Jocelyn Bell Burnell eta pulsarrak
2013/11/16 Elhuyar Iturria: Teknopolis
Pulsarra lehen aldiz detektatu zituen astronomoarekin izan gara, Jocelyn Bell Burnell irlandarrarekin. Lankideekin eskuz egin zuen irrati-teleskopio bat, eta harekin detektatu zituen pulsarraren seinaleak. Bere nagusiak jaso zuen Nobel saria lan horrengatik.
GUILLERMO ROA; Elhuyar: Jocelyn Bell-Burnell doktorea, kaixo
JOCELYN BELL BURNELL; pulsarren aurkitzailea: Kaixo.
GUILLERMO ROA; Elhuyar: Ongietorri Donostira.
JOCELYN BELL BURNELL; pulsarren aurkitzailea: Eskerrik asko!
GUILLERMO ROA; Elhuyar: Eskerrik asko gurekin izateagatik, eta eskerrik asko Teknopolis saiorako denbora gordetzeagatik. Hitz egin dezagun zure ikerketa ospetsuei buruz. Uste dut 1967an izan zela. Zu ez zinen ari quasarren bila, pulsarren bila baizik.
Espaziotik seinaleak etortzen dira, eta unibertsoa ulertzeko egin behar den gauza bakarra seinale haiek interpretatzea da. Bell-Burnell seinale baten bila ari zen, quasar batena, baina berri bat detektatu zuen, izar-mota batena, ezezaguna bat garai hartan. Pulsar bat zen, seinalea pultsu erregularretan igortzen duen neutroi-izar bat. Berez, etengabe igortzen ditu irrati uhinak, baina norabide bakarrean, eta biraka dagoenez, Lurretik, pultsuak ikusten ditugu, espazioan dagoen itsasargi baten argia bezala. Bell-Burnell lehena izan zen pulsar baten seinalea detektatzen.
GUILLERMO ROA; Elhuyar: Garai hartan, zein zen quasarrak bilatzearen arrazoia garai hartan?
JOCELYN BELL BURNELL; pulsarren aurkitzailea: Garai hartan ulertu berria genuen quasarrak oso urruti zeudela. Oso-oso urruti. Bagenekien irrati-uhinen iturri indartsuak zirela, eta sortu zen galdera izan zen nolatan ziren hain indartsuak. Argitasun izugarria izan behar zuten. Horregatik, oso interesgarriak iruditu zitzaizkigun, oso bitxiak. Puntako gai bat. Baina ez genituen quasar asko ezagutzen. Eta nire tesi-zuzendariak esan zidan, Antony Hewish-ek bazuela modu on bat gehiago aurkitzeko. Horretarako irrati-teleskopio bat eraiki behar genuen. Geure eskuz egin behar genuen. Eta hala hasi ginen. Teleskopio hura, guk erabiltzen genuen moduan, oso egokia suertatu zen gero pulsarrak bilatzeko. Baina, noski, une hartan ez genekien pulsarrak existitzen zirenik ere. Ezta arrastorik ere!
GUILLERMO ROA; Elhuyar: Irrati-teleskopioa Ingalaterran zegoen, eguraldi txarragatik ospetsua den herrialde batean. Euria, lainoa… Euskal Herrian bezala. Ez da toki aproposa astronomia optikoa egiteko. Baina ba al da irrati-astronomiarako?
JOCELYN BELL BURNELL; pulsarren aurkitzailea: Irrati-astronomia erabat ezberdina da. Egunean zehar, Eguzkiak ez du hainbesterako indarra zeruan. Irrati-begiak izango bagenitu, ez genuke hain Eguzki distiratsua ikusiko, eta atzean dituen izarrak eta galaxiak ikusi ahal izango genituzke. Beraz, irrati-astronomian, egunez nahiz gauez egin daiteke lan. Hodeiak ere ez dira horretarako arazo: irrati-uhinek hodeiak zeharkatzen dituzte. Beraz, gurea bezalako klima batean, Britainia Handian zein hemen, lan egin daiteke irrati-astronomian.
Arazoak interferentziak dira, telefono mugikorrenak, mikrouhin-labeenak eta abar. Tresna horiek guztiek sortzen dituzte irrati-uhinak. Eta irrati-teleskopioa sentikorra bada, harrapatu egiten ditu. Horregatik, behartuta gaude hirietatik eta jende asko dagoen tokietatik urruti egotera.
GUILLERMO ROA; Elhuyar: Seinale bat harrapatu zenuten. Oso erregularra zen. Eta zuen lehen hipotesia izan zen seinalea ez zela izar bat, baizik eta beste zerbait.
JOCELYN BELL BURNELL; pulsarren aurkitzailea: Lehen seinale hura oso bitxia zen, eta oso zaila egin zitzaigun sinestea. Halakoetan pentsatzen duzu ekipoak huts egin duela nolabait, edo interferentzia bat jaso duela. Baina ikusi genuen ez zela interferentzia bat, ezta ekipoaren akats bat ere. Behatokiko beste teleskopio batek ere jaso zuen seinalea. Eta, pixkanaka, tresna guztiak konprobatu genituen. Eta, pixkanaka, konturatu ginen edozer gauza zela ere, Esne Bidean zegoela; Eguzkia baino harago, planetak baino harago, baina Esne Bidean. Izar baten antza hartzen genion. Eta, gero, hiruzpalau aste geroago bigarren bat aurkitu nuen. Beste norabide batean. Eta, orduan hasi ginen pentsatzen izar-mota berri bat izan zitekeela, bigarrena aurkitu genuenean. Aste batzuk geroago, hirugarren bat eta laugarren bat aurkitu genituen. Izar berri bat zen, ez genekien nolakoa.
GUILLERMO ROA; Elhuyar: Seinale bakar bat harrapatu izan bazenuten, zer?
JOCELYN BELL BURNELL; pulsarren aurkitzailea: Oso zaila da jakitea zer egin ale bakarra duzunean. Nekez konbentzituko duzu inor horrekin. Jendeak esango dizu ekipoaren akats bat izan dela, kontuan hartu ez duzun zerbait. Horregatik, bigarrena aurkitzea izan zen onena. Hori izan zen eureka unea, bigarrena aurkitutakoan.
GUILLERMO ROA; Elhuyar: Seinaleari “gizontxo berdeak 1” izena jarri zenion, LGM1?
JOCELYN BELL BURNELL; pulsarren aurkitzailea: Bai, baina txantxetan izan zen. Izenaren “bat” horrek esaten dizu hori, LGM2, 3 eta 4 ere baditugulako. Eta ez daude lau gizontxo berde, Lur planeta ziztrin honetara seinaleak bidaltzen, maiztasun ero horrekin eta zentzurik ez duen teknika baten bitartez. Izena txantxa zen, baina damutu egiten naiz txantxa hori egin izanaz.
GUILLERMO ROA; Elhuyar: Baina badago bide luze bat gizontxo berdearen ideiatik neutroi-izarraren ideiaraino. Gainera, zuek ez zenituzten neutroi-izarrak ezagutzen.
JOCELYN BELL BURNELL; pulsarren aurkitzailea: Hori da. Teoriko ero batzuek bai, esana zuten horrelako izarrak egon zitezkeela, baina ezin zirela ikusi. Inork ez zien kasurik egin. Baina arrazoia zuten.
GUILLERMO ROA; Elhuyar: Zenbat denbora behar izan zenuten neutroi-izarrak zirela konturatzeko? Ez da begi-bistakoa.
JOCELYN BELL BURNELL; pulsarren aurkitzailea: Ez, sei hilabete beharizan genituen horretaz jabetzeko. Pulsarra aurkitu genuenean… Tira, pulsarra Karramarroaren Nebulosan aurkitu genuen. Eta zehaztasun handiarekin aztertu ahal izan genuen, pulsarra pixkanaka mantsotzen ikusi ahal izan genuelako. Eta pulsar bat mantsotzeak esan nahi du errotazioan dagoela. Bibratzen arituko balitz, denborarekin azkartu egingo litzateke. Baina hau mantsotzen ari zen, eta, beraz, biraka ari zen. Neutroi-izar bat izan behar zuen. Baina sei hilabete behar izan genituen ondorio horretara iristeko moduko datuak lortu arte.
GUILLERMO ROA; Elhuyar: Orduan, “pulsar” izena asmatu zenuten. Une historikoa da zure bizitzan eta zientziaren historian.
JOCELYN BELL BURNELL; pulsarren aurkitzailea: Kazetari batek asmatu zuen “pulsar” izena. Zientzia-kazetari batek. Lehen pulsarraren artikulua argitaratu genuenean, interes handia sortu zuen, eta elkarrizketa asko egin behar izan genituen. Elkarrizketatzaileetako bat Daily Telegraph egunkarikoa zen, Anthony Michaelis. Esan zigun: “Nola deitzen diozue gauza honi?” Guk ez genuen horretaz pentsatu ere egin. Dagoeneko bagenuen “quasar” izena, eta berak “pulsar” proposatu zuen. Irrati-pultsuak igortzen dituen izar bat: pulsar bat. Arbelean idatzi zuen itxura ikusteko. Eta ondo zegoen. Eta pulsar izenarekin geratu zen.
GUILLERMO ROA; Elhuyar: Azken galdera bat dut, zure karrerarekin eta sariekin zerikusia duen galdera bat. Antony Hewishek Nobel saria jaso zuen pulsarren lanarengatik, baina zuk ez. Istorio berdina ez den arren, paralelismo bat dago zure istorioaren eta Rosalind Franklin-en istorioaren artean.
DNAren egitura aurkitzeko ezinbestekoa izan zen Rosalind Franklin ikertzaile britainiarraren lana. X izpien teknikaz baliatuz, DNAren argazkiak lortu zituen, eta haietako batek James Watson eta Francis Crick ikerlariei DNAren egituraren pista eman zien. Egilearen baimenik gabe, hau da, Franklinen baimenik gabe Maurice Wilkins ikerlariak eskaini zien beste biei argazkia. Handik hamar urtera, DNAren egitura deskribatzeko lana aintzat hartuta, Watsonek, Crickek eta Wilkinsek Nobel saria jaso zuten. Minbiziak jota, Rosalind Franklin hiru urte lehenago hil zen, eta Stockholmen egin zen sari-banaketa ekitaldian, ez zen bere lanaren aipamenik egin. Are gehiago, urteak pasa behar izan ziren hiru zientzialariek publikoki Franklinen lana aipatzeari ekin ziezaioten.
JOCELYN BELL BURNELL; pulsarren aurkitzailea: Rosalind Franklin oso gazte hil zen. Bere lana Nobelarekin saritua izan zenean, hilda zegoen. Bizirik egon balitz, ez dakit saria emango zioten ala ez. Espekulatu besterik ezin dugu egin. Alde batetik, Nobel saria ez zaie emakume askori eman. Baina bestetik, nire belaunaldian ez ginen emakume ikertzaile asko. Espero dut etorkizunean askoz gehiago egongo direla.
GUILLERMO ROA; Elhuyar: Nire iritzia ez da garrantzitsua, baina iruditzen zait ez ziotela emango Rosalind Franklini Nobel saria. Ez dakit.
JOCELYN BELL BURNELL; pulsarren aurkitzailea: Posible da, bai. Ikusita gauzak nola zeuden, seguruenik arrazoia izango duzu
GUILLERMO ROA; Elhuyar: Ba, eskerrik asko emakume zoragarri batekin egoteko aukera emateagatik.
JOCELYN BELL BURNELL; pulsarren aurkitzailea: Eskerrik asko. Eskerrik asko eta eskerrik asko zure arretarengatik.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia