Gorrondatxe: historia agerian

Urte-hasieran, Getxon dagoen Gorrondatxeko hondartza komunikabide guztietan ikusteko aukera izan genuen. Izan ere, Zientzia Geologikoen Nazioarteko Batasunak izendapen berezia eman zien hango arrokei. Luteciense garai geologikoa ikertzeko munduko gune egokiena izendatu zuten.

Itsaslabarreko arroketan agerian dago orain dela 48 mila urteko informazioa. Han aurki daitezkeen fosilek Luteciense garai geologikoari buruzko informazio ugari ematen dute. Guk, mikro, makro eta nanofosil horietan irakur daitekeen historia kontatuko dizuegu.

Getxo. Gorrondatxe-Azkorri hondartza. Haitz hauetatik ia 48 milioi urteko historia dugu guri begira. Liburu bat izango balitz bezala, hondartza honetako harkaitzetan Lurraren historiaren kapitulu oso bat irakur daiteke, Lurraren sorreran eta bilakaeran izandako gertaera zenbatezinak.

Gorrondatxeko ezpondan dago “Urrezko iltzea”, Geologia Zientzietako Nazioarteko Batasunak emandako ikurra; Lutetiar estai geologikoaren munduko erreferente izendatu zuen erakunde horrek.

Izendapen horren arabera, munduan dagoen Lutetiar estai geologikoaren lekuko garrantzitsuena da Gorrondatxeko estratotipoa, hau da, Lutetiarreko historia geologikoa hobekien azaltzen duen estratotipoa da.

Lurrak 4600 milioi urte ditu. Haren bizitzaren historia arotan zatitzen da, aroak, alditan, eta aldiak, estaietan. Estratotipoak estaien arteko mugak dira, eta Lutetiarraren muga Gorrondatxen dago.

ESTIBALIZ APELLANIZ (UPV/EHU): Normalean, arroka horien kasuan, alor horiek guztiak kontuan izanik (alor estratigrafikoa, mikropaleontologikoa, paleomagnetikoa) aditu guztien arteko eztabaida bat dela medio, erabakitzen dute zein den mundu mailan erreferente moduan har daitekeen sekzio geologikoa.

Eredu hori orain arte beste leku batean egon da, horregatik hartzen du lutetiar izena, Paristik gertu izendatu zelako; baina XIX. mendearen amaieran izendatu zen, orduan erabiltzen ziren ikerketa-metodologiako tresnak erabiliz. Gaur egun hobeto ezagutzen dugu, eta guztiok gaude ados sekzio hau Parisen erabaki zena baino hobea dela, gehiago eskaintzen duelako azterketa geologikoak egiteko, eta, hain zuzen, adin horretako materialek (gutxi gorabehera 47-48 milioi urtekoak) gordetzen duten historia ezagutzeko; hau da lekurik onena, orain arte ezagutzen ditugunen artean. Horregatik izendatu da estratotipoa.

1977an hasi zituzten Gorrondatxeri buruzko ikerketa-lanak. Getxoko labarrak hiru milioi urte inguruko historia ikertzeko aukera ematen du. Geologoek makrofosilak, mikrofosilak eta mikroskopio bereziekin ikus daitezkeen nanofosilak aztertu zituzten. Emaitzen artean, bi fosil espezie berri aurkitu zituzten.

Gorrondatxe mikrofosiletan aberatsa da. Milioika aurki daitezke hango harkaitzetan, baita jardueren aztarnak ere.

AITOR PAYROS (UPV/EHU): Hemen ikusten diren marka hauek dira izaki bizidunek itsas hondoan ibiltzean uzten zituzten markak, zizareek lurrean uzten dituztenak bezalakoak.

Hemengo hauek, beste haiek, luzexka horiek…

Horrelako asko egoten dira. Ez dira fosilak; ez dira izaki bizidunen hondakinak, baizik eta haien jardueraren aztarnak.

Harkaitzen irakurketarekin jarraituz, denboran atzera egin daiteke, eta garai hartako ingurumena ezagutu.

AITOR PAYROS (UPV/EHU): Gorrondatxeko arroka hauetan atera ditugun ondorioen artean, bistakoena da arroka hauek eratu zirenean eskualde hau itsaspean zegoela, gutxi gorabehera 1000-1500 metro inguruko sakoneran. Sakonera horretan normalean baldintzak lasaiak izaten dira, ura ez da mugitzen; beraz, buztinezko sedimentuak metatzen ziren. Buztin horrekin nahasita azaltzen dira uraren gainazaletik erortzen ziren izakien hondakinak, orain fosil bihurtuta ikusten ditugunak. Fosil horiek aztertuz eta haien interpretazio paleo-ekologikoa eginez, jakin dezakegu gainera itsaso hori ur epelekoa zela oro har; era berean, badakigu, buztin horrekin tartekatuta azaltzen diren beste arroka batzuk begiratuz, noizbehinka itsas hondo horretara energia handiagoko korronteak iristen zirela, eta korronte horiek kontinentetik ekarritako sedimentuak ere metatzen zirela itsaso horretan.

Harkaitz hauek eratu zirenetik gaur egunera, eskualdeko geografia asko aldatu da, eta aldaketa hori nola gertatu zen ere bistan dauden arroketan irakur daiteke.

Duela 48 milioi urte, Iberiar penintsula Europatik gertu zegoen uharte baten antzekoa zen, eta bi lurren arteko talkak agerian utzi zuen bien arteko itsas hondoko lurra.

AITOR PAYROS (UPV/EHU): Gorrondatxen dauzkagun material hauek itsaspean metatu zirenean, itsaso hori zegoen iberiar uhartearen eta Europaren artean. Bi eremu lehor horien arteko itsas hondoa izango litzateke. Baina iberiar uhartea pixkanaka-pixkanaka iparralderantz mugitzen zihoan, Europarekin talka egin zuen arte. Eta talka horretan, bi eremu lehor horien arteko itsasoaren hondoan pilatutako material guztiak tolestu eta gora altxatu ziren. Eta altxamendu horren ondorioz, itsaspean metatutako materialak orain airepean ikusten ditugu. Itsaspean 1000-1500 metroko sakoneran egotetik altxatu ziren 1000 bat metro gorantz, gaur egun itsas mailatik gora ikusgai egoteraino.

Gorrondatxe hondartzako itsaslabarraren balio geologikoari esker, orain arte Paris ingurukoak zuen postua eskuratu du mundu mailan.

 

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali