}

1918ko birus hilgarria berpiztu dute

2005/10/30 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

1918an, gripe-izurri batek 50 milioi lagun hil zituen mundu osoan. Orain, birus hura laborategian berpiztea lortu dute AEBetako zientzialariek. Birusa gordetzen zuten laginetatik genoma berreskuratu, laborategian berregin, birusa zeluletan ugaldu, eta saguei injektatu diete. Emaitza: heriotza.
Birusak, benetan sinpleak eta txikiak diren arren, hilgarriak izatera irits daitezke.
Argazkia: R. Hamilton/WHO

Birusaren genoma deskodetzeko eta birusa bera berregiteko asmoa ez da izan, inondik inora, saguak akabatzea. Helburua oso bestelakoa da. Hain zuen, gaur egun mehatxatzen gaituen hegaztiaren gripearen aurkako txertoak eta botikak egin ahal izatea espero dute ikertzaileek.

Izan ere, hegaztien gripeak, hegaztiak ez ezik, pertsonak ere kutsatzen ditu, eta heriotzara eramaten ditu. Osasun-agintariak neurri zorrotzak hartzen ari dira birusa hedatzea galarazteko, bestela izurria mundu osora zabaltzeko arriskua baitago. Baina ez dago tratamendu eraginkorrik ez prebentziorik birus horren aurrean, berria baita gizakiontzat.

Zientzialarien ustez, antzeko zerbait gertatu zen 1918an. Orduan, ‘gripe espainiarrak’ 20-40 milioi lagun hil zituen mundu osoan. Hildakoak 50 milioi izan zirela ere esaten dute batzuek. Kontua da ikaragarrizko triskantza eragin zuela birus hark, eta, oraingoa bezala, hegaztietan ohikoa zen birus bat mutatzean sortu zela pertsonak hiltzeko gaitasuna zuen birusa.

Horregatik da hain interesgarria zientzialarientzat 1918ko birusa. Hura ikertuta, oraingoa geldiarazteko bidea topatzea espero dute. Itxaropen hori dute behintzat. Dagoeneko, identifikatu dute birus haren gene gako bat: hura kenduz gero, birusa ez da gai heriotza eragiteko. Beste hiru gene blokeatuta, birusa ezin da ugaldu. Aipatzekoa da birusak zortzi gene bakarrik dituela; aldiz, gizakiak 30-40 mila inguru dituela kalkulatzen dute.

Birusa berpizten

Saguei injektatu diete birus berpiztua.

Birusa berpizteko, 1918an hildako lagun baten laginetatik abiatu dira. Hilotza Alaskako permafrostean kontserbatu da urte askoan, eta 1990eko hamarkadan hasi ziren haren biriken laginetan zeuden arrastoak aztertzen eta birusaren genoma deskodetzen. Horretarako, biriken ehunetik RNA berreskuratu dute, DNA bilakatu, eta sekuentziatu egin dute.

Sekuentzia osoa orain argitaratu dute, eta, informazio horretan oinarrituta, beste laborategi batean birusaren DNA sintetizatu dute. Gero, giza giltzurrun-zeluletan sartu dute DNA hori, eta hala lortu dituzte birus-partikulak. Horiek isolatu, eta saguei injektatu dizkiete.

Laborategian, birusak erakutsi du heriotza eragiteko gaitasun pittin bat ere ez duela galdu . Bost egun igarotzerako, sagu guztiak hilda zeuden. Birusa birika-zeluletan sartuz gero, berriz, ohiko gripe-birus batek baino 39.000 aldiz birus gehiago sortzen ditu lau egunean.

Arriskua

Esperimentua hegaztien gripeari aurre egiteko lagungarria izango dela espero dute ikertzaileek. (FAO/H.D.Nam)

Hainbat ikertzailek, ordea, ez dute begi onez ikusten esperimentua. Ikaragarri arriskutsua dela iruditzen zaie. Batetik, birusak ihes egiteko arriskua dago; esaterako, SARS birusak hiru laborategitatik egin zuen ihes 2003-2004an. Eta, bestetik, birusaren genoma datu-basean jarri dute, eta handik edonork eskuratu eta birsortu dezake birusa. Nolanahi ere, ikerketaren alde dauden zientzialariek erantzun dute arrisku handiena naturan dagoela.

7K-n argitaratua.