Papera birizklatzea

Sortzen dugun zaborraren zatirik handiena, %40 inguru, papera da. Eta papera birziklatzeak dakartzan abantailak kontsumitzen dugun paperaren neurrikoak dira, hau da, izugarriak. Datu asko eman ditzakegu papera birziklatzearen abantailak berresteko: Tona bat paper birziklatzeak hamazazpi zuhaitz salbatzen dituela; 26.500 litro ur aurrezten ditugula . Gaur egun, ordea, gehienok ondo dakigu papera birziklatzearen onurak zeintzuk diren. Orain, bestelakoa da kontua: behar bezala birziklatzen laguntzeko, kartoia, plastikoa eta papera ondo bereiztea. Europako zenbait fabrikatan hasi dira papera bereizteko makina automatiko oso bizkorrak erabiltzen. Europako Batasuneko Futuris bideo-agentzian landu duten erreportaje honetan haietako bat ikusiko dugu. Gure bidaia Errumanian hasiko da.
Errumaniako eskola honetan, haurrek oso ikasgai berezia dute gaur: birziklatzen ikastea. Ikasleek badakite hori ezinbestekoa dela basoak bizirik mantentzeko. Baina ez horretarako bakarrik. Izan ere, papera birziklatzeari esker, energia eta ura aurrezten da; baita ingurumena babestu ere.


Bukaresten, Europako hiri gehienetan bezala, paper-bilketaz arduratzen diren elkarteak daude. Haientzat ezinbestekoa da lan pedagogikoa.

 

Mihai Ciurevici;  Vrancart: Gure kolaboratzaileak hezten saiatzen gara, papera jasotzen dugun eskoletako haurrak barne. Papera bereizita ematen badigute, errazago birziklatuko dugu, eta hori ikasi behar dute.

Prozesua bilketa-lekuan bertan hasten da, hantxe egiten baita lehen bereizketa. Handik Adjudera bidaltzen dute materiala. Errumaniako ekialdeko hiri horretan dago herrialdeko birziklatze-fabrika handienetako bat.
Baina kamioian, guk nahi dugun paperaz gain, plastikoak eta beste paper mota batzuk ere badaude. Hori, ordea, ez da Errumanian bakarrik gertatzen.
Cristian Banaire, Vrancart elkarteko ingeniaria: Europako lurralde guztietan ez da paper kantitate bera jasotzen, ezta eskualde guztietan ere. Papera ere ez da berdina leku guztietan. Gauzak asko alda daitezke Europako zein lekutan jaso den, toki hartako kulturaren arabera, jende gehiagok edo gutxiagok errespetatuko baitu ingurumena.

Papera nola bereizten den jakiteko, Austriara joan gara, gehien birziklatzen den Europar Batasuneko herrialdera. Papera sailkatzeko, ziurrenik dagoen makinarik modernoena jarriko dute Linz-en. Kartoia, plastikoa eta papera bereizteko diseinatua dago.

Jean Yves- Escabasse; SORT IT: Kartoia egiteko bereizten ditugun kartoi, kaxa edo kartoi uzkurtuek ez dute balio egunkariak egiteko; baina oso erabilgarriak dira kartoia egiteko.
Aldiz, egunkariak egiteko balio duten zuntz erabiliek, paper inprimatuan ere badaudenek -zuntz txuri, motzak, zenbait mineral dituztenak-, oso egokiak dira egunkari-papera egiteko, baina ez dute balio kartoia egiteko; zuntz horiek erabiliz lortzen den kartoia ez baita izaten behar bezain gogorra.

Bereizketa ezinbestekoa da. Izan ere, paper desegokia jartzen bada leku okerrean, produktibitatea gutxitzen da, eta kostuak areagotzen. Ezaugarri horiek ez dira oso egokiak, merkatuan paper berriarekin lehiatu nahi duenarentzat.
SORT IT Europako Batasuneko ikerketa-proiektuaren barnean sortu dute Linzeko bereizketa-fabrika, eta alor horretan dagoen teknologiarik aurreratuena dauka.

 

Daniel Sandu; ingeniaria: Infragorri-espektroskopia erabiltzen dugu detekzio-teknologia moduan. Papera lanpara halogeno batekin argiztatzen denean, elementu organiko guztiak mugitzen hasten dira. Elementu horiek konposizioaren araberako aztarna digital sortzen dute. Material bakoitzak berezko aztarna digitala dauka, bere konposizioaren araberakoa. Horri esker, erraz jakin daiteke zer material bidali behar den inprentara, eta zer ez.
Beste erronka bat izan da prozesua azkar egingo duen sentsore-sistema bat garatzea, ordubetean paper tona batzuk, zehaztasun handiz, bereizteko gai izan dadin.

Makinari azken ukitu batzuk egin behar zaizkio oraindik ere, baina horretan lanean ari diren ingeniariek diote amaitutakoan guztiz automatikoa izango dela .

 

Jean Yves- Escabasse, SORT IT: Etorkizunean, horrelako fabrikak eraikiko dira, tokian tokiko beharren arabera: lan-bolumena, garraioa, birziklatze-instalazioa non dagoen, edo jendeak non uzten duen papera.

Proiektuaren bultzatzaileen arabera, sailkatzeko fabrika horrek bereizketa-prozesua erraztuko du, eta hala, gero eta paper gehiago jasoko da. Eredu hori, gainera, eskualde bakoitzaren ezaugarriei propio egokitu daiteke. Ingurumen-onurak izugarriak izango lirateke.


Tatjana Karpenja; ingurumen-ingeniaria: Papera zuntz berritik abiatuta egiteko, zuntza berotu, zuritu eta tratatu egin behar da. Baina paper birziklatua egiteko, prozesua laburtu egin daiteke. Eta horri esker, energia, baliabideak, produktu kimikoak eta ura aurreztu ditzakegu.

Errumaniara itzuliko gara, Adjudeko fabrikara.
Birziklatze-prozesua, hein handi batean, papera jaso den moduaren araberakoa da. Horregatik hartzen du parte Errumaniak Europako proiektu horretan.

 

Cristian Banarie; Vrancart: Programa horren emaitzak garrantzitsuak dira guretzat. Izan ere, papera hobeto bereizteak eragin zuzena izan lezake birziklatze-prozesuan. Horri esker, uraren eta energiaren kontsumoa gutxitu dezakegu, ingurumena babesten lagunduko digu, eta prozesuaren amaieran produktu hobea lortuko dugu.

Hauxe da bukaerako produktua: kartoia egiteko erabiliko diren paper birziklatuzko biribilkiak. Horrelaxe amaitzen da prozesua; merkatura iritsiko den kartoia zuntz berriz egindakoaren prezioaren erdian salduko da.

 

Jean-Yves Escabasse; Vrancart: 50 urte daramatzagu xahutzen, kontsumo-gizarte honetan bizitzen. Bigarren Mundu Gerraz geroztik, baliabideak kontrolik gabe xahutu ditugu. Baina pentsatu behar dugu aldi hori gizateriaren historiaren epe labur bat izan dela; ez besterik. Birziklatzea da garapen ekonomiko jasangarria ziurtatzeko modu bakarra.

Ezin dugu ahaztu gure ekarpena dela birziklatze-industria garatzeko faktorerik garrantzitsuena.

Papera birizklatzea

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali