, batezbestekoa baino 0,58 gradu beroagoa izan delarik. Tenperatura-aldaketa horiek txikiak badirudite ere, Lurreko klimaren berotze jarraitua egiaztatu egiten dute eta, beraz, gizakiak bere ingurugiroan izan dezakeen eragin arriskutsua erakusten dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia