Simulagailua irakasle
Makinek gizakien lekua hartzeak, ordea, badu langileengan eraginik. Izan ere, lanerako beharrezkoak diren zenbait gaitasun ez dituzte praktikan jartzen. Arazo hori saihesteko, Bilboko metroan, simulagailu berri batekin ari dira lanean. Azken belaunaldiko simulagailu batekin.
Simulagailu berriak aukera ematen du errealitatetik oso hurbil lan egiteko, treneko kabina errealak eta errealitate birtuala konbinatuz. Trenbidearen 40 kilometroak zehatz-mehatz irudikatzen ditu; bihurguneak, seinaleak, aldapak, tunelak, geltokiak... Trena benetan gidatzearen oso antzeko egoerak irudikatzeko gai da simulagailua, eta horrela, gidariek fresko mantentzen dute euren lanbiderako behar duten jakintza.
ALBERTO ALBIZU; Metro Bilbao: Simulagailu hau guretzako da tresna garrantzitsu bat, ze, bueno guretzat eta gure gidarientzat ere bai, ze entrenatzen dugu hor ezbehar guztixek, matxurak... bertan sortzen dana, errealitateko linean.
Ezohiko egoeretarako ere trebatzen dituzte gidariak simulagailuan. Trakzio-arazoak, trenbidetik irteteak edota trenbidea ixten duten trabak, esaterako.
Simulagailuak 65 matxura eta 25 ezbehar baino gehiago ditu programatuak, baina hainbat aldagai kontuan hartzeko gai den software baten bidez, egoera berriak gehitu ditzakete. Gidariarengan eragina duten beste zenbait elementu ere kontuan hartzeko gai da.
ALBERTO ALBIZU; Metro Bilbao: Eduki genuen lehenengo simulagailu bat, baina han limitatuta egon zen, hau modernoagoa da. Hark karentxixak eduki zituen, eta honek gainditu egin du.
Hiru tren tipo dekoguz, eta lehengo simulagailuan bat bakarrik egon zan. Eta honek aukera ematen du hirurek sartzeko; gero, prestatuta dauzkagun ariketak, matxurak eta ezbeharrak... onartzen deu gehiago sartzea.
Gidariek, gainera, zer egin behar duten ikasteaz gain, zergatik eta nola egin ere lantzen dute.
ARITZ JORDAN; Gidaria: Simulagailu berri honekin, matxurekiko, eta trenbidean gerta daitezkeen gertaera berezi batzuen aurrean, jarraitzeko pausoak edo trebatzen ditugu, eta hori gidari guztioi ondo datorkigu.
Metodologia zehatzarekin egiten dute lan. Helburu jakin batzuk lortzeko diseinatutako ariketekin. Simulagailuak gidariek egindako akatsak automatikoki detektatzen ditu. Horrela lan egiten dute Bilboko metroan, langileen lana hobetzeko.
Gidatzeko modu automatikoak zirkulazioaren fidagarritasuna eta segurtasuna asko hobetu du. Baina sistema guztiz eraginkorra izateko, pertsonak, oraindik ere, beharrezkoak dira.
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian



