Rio Tinto, ibai estralurtarra
2014/10/01 Elhuyar
Rio Tinto ibaiaren ur gorrietan ez da arrainik bizi, ez anfibiorik, ez intsekturik. Eta ibaiertzean nekez hazten da landarerik. Rio Tintoren ur gorriak metal astunez beteak daude, oxigeno gutxi dute eta azidoak dira, izugarri azidoak, puntu batzuetan ia azido sulfuriko huts izateraino. Baina, hala ere, ibaia ez da mortua.
Estralurtarra dirudien arren, Huelvan dago ibai hau. Eta bizidunez beterik dago. Milaka espezie bizi dira bertan: arkeoak, bakterioak, onddoak eta algak; denak mikroorganismoak, mikroorganismo estremofiloak. Batzuk mineralez elikatzen dira, burdinaren eta sufrearen konposatuak oxidatzen dituzte, eta horrek ematen dio, hain zuzen ere, kolore gorria ibaiari (burdin oxidoek).
Ibai inguruko lurrak gutxienez 5.000 urtez ustiatu izan dira burdina, urrea, zilarra, kobrea eta abar erauziz. 2001ean itxi zen meategia, eta, geroztik, meatzariak ez, zientzialariak dabiltza lanean Rio Tinton.
Itxura estralurtarra izateaz gain, kondizioak ere halakoa dira. Marteren antzeko lekutzat hartuta daukate zientzialariek. Europako Espazio Agentziak bertan probatu izan du Martera eramateko teknologia, Eurobot robota kasu. Eta CSICeko Astrobiologia Zentroko (CAB) eta NASAko ikertzaileak urteak daramatzate Rio Tinto ikertzen. Izan ere, uste dute bizitza estralurtarra aurkitzekotan, adibidez, Marten edo Jupiterren Europa ilargian, probablea dela Rio Tintoko antzeko kondizioetan izatea.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia