Hondt legea
Ba al dakizue nola kalkulatzen den legebiltzarreko eserlekuen banaketa hauteskundeen ondoren? Zein da alderdi politiko bati eserleku gehiago edo gutxiago ematen dizkion formula? Hauteskundeak gertu daudenez, ez zaigu gaizki etorriko Hondt legea ezagutzea.
Hondt legea, edo, hobeto esan, nola banatu tarta?
Tarta ederra daukagu mahai gainean. Eta hura jateko prest, lau pertsona, A, B, C, eta D. Laurek nahi dute osorik jan, eta izan posible da, baldin eta lau zatiak hartzeko eskubidea banan-banan eskuratzen badute.
Guk, 100 lagunek adibidez, botoa emanda erabakiko dugu nola banatuko den tarta.
Eman ditugu botoak. A-k 57 boto eskuratu ditu, B-k 23, C-k 18 eta D-k 2. Egina dago. Hasteko, boto guztien % 3 baino gutxiago lortu dutenak lehiatik kanpo utzi behar direla dio Hondt legeak. D-k bi boto besterik ez du; beraz, ez du tartarik jango!.
Gogoratu lau zatitan banatu behar dela tarta. Hortaz, Hondt legearen arabera, hautagai bakoitzak lortu duen botu-kopurua zati bat, zati bi, zati hiru, eta zati lau egin behar da. Tarta-zatiak kasu honetan, baina eserlekuak gehienetan.
Lau zatiak nola banatu geratzen diren hiru gosetien artean? Erraz, zatiketetan irteten diren lau zenbaki handienak aukeratuta. Zenbaki handiena 57 da, harentzat tarta-zati bat, eta bigarren zenbaki handiena ere A hautagaiarena da, 28,5, beraz baditu bi tarta-zati. Hirugarrena, 23 zenbakia da, B hautagaiarentzat. Eta azken zatia, berriro ere, A hautagaiarentzat.
Bukatu da banaketa, A-k hiru zati jango ditu, eta B-b bat. C eta D-k, boto batzuk izan arren, ez dute usaindu ere egingo. Zuzena den? Nondik begiratzen den, baina pastela horrela banatzen du D'Hondt-en legeak.
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian







