Gotorleku informatikoa

Eroski Taldearen saltokietako banaketa-informazioa, emate-agiriak eta fakturak ere Datuak Prozesatzeko Zentro batean kontrolatzen dira. Geminis du izena, eta benetako gotorleku informatikoa da. Datuen segurtasuna bermatzeko, balizko arrisku guztiak hartu behar dira kontuan.
2005ean, Eroskiko zentralean sute txiki bat gertatu zen, eta horrek saltoki-taldearentzat beharrezkoa den informazioaren segurtasuna ezbaian jarri zuen. Auzi horri behar bezalako irtenbidea emateko, Euskadiko datuak prozesatzeko zentrorik moderno eta handiena eraikitzea erabaki zuen Eroskik, eta duela hilabete batzuk jarri dute martxan. Geminis izena jarri diote.

GOTORLEKU INFORMATIKOA
Eroskiren hipermerkatu batean gaude. Asteko erosketak egiten ari da Mar. Erositako produktuak kutxako laser-irakurgailuak identifikatzen ditu. Hala, Marrek zenbat ordaindu behar duen kalkulatuko du ordenagailuak berehala. Era berean, sistema informatikoak biltegiari jakinaraziko dio zer produktu jarri behar diren berriz ere hipermerkatuko apaletan. Ehun eta berrogeita hamabi euro izan dira guztira. Travela pasa, eta diru elektronikoarekin ordaindu du Marrek. 

MANEX URRUZOLA; ELHUYAR FUNDAZIOA:
20 milioi salmenta baino gehiago egiten ditu hilabetean Eroski Taldeak. Horietatik erdiak, 10 milioitik gora, txartelarekin ordaintzen dira. Azkar eta modu seguruan prozesatu beharreko informazio pila da hori. Eta horretarako dute ahalmen handiko datu-zentroa Elorrion: Eroskiren garun informatikoa da.

Eroski Taldearen saltokietako banaketa-informazioa, emate-agiriak eta fakturak ere Datuak Prozesatzeko Zentro honetan kontrolatzen dira. Geminis benetako gotorleku informatikoa da: segurtasun-perimetroa, detektagailu infragorriak, telebistako zirkuitu itxia... Eraikina bera ere lur-maila baino 1,2 metro gorago eraikia dago, uholde-arriskuak saihesteko. Izan ere, datuen segurtasuna bermatzeko, balizko arrisku guztiak hartu behar dira kontuan, eta, horien aurrean, badaezpadako neurriak hartu. 

Sistema elektrikoa ere bikoiztua dute, eta sorgailu elektrikoak prest dituzte argi-indarrak huts eginez gero erabiltzeko.

PATXI EGURBIDE; EROSKI: Sistema elektrikoa jausiz gero, 20 milisegundotan arrankatzen dute eta potentzia guztia ematen dute. Ehun orduko kapazitatea dute sistema hauek. Kanpoaldean bi linea heltzen dira: bat Durangotik datorrena eta bestea Berriztik datorrena. Beraz, batekin edozein arazo izanez gero, bestearekin eman dezakegu gure ordenagailuek behar duten potentzia.

Geminisen elikatze-sistemari behar bezalako egonkortasuna emateko, ahalmen handiko bateria-multzoa du eraikinak. Armairu elektroniko handiak dira. Sua detektatzeko eta itzaltzeko, ur-langarraren bidezko sistema bat dute. Baina, horrez gain, armairuetan edozein kable-zati gardosten hasi orduko, hori detektatzeko ahalmena duen itzaltze-sare bat ere badu Geminisek.

Sistema osoaren zainketa kontrol-gela honetatik egiten da. Besteak beste, Eroski Taldearen ordainketa eta fakturak kontrolatzen dira hemendik, bai eta  Taldeko 3.000 saltokietako ordenagailuen egoera ere. Beharrak ez du etenik: urtean 365 egun eta egunean 24 ordu egiten da lan.

PATXI EGURBIDE; EROSKI: Zerbitzua 24 orduetan mantentzen dugu, Gabon egunean eta Urteberri egunean barne, on-line zerbitzua daukagulako, eta bertan arazoren bat egongo balitz ere jendeak egon behar du hemen. Hemen alarmak kudeatzen dira eta zerbitzua mantendu egin behar da, nahiz eta salmenta-puntuak itxita egon.

Haizagailuz betetako pasillo luze batek banatzen du ordenagailu-gela eraikinaren gainerakotik.

Malaga, Madril nahiz Bartzelona. Eroski Taldeak estatu osoan dituen supermerkatu, bidaia-agentzia eta perfumeria guztien datu-gordailua da hau. Baina datuak ez dira gorde bakarrik egiten: haien sartu-irtena etengabekoa da. 2.310 komunikazio-linea ditu Geminisek, eta 15.000 lanpostu informatikorekin koordinatzen da.

PATXI EGURBIDE; EROSKI: Geminis eta hipermerkatuen artean dauden lineak ere bikoiztuta daude, eta zentroetan ere bai. Beraz, bat jausiz gero, besteak emango luke zerbitzua inongo arazorik gabe. Biak jausiz gero ere zentro bakoitzean elementu informatikoak dauzkagu zerbitzua ez galtzeko. Ni hipermerkatu batera banoa, arazo informatiko bategatik ez naiz geratuko erosketarik egin gabe. 

Hotz egiten du gela honetan; izan ere, etsai handiak dira beroa eta elektronika. Horrexegatik dago martxan etengabe aire girotua, osagai elektroniko guztiak egoera onean egon daitezen eta ziztu bizian funtziona dezaten. Ordenagailuaren abiaduraren adibide bat jartzearren: Ceutako Eroski supermerkatu batean txartelarekin egindako ordainketaren seinalea hona iristen da; hemen baimendu egiten da eta informazioa bueltan Ceutara bidaltzen da: guztia 3 segundo baino gutxiagoan gertatzen da.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali