Smartphoneak ez dira telefono hutsak, ordenagailu txikiak dira, beraz, prozesagailu indartsuak izatea garrantzitsua da.
Nukleo bikoitzeko telefonoak
Azken belaunaldiko telefonoek jada ez dute lehiatzen pantaila handiagoa edo kamera hobea izateagatik soilik. Gaur egun, konpetentzia telefonoen burmuinean dago; prozesagailuan, alegia. Azken finean, smartphoneak ez dira telefono hutsak, Interneten nabigatu, bideojokoekin jolastu eta bideokonferentziak egiten dituzten ordenagailu txikiak baizik. Aplikazio asko mugitu behar dituzte, eta askotan, une berean. Beraz, prozesagailu indartsuak izatea garrantzitsua da. Nukleo bikoitzeko lehen prozesagailua LGk jarri zuen Optimus 2X telefonoan. GHz bateko prozesagailu bat da, hau da, segundoko mila milioi bit prozesatzeko gai da. Praktikan, horrek esan nahi du mugikorrak modu azkarrean funtzionatzen duela, eta aplikazio batetik bestera pasa zaitezkeela ia ia itxaron beharrik gabe. Orain nukleo bikoitzeko prozesagailua duten telefono gehiago daude. Besteak beste, HTC Sensation honen prozesagailua zertxaobait azkarragoa da, 1,2 Ghz-koa. Gama altuko telefonoez ari gara, 469 eta 599 euro balio dituzte merkatu librean, hau da, operadorerik gabe. Mugikor hauen ahulgunea betikoa da: autonomia. Teorian, nukleo bikoitzeko prozesagailuek energia hobeto aprobetxatzen dute. Datuak azkarrago eskaintzen dituztenez, pantaila ez da hain denbora luzez piztuta egon behar. Baina ziurrenik, azkarrago lan egiten dutenez, ataza gehiago aginduko dizkiegu, eta inork ez gaitu libratuko telefonoa gauero entxufatu beharraz.
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian







