}

11.000 urte gizakien urdailean bizitzen

2002/11/05 Elhuyar Zientzia

Helicobacter pylori bakterioa da urdaileko ultzera eta minbizi askoren erruduna. Duela urte gutxi aurkitu bazen ere, egin berri den ikerketa bati esker, bakterioak gure urdailean gutxienez 11.000 urte daramatzala jakin dute zientzialariek.

Ikerketa Venezuelan egin du New York-eko unibertsitateko zientzialari-talde batek, bi talde etnikotako pertsonekin: batzuek arbaso europarrak zituzten eta besteak Amazonasko populazio bakartu batekoak ziren.

Bi taldeei urdaileko laginak hartu zizkieten eta horietan H. pylori bakterioa agertzen zen aztertu zuten. Bi taldeen laginetan zegoen bakterioa, baina populazio bakoitzak bakterioaren andui ezberdina zuela ikusi zuten: arbaso europardunek Europako biztanleriak duen andui bera zeukaten eta amazoniar populazioak Asia ekialdeko anduia.

Datu horrek bi ondorio zuzen ditu: alde batetik, H. pylori bakterioa uste baino lehenagotik egon dela gizakiaren urdailean bizitzen; bestetik, amerikarren jatorria Asian dagoela baieztatzen du, bakterioaren Asia ekialdeko anduia baita amerikarrek urdailean dutena.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia