Mugikorretarako sistema eragileak

Smartphoneak edo telefono adimendunak, sakelako ordenagailu txikiak dira. Deiak egin edo mezuak bidaltzeaz gainera, Internetera konektatzeko eta makina bat programa erabiltzeko balio dute. Horregatik, smartphone bat erosterakoan, kontuan izan behar da zein sistema eragiletan oinarritzen diren.

Beste sistema batzuk badaude ere, gehien erabiltzen direnetako bi izango ditugu gaur hizpide, iPhonaren baimenarekin, noski: Android eta Windows Phone 7. Horretarako, LG etxeko bi modelo ekarri ditugu.

Hau Optimus One da. Android sistemarekin funtzionatzen du, Google-ek mugikorretarako garatu duen sistema eragilearekin. Horrek esan nahi du zure Google kontua erabiliz, modu intuitiboan erabili ditzakezula posta elektronikoa, agenda, Google Maps -GPS nabigatzaile eta guzti-... Eta ahots bidezko bilaketak egitea ahalbidetzen duen bilatzailea ere badu. Android kode irekiko sistema bat izatearen abantaila bat da zure telefonora deskargatzeko 80.000 aplikazioren artean aukeratu dezakezula, doakoak edo ordainpekoak.

Beste hau, berriz, Optimus 7 da, eta Windows Phone 7 darama, Microsoftek mugikorretarako atera duen azken sistema eragilea. Modelo hau zertxobait profesionalagoa da, eta, besteak beste, Excel orriekin eta Power Pointekin lan egiteko aukera ematen du. Gainera, zure Xbox kontsolari eta Zune irakurgailuari konektatzen zaio, zure musika, bideoak eta bideojokoak edozein tokitatik erabili ahal izateko.

Sistema eragilea ez da bi modelo hauek desberdintzen dituen gauza bakarra. Optimus 7ren pantaila handiagoa da, eta bereizmen handiagoko kamera bat dauka, HDn grabatzen duena. Beste desberdintasun handi bat prezioa da: Android-a 280 euroan saltzen dute, eta Windows-a, berriz, 580 euroan. Sistema eragile bat edo beste aukeratzea, bakoitzaren gustu eta beharren araberakoa da, baina zalantzarik ez prezioa erabakigarria dela.

Mugikorretarako sistema eragileak

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali