Eyharts astronauta lapurtarra berriz ere Nazioarteko Espazio Estaziora

Abenduan, Columbus moduluak Nazioarteko Espazio Estaziora egingo du bidaia eta, beste hainbat gauzaren artean, Tribolab izeneko laborategi txikia eramango du, Gipuzkoako Inasmet Zentro Teknologikoak sortu duen laborategia. Hala ere, ez da hori izango gure ekarpen bakarra espazioko proiektu horretan: Leopold Eyharts ere, astronauta euskaldun bakarra, espaziora joango da. haren ardura izango da Columbus modulua espazio-estaziora eramatea.
Imajina ezazu geure buruen gainean 400 kilometrora kokatutako laborategi bat. Puntako teknologia izango du, eta era askotara erabiliko da, helburu bakarrari begira: gizartearentzat onura zientifiko eta teknikoak eskuratzea. Ametsa dirudien arren, laster errealitate bihurtuko den proiektua da: Columbus laborategia.


Columbus modulua Nazioarteko Espazio Estaziora konektatuko dute. Zeregin hori Europako Espazio Agentziaren bi astronautari egokitu zaie: Hans Schlegel alemaniarrari eta Léopold Eyharts lapurtarrari. Abenduan, espazio-transbordadoreak ISSra eramango ditu biak, Estatu Batuetako beste bost astronautarekin batera.

Léopold Eyharts
Misioaren lehen une funtsezkoa moduluaren jaurtiketa bera da, eta gero transbordadorearen eta ISSren bat egite egokia egitea. Gero, Columbus modulua ISSra eraman beharko dugu. Nire egitekoa da hasiera honetan moduluaren eta estazioaren arteko konexioak behar bezala egitea.

Eyharts izango da lehen astronauta Columbus laborategiko sistemak orbitan probatu eta erabiliko dituena, eta baita hara eramango dituzten zientzia-saiakuntzak abiatuko dituen lehen europarra. Misioak bi hilabete iraungo du, eta lapurtarrak mekanikari-lanak ere egingo ditu, eta robotikari dagokion guztia ere bere esku geratuko da. Lehendik duen esperientziak lagunduko diola espero du.


Léopold Eyharts
Sistema muntatzeko eta hara eramango ditugun saiakera zientifikoak egiteko entrenamendu-denbora asko behar dira, bidaia-ordu asko, eta benetan lanean jartzen garenean oroimena astintzera behartuko gaituzten prozedura asko egin beharko ditugu.


Han Schlegel astronauta alemaniarrak antzerako trebakuntza jaso du. Berak izango du Columbus modulua ISSra finkatzeko ardura. Horretarako, espazioan bi ibilaldi egin beharko ditu, laborategia prest utzi eta lanean has dadin.

Columbus modulua da Europak Nazioarteko Espazio Estazioari egin dion ekarpen nagusia. Tresna zientifikoak lanean bete-betean hasten direnean, Lurreko estazioen eta astronauten elkarlanaren bidez, biologiaren, materialen eta fisikaren arloan ikerketa ugari egin ahal izango dira. Jakina, guztiak ere grabitaterik gabeko baldintzetan.


Léopold Eyharts
Columbus da Europak ISSn duen partaidetzaren elementu nagusietakoa. Espero dugu hamar urtez lanean jarduteko moduan egotea, eta, denbora horretan, etorkizun hobea izaten lagunduko duten esperimentuak egin ahal izango dira.

Columbus modulua irekitzeaz gainera, "Jules Verne" ibilgailu automatiko berriak ISSra egingo duen lehen hegaldiaren lekuko izango da Eyharts. Ariane 5 jaurtigailuak aireratu du ibilgailua Columbus laborategia baino aste batzuk geroago. Nazioarteko Espazio Estazioaren hornitze-lanak egiteko erabiliko da, batez ere. Astronauta batentzat zaila da irudikatzea misio kilikagarriagorik...

Léopold Eyharts
Duela 9 urte Houston-era iritsi nintzenean hegan egitea espero nuen, baina benetan ez nekien lortuko nuen ala ez. Ba bai, eta hau sekulako aukera da niretzat eta nirekin batera aste batzuetan modulua ekarri eta mantentzeaz arduratuko den Hans Schlegel lagunarentzat.

Columbus modulua eta Jules Verne ibilgailuak iritsita, ISSn Europaren zientzia-ikerketen aroa ireki da. Horien bidez espero da etorkizunean Ilargira zein Martera egingo diren esplorazio-misioak prestatzeko aldi oparo bat hastea.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Kimika gaur

Kimika

2025-10-25

Sendatzen duen kimika

Kimika

2025-10-25

Garbiketa jasangarria

Kimika

2025-10-25