Galaxia gazteen hedapena; Software kapsulatuari buruzko biltzarra; Bioingeniaritzarako zentro berria; ON ZIENTZIA bideo-lehiaketa
Sistema kapsulatuen softwarearen, alegia, behin instalatu ondoren sarbiderik ez duten sistemen softwarearen kalitate eta probei buruzko QA & TEST nazioarteko biltzarraren 9. edizioa izango da urriaren 27tik 29ra Bilboko Euskalduna Jauregian.
BEGOÑA LAIBARRA, SQS: Telebistak, telefonoak, autoak, hegazkinak, garbigailuak... software kapsulatua leku guztietan dago.
Software kapsulatuaren kalitatea probatzearen eta balioztatzearen garrantziari buruz eztabaidatuko dute nazioarteko 200 aditu inguruk. Profesionalak trebatzeko beharraz ere jardungo dute jardunaldi hauetan.
Ceit-IK4k, Nafarroako Unibertsitatearekin batera, gaixotasunen tratamendu eta diagnosian hobekuntzak lortzeko bioingeniaritzako zentro berri bat jarriko du martxan. Zentroa 2011n irekiko dute, eta Donostian eta Iruñean izango ditu laborategiak. Bost ikerketa-lerro nagusi bost izango dituzte: terapia zelularrerako ehun-ingeniaritza, inplante adimendunak, biorrobotika, irudia eta bioinformatika.
50 bideo aurkeztu dira ON ZIENTZIAra, Elhuyar Fundazioak eta Donostia International Physics Center-ek antolatu duten zientziaren eta teknologiaren dibulgaziorako bideoen lehiaketara. Bideo irabazleak ezagutzeko, azaroaren 9an egingo den sari-banaketaren ekitaldira arte itxaron beharko da, baina bideo hautagaiak dagoeneko ikusi, bozkatu eta komentatu daitezke lehiaketaren webgunean: www.onzientzia.tv
Galaxia gazteen hedapena; Software kapsulatuari buruzko biltzarra; Bioingeniaritzarako zentro berria; ON ZIENTZIA bideo-lehiaketa
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian



