Olioa biltzeko sistema

Hiri-hondakinen kudeaketak lan handia eskatu ohi du, eta azken urteetan ahaleginak egin dira birziklatzea, berrerabiltzea eta hondakinen gutxitzea bultzatzeko. Helburu hori lortzeko bidean, herri gehienetan kolore ezberdinetako edukiontziak jarri dira. Baina, ohikoez gain, Arrasatek edukiontzi berezia izan du azken bi urteotan. Etxean erabilitako olioa biltzeko edukiontzi hori Mondragon Unibertsitateak diseinatu zuen, eta, laster, berritu egingo da. Sistema hobetzeko lanetan hainbat agentek parte hartu dute

Azken bi urteetan sukaldeko olioa biltzeko sistema berezi eta bakarra izan dute Arrasaten. Herriko udalaren eskariz Mondragon Unibertsitateak garatutako eredua bi helburu betetzeko diseinatu zen: olio-bilketa erosoa izatea eta olioa uzteko aukera eguneko edozein ordutan izatea. Arrasateko sukaldeko olioa biltzeko sistemak bi osagai ditu: berariaz diseinatutako ontzia eta edukiontzia. Udalak herritarrei pote bana banatu zien eta olioz betetako ontzia uzten den aldiro, edukiontziak garbi bat ematen du.

FELIX ZUGASTI; Mondragon Unibertsitatea: Bi urte eta erdi doaz kalean. Eta lehen urtean ikusi zen sistema zaharrarekin urtean 4.000 litro inguru biltzen zirela eta sistema honekin 16.000. Laukoiztu egin dugu olio-bilketa. Hau prototipo bat izan zen. Gehienbat, frogatu nahi genuen kaleko jendearen harrera proiektu honi. Hau da, olioa birziklatzen zen ala ez. Nola harrera oso ona izan zen, egin duguna da hau industrializatu.

Sistema berritzeko, elkarlanean aritu dira Mondragon Unibertsitatea, Saiolan enpresa-haztegia eta Fagor taldeko Eko3R enpresa. Arrasaten izan diren prototipo zaharrak otsailean kenduko dira, baina ordezkoak prest daude. Otsailean bertan sistema berritua jarriko dute herriko kaleetan, eta, oraingo honetan, beste udalerri batzuetara ere zabalduko da.

Felix Zugasti irakasleak eta Iker Egizabal ikasleak parte hartu dute olioa biltzeko sistemaren industrializazio-lanetan.

IKER EGIZABAL; Mondragon Unibertsitatea: Ikusi zen lehengo diseinuan potearen egonkortasuna bermatu behar zela. Sukaldean erabiltzeko orduan isurketak ez gertatzeko eta potoa irmo egoteko mahai gainean. Geometria aldatu egin da egonkortasuna guztiz bermatzeko.

Ipurdi zabala eta hiruki-itxura duen potoa da diseinu-lan horren emaitza.

FELIX ZUGASTI; Mondragon Unibertsitatea: Ergonomia hobetu diogu, eta heltzeko errazagoa ere bada.

Poteak ere badu beste funtzio garrantzitsu bat. Sistemak egoki funtziona dezan garrantzitsua da edukiontzian beste poterik ez sartzea. Ontziak, beraz, giltza lana egiten du.

IKER EGIZABAL; Mondragon Unibertsitatea: Erabiltzen da giltza moduan, kontenedorean pote hau bakarrik sartzeko. Horrela bermatzen dugu beste poterik ez erabiltzea gure kontenedorean, kontenedorea blokeatu ez dadin.

Beira-zuntzez egindako edukiontziak EKO3R enpresaren egoitzan muntatuko dira. Une honetan Arrasaten jarriko direnei azken ukituak ematen ari dira. Sistema abian jartzen denean erabiltzaileek olioz betetako ontziak zutik sartuko dituzte edukiontziotan. Ontzia bere lekuan jarri eta gero, edukiontziak irentsi egingo ditu. Izan ere, sistema elektro-mekaniko batek ezagutu egingo du sartutako ontzia.

IKER EGIZABAL; Mondragon Unibertsitatea: Detektore honek botea barruan dagoen detektatzen du eta beste honek bere altura, gure botearen altuera konkretua. Bi detektore hauek seinalea bidaltzerakoan, motor honen bidez tranpila ireki eta hortik botea txirristatik kontenedorera sartuko da.

Ontzi betea edukiontzian sartzean, erabiltzaileak pote garbi bat jasoko du. Edukiontziak, horretarako, hogei dosifikadore ditu, eta dosifikadore bakoitzak hamar ontzi. Txartel elektroniko batek seinalea bidali, eta pote garbia askatzen du edukiontziak.
Prototipo zaharrek ontziak banatzeko sistema mekaniko zirkularra zuten; hain zuzen, sistema berritu denean horixe izan da aldatu den osagaietako bat.

IKER EGIZABAL; Mondragon Unibertsitatea:  Arazo gehienak sortzen ziren bote hutsak banatzeko sisteman, bloketatu egiten zirelako. Horregatik erabaki da zirkuito zirkular horretatik dosifikadore-sistema honetara pasatzea.

Edukiontzi bakoitzak datuak gordetzeko txartel bat ere badu. Edukiontziaren betetze-maila datu-txartel horren bidez jasoko da.
ALBERTO GARATE; eko3r: % 80an dagoenean abisatu egiten digu, eta, beste alde batetik, matxuraren bat badago, abisatu egiten digu. Hortik beste datu batzuk ere lortzen ditugu, zenbat olio hartzen ari garen kontenedore bakoitzean.

Sistema erabiliko den herrietako etxeetara ontzi bana banatuko dute, eta edukiontzien mantenua eta olioa jasotzea EKO3R enpresaren ardura izango dira.

Sistemaren bidez bildutako olio kopuruaren datuak udalen esku izango dira Internet bidez. Erabiltzaileek gako bat izango dute, eta gako horrek aukera emango du olio-bilketaren datuak sarean kontsultatzeko.
Bildutako olioa EKO3R enpresak aurretratatuko du, eta, gero, biodiesela egiteko erabiliko da.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali