Segurtasunez bidaiatzeko

Bilboko denda batek asmatu duen produktu berri bat erakusten da bideoan: Kiddy Bus izeneko segurtasun-sistema. Haurrak autobusetan segurtasunez bidaiatzeko diseinatu dute bereziki.
Egunero, Estatu osoan, zazpi milioi umek erabiltzen du autobusa eskolara joateko. Autoan haurrak segurtasun-sistemak erabiltzera ohitu zirenetik, haur eta gurasoak kontzientziatuta daude seguru bidaiatzearen garrantziaz. Ez autoan bakarrik, baita autobusean ere. Izan ere, autobus berrietan metro BAT 20 baino txikiagoak diren haurrentzat segurtasun-sistemak ipintzera behartzen du Europako arau berri batek.

Bilboko Kidy Froh enpresako arduradunak Europa osoan aritu ziren autobusetara egokitutako haurrentzako segurtasun-sistema baten bila. Merkatuan antzeko ezer ez zegoela ohartu zirenean, berek sortzea erabaki zuten.

Laster hasi ziren aulkiaren diseinua lantzen. Erreferentziazko produkturik ez zegoenez, pieza guzti-guztiak diseinatu behar izan dituzte eta, noski, baita pieza horiek egiteko moldeak sortu ere. Aurreneko zailtasuna autobusetako besaulkietan aurkitu dute: ez daude estandarizatuta, eta era askotako ereduak daude. Batzuek bi puntuko segurtasun-uhalak dituzte, hegazkinenak bezalakoak; beste batzuek hiru puntukoak, autoen antzera; eta gehienek bat ere ez dute. Haurren aulkia denei egokitu behar zaie, noski. Baina hori ez da eragozpen bakarra:

Mikel Garrido; Kidy Froh: butaka bera ez da gai indar horiek jasateko... hortik etorri dira arazo gehienak

Autobusetako besaulkiak homologatuta daude orduko 30 kilometroko abiaduran doazela aurrez aurreko talka bat jasateko. Hau da, 12 G-ko talka-indarra jasan dezakete. Haurrak finkatzeko sistema honek, berriz, orduko 50 kilometroko aurrez aurreko talkak jasateko gai izan behar du homologazioa lortzeko. Horrek 25 G-ko talka-indarra esan nahi du, hau da, aurrekoaren bikoitza baino gehiago. Hori dela eta, haurrari ez ezik, besaulkiari berari ere eutsiko dion uhal-sistema bat asmatu behar izan dute, aulkiak aurreko besaulkia jo ez dezan.

Hori lortutakoan, haurra aulkira nola lotu pentsatu behar izan dute. Autobus-istripuetan hiltzen den jende gehiena leihotik hegan atera eta autobusak zapalduta hiltzen da. Hori saihesteko, bost puntuko euste-sistema bat sortu dute, lasterketetako auto-gidariena bezalakoa.

Mikel Garrido; Kidy Froh: Haurra aulkira lotzen

Autobusei zuzendutako aurrenengo segurtasun-sistema da eta homologazio-proba zorrotzak pasa behar izan ditu. . Ez bakarrik diseinuari dagokionez, materialek ere muturreko baldintzak jasan behar dituzte.

Mikel Garrido; Kidy Froh:: Normak eskatzen zuen produktua izatea ignifugoa, materialak abiadura batetik behera erre behar dira ta toxizitate proba ere pasa behar izan dugu, zeren ume txikiek dena ahora eramaten dute eta ehun denek normatiba horiek bete behar izan dituzte.

Uhal guztiak batzen dituen itxigailuak, adibidez, handia eta gorria izan behar du, larrialdi batean behin ere erabili ez duen edozeinek lehenbailehen ireki ahal izateko. Gainera, irekitzeko, 2,5 kiloko indarra egin behar da, ume txikiek ken ez dezaten.

Arauak betetzea ez da helburu bakarra; bezeroen eskakizunei ere erantzuna eman behar zaie. Bai gurasoek, bai autobus-enpresek, adin desberdinetara egokituko zen aulki bat eskatzen zuten, eramangarria eta tolesgarria, autobuseko edozein txokotan gorde daitekeena.

Proiektu honi ekin ziotenetik, Kidy Froh-ko ingeniariek zenbait prototipo eraiki dituzte; ia urte eta erdi behar izan dute behin betiko diseinua lortzeko. Merezi izan duela diote. Mundu osoko eskariak jasotzen dituzte eta bost hilabeteko itxaron-zerrenda dute. Gurasoek segituan ikusi dute aulkiaren baliagarritasuna, eta Eskandinaviako herrialdetan administrazioak berak etortzen dira sistema honen bila. Hemen, berriz, ez da horrelakorik gertatu.

Mikel Garrido; Kidy Froh: Hemengo administrazioek ez dute hain erantzun garbia eman. Legearen interpretazio desberdinak daude... Pena da legeari begira egotea; umeen segurtasunaz ari gara eta istripu bat gertatu arte ez da neurririk hartuko.

Orain, KidyBus-a merkatuan dagoela, anbulantzietara egokituko zaien haurrak finkatzeko sistema bat garatzen ari dira.

Segurtasunez bidaiatzeko

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali