Mastitisaren sortzaileak detektatzen; Lurretik Martera; Neurogliak neurona bilakatzen; Akupuntura minaren aurka

Mastitisaren sortzaileak detektatzen

Vacunek euskal enpresak behien errapeko mina -mastitisa- eragiten duten agente patogeno nagusiak aldi berean identifikatzeko kit berri bat aurkeztu du.

Kit hori bereziki erabilgarria da errapeko min kutsakorra eragiten duten hiru mikrorganismo nagusiak tangako esne-laginetan eta banakako esne-laginetan. Gainera, kitak sentikortasun handia duenez, gaixotasun hori hobeto kontrolatzeko aukera emango du.

Kita laborategiko edonork erabiltzeko dago diseinatuta. Oso metodo zuzena da, eta software baten bidez automatikoki aztertzen eta erakusten dira emaitzak.

Lurretik Martera

Mars 500 misioa martxan da. Lehen aldiz, giza-tripulazio batek Marteko bidaia simulatuko du, eta 520 egun pasako ditu espazio-ontzian, benetako misioan egongo balitz bezala.

Aste honetan abiatu da misioa, eta 6 kidez osatutako tripulazioa du: 2 europar, 3 errusiar eta txinatar bat.

Esperimentuak Marteko benetako misio baten egoerak biziaraziko dizkie kideei, eta 250 egunetik aurrera, talde erdiak esplorazio-lanetara jaitsi beharko du hilabetez . Horretarako, errusiarrek egindako jantzi bereziak erabili beharko dituzte.

Neurogliak neurona bilakatzea

Munich-eko Helmholtz Zentroaren zientzialariek burmuineko zenbait zelula bi motatako neurona bilakatu dituzte. Birprogramazio zelularrari esker, neurogliek sinapsia egin ahal izan zuten, neuronen antzera.

Aurkikuntza hau oso garrantzitsua izan liteke neuroendekapenezko gaitzen aurkako tratamenduen ikerkuntzan.

Akupuntura minaren aurka

Nature Neuroscience aldizkariak argitaratu duenez, New York-eko Rochester Unibertsitateko zientzialari-talde baten ikerketak erakusten du akupunturak mina gutxitzen duela, adenosinak askatzen laguntzen duelako. Adenosinak zelulei energia ematen dien molekularen deribatu bat dira, eta kolpe edo zauri baten ondoren, mina arintzen dute nerbio-pultsuak inhibituz. Hankean mina zuten saguekin egindako esperimentoan, ikusi zuten, akupunturaren orratzak erabiliz, adosina-maila nabarmen handitzen zela eta saguen mina baretu egiten zela.

Mastitisaren sortzaileak detektatzen; Lurretik Martera; Neurogliak neurona bilakatzen; Akupuntura minaren aurka

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali