Fluidoen mekanikaren erronkak; Ardoaren nortasuna, zehaztuta; Litioa, planetak bilatzeko aztarna
Fluidoen mekanikaren erronkak
Fluidoen mekanika konputazionalak industrian -eta, bereziki, aeronautikan- dituen erronkak aztertzeko mintegia antolatu du BCAM Matematika Aplikatuko Euskal Zentroak. Nazioarteko esperientzietatik ikastea izango da helburua, ondoren etorkizuneko ikerketa-azpiegiturak identifikatu eta eraikitzeko asmoarekin.
ENRIKE ZUAZUA; BCAM: Fluidodinamika, adibidez, askotan erabiltzen da gaur egun mendi-tontorretan ikusten ditugun haize-errota energia-sortzaile horiek diseinatzeko eta haien formak nolakoa izan behar duen kalkulatzeko. Edo, gaur egun, hegazkin berrietan, gero eta seguruagoak, handiagoak eta arinagoak izan daitezen, baina baita ekologikoagoak izan daitezen ere. Mintegia ostiralean egingo da BCAMen eraikinean, Zamudioko Parke Teknologikoan.
Ardoaren nortasuna, zehaztuta
Arabako Errioxako ardo beltzaren nortasuna zehaztu du Iñaki Etaio Farmazia Fakultateko ikertzaileak bere doktore-tesian: itxuraz tonu morekoa eta kolore bizikoa, erdi-mailako garraztasunekoa, lehortasuna, oreka eta mikaztasun pixka bat dituena. Ikerketa horren bitartez, ardo-mota honen deskribapen sentsoriala egin du, baita hemendik aurrera hori aztertzeko jarraitu beharreko pausoak zehaztu ere.
Litioa, planetak bilatzeko aztarna
Eguzkiaren neurriko izarrek planetak dituzten ala ez jakiteko bide azkarrago bat proposatu dute Kanarietako Astrofisika Institutuan: izarren atmosferako litio-kantitateari begiratzea. Hain zuzen, ikusi dute planetak dituzten izarrek planetarik ez dutenek baino askoz litio gutxiago dutela atmosferan. Eguzkian ikusi zuten lehen aldiz ezaugarri hori: konturatu ziren bere neurriko izarrek baino 140 aldiz litio gutxiago zuela.
Fluidoen mekanikaren erronkak; Ardoaren nortasuna, zehaztuta; Litioa, planetak bilatzeko aztarna
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian



