Ezpondak gogortzen
Iñigo Cadarso, BIDEGI
"Hemen, ikusten duzue, altuera handi samarrean gaude, 63 metrora. Duela 7 hilabete luizi bat egon zen; zati hau guztia erori zen , eskerrak pantaila hau genuen, eta areka. Zortea izan genuen, eta harriak ez ziren errepidera iritsi. Baina orduan esan genuen: hemen zer egin behar dugu honi guztiari ondo eusteko?".
Lanak aurreratuta daude. Dagoeneko gunita bota dute pendizeko gunerik ezegonkorrenetan. Hormigoi proiektatua da gunita, eta altzairuzko sareen gainean botatzen dute. Mendiari eusteko harkaitzean barrena gero sartuko dituzten buloi edo torlojuek indar handiagoa izan dezaten eta eremu zabalagoan eragiten laguntzen du. Fase horretara iritsi aurretik, ordea, ezinbestekoa da finkatu beharreko ezponda ongi eta sakon ezagutzea. Lehen urratsa, hortaz, mendiaren kartografia edo mapa moduko bat egitea izaten da.
Juan Antonio Pérez, EUROESTUDIOS
"Haustura gertatzen denean, lehenbiziko lana da planoen geometria eta jarraitutasuna aztertzea. Geruza hau, adibidez, plano bat da. Geruzak multzoka antolatzen da ezponda, elkarren artean etenak dituzten blokeetan. Hasteko, egitura-datuak jaso behar dira: planoen orientazioa, malda, okertasuna. Horrela definitzen da plano bat" .
Hau ulertzeko, imajinatu folio-sorta bat. Inklinatzen baditugu, helduko da momentu bat non elkarren gainera irristatuko diren... eta erori. Zumaian, 2005ean, antzeko zerbait gertatu zen, baina ez da hain sinplea. Mendiaren egitura dago beti horrelako gertakari baten atzean, hala nola pisua, geruzen jarraitutasuna, tarteak, azala leuna ala zimurtsua duten, lokatzezko betegarriak dituzten. Datu hauek guztiak biltzen dira ezponda aztertzerakoan. Baina beste faktore askok ere, euriteek eta tenperatura aldaketek, adibidez, badute zerikusia.
Nolanahi ere, ezpondaren egituraren analisiak erortzeko arriskua duten bloke edo multzoak identifikatzen ditu. Multzo edo bloke bakoitzaren arriskua segurtasun-faktoreak neurtzen du.
Juan Antonio Pérez, EUROESTUDIOS
"ezegonkortasunaren tipologia ezagututa -hau da, bloke bakoitza eta bere marruskadura-angelua-, beste indar bat sartzen dugu, ainguraketa-indarra. Indar guztien baturak segurtasun-faktore bat ematen du. Guk 1,5ekoa lortu nahi dugu."
Hortaz, kalkulu horiek guztiek esaten dute non sartu behar dituzten buloi edo torlojuak, zenbateko luzera izan behar duten eta zenbateko indarrarekin eutsi behar dioten mendi-zati horri. Luzera, blokearen neurriak, marruskadura-planoa ze sakoneratan dagoen, non egin dezakeen irrist, horrek azalduko digu.. Torlojuak euste-funtzioa bete dezan plano horren atzetik egon behar du buruak finkatuta.
Carlos Palomares, SLECE
"Hau ainguraketa-buloi bat da. Ainguraketa-modu asko dago, ezponda barruan sartzea da kontua, azkenean. Hauek propio toki honetarako pentsatuak dira, 40 tonako indarra egiteko. Hortik gora, kablera pasa behar duzu, baina hemen nahikoa da. Hauek 18 metro dituzte. Lanaren arabera 40-50 metrora irits daiteke kablea... baina luzera handitxoak dira hauek".
Buloiak korrosiotik babestuta daude: barrutik koipez, eta, gainetik, PVCzko estalki batekin. Hodi honetatik hormigoia sartuko da, puntaraino.
296 buloi dira guztira ipiniko direnak, 6 eta 18 metro bitarteko luzerakoak. Bakoitza bere lekuan sartzea ez da lan makala. Sartzen ari diren honek 12 metro eta ia 300 kiloko pisua du. Handienak, esan bezala, 18 metroko luzera dute, eta 400 kiloren bueltan dabiltza.
Iñigo Cadarso, BIDEGI
"Azkenean tako bat sartzea bezala da: zuk zuloa egiten duzu, azkeneko partean tapoi moduko bat daukazu, eta hor morteroa sartzen da beheko parteraino. Horrek indarra hartzen duenean, tira egiten zaio. 18 metrotik azken 3, 4 metroak izaten dira bulboa, morteroarekin egina, eta hortik egiten da tira."
Ondoren, tira egin, eta lotu egin behar da. Hasierako kalkuluek adierazten dute zenbaterainoko indarrarekin. Azalean, hormigoizko oinarriak eta azkoinak eutsiko diote buloiak egiten duen indarrari.
Lana ez da hor amaituko. Sasiz estalita dagoen hau sare dinamiko bat da. Suitzatik dator teknologia hau. Ez da harritzekoa. Euskal Herrian bezala, edo are gehiago, malkarra da nagusi han.
Horrelako batek duela 7 hilabeteko luiziari egin zion aurre, eta, lana amaitzeko, berria jarri beharko dute haren lekuan. Bukatzeko, eremu guztia pantaila moduan zabaldutako sare mehe batez estaliko dute. Buloiak, sarea, pantaila, horiekin guztiekin nahikoa beharko luke.
Iñigo Cadarso, BIDEGI
"Zero arriskura heltzea ezinezkoa da. Segurtasun-faktore bat duzu, eta badaezpada goitik jotzen duzu beti, baina arriskua hor dago, euria, tenperatura-aldaketak... beti saiatzen gara arriskurik gutxien egon dadin"
Izan ere, inoiz ez da jakiten goitik zer etor daitekeen.
Ezpondak gogortzen
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian